Brouard eta Muguruza

Ane Muguruza: «Umiliatuta sentitzeko arrazoiak baditugu»

Urtero bezala, omenaldia egin diete Santi Brouard eta Josu Muguruzari, haien hilketen urteurrenean.

Ametzolan egindako ekitaldia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 20a
09:58
Entzun

35 urte bete dira Santi Brouard ezker abertzaleko buruzagia bere kontsultan hil zutenetik, Bilbon, eta 30 Josu Muguruza Herri Batasunaren parlamentaria Madrilen tirokatu zutenetik. Omenaldia egin diete, lehenbizi Bilboko Ametzola parkean Brouarden gomutaz ezarritako oroitarriaren aurrean, eta geroago Errekalden, Muguruzaren auzoan.

Josu Muguruzaren alaba eta Egiari Zor fundazioko kide Ane Muguruzak hitz egin du Errekaldeko ekitaldian. Esan du «biktimen umiliazioaz» hainbeste hitz egiten den honetan estatuaren indarkeria pairatu duten biktimek ere «umiliatuta sentitzeko nahikoa arrazoi» badituztela. Francoren gorpua ateratzeko ekitaldiaren inguruan egindako «gorazarrea», estatuaren indarkeriarekin zerikusia izan dutenen «inpunitatea» eta kondekorazioak, eta haiek ordainsariak jaso izana aipatu ditu.

«Umiliagarria da Euskal Herriko erakunde nagusietariko batzuek etengabe ukatzea autokritika eskaerak egitea gure gizartea jo zuten hainbat eta hainbat biolentziaren eragileri eta ardurak izan zituztenei», esan du.

Muguruzaren aburuz, «autokritika eskaera» ez da oinarritzen «bakeari eta giza eskubideen defentsa irmoari lotutako konbikzio moraletan, interes politiko zehatzetan» baizik. «Gure mina eragin zuen biolentziari ez zaio eskakizunik egiten; ez da interpelatzen», salatu du, eta erantsi du ez dutela onartuko «inor saiatzea inposatzen gertatutakoaren inguruko kontakizunik», ezta «moraltasunaren inguruko lezioak ematen saiatzerik» ere.

Edonola ere, Muguruzak berretsi du estatuaren indarkeriaren biktimek «elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan» duten konpromisoa, eta «irtenbide politikoak» eskatu ditu «arrazoi politikoengatik» sortutako gatazkarentzat.

Ezker abertzaleko buruzagi, hautetsi eta kide ezagun ugari egon dira omenaldietan. Han izan dira Maddalen Iriarte, Jone Goirizelaia, Tasio Erkizia, Harkaitz Rodriguez, Rafa Diez eta beste zenbait. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Saletik, Aintzane Ezenarro eta Monika Hernando egon dira ekitaldian. Manu Cabacas ere, Ertzaintzaren pilotakada batez hildako Iñigo Cabacas gaztearen aita, Ametzolan egon da Brouard eta Muguruzaren senideak agurtzeko.

Iluntzean, Sortuk ere gogora ekarri ditu Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketak, Bilboko kaleak zeharkatu dituen manifestazio batekin. Oker zebiltzan, oker dabiltza, geldiezinak gara! goiburu hartuta, ehunka lagunek hartu dute parte. Arriaga plazatik abiatu da manifestazioa, eta Brouard hil zuten lekuaren aurrean bukatu da, mediku kontsulta zeukan kalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.