Polizia operazioa

Angel Alkalde atxilotu dute, aste honetako sarekadarekin lotuta

Gaur eguerdian Angel Alkalde, Espainiako Kongresuan HBko diputatu izana, atxilotu dute Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren inguruan. Aste honetako sarekadan atxilotuetako batekin harremana duelako zegoen Alkalde han, eta, hain justu, Espainiako albiste agentzien arabera, operazio horrekin lotuta atxilotu dute Alkalde bera. Atzo gauean, Guardia Zibilak beste bi lagun atxilotu zituen: Javier Perez 31 urteko iruindarra Basaurin (Bizkaia) eta 25 urteko Ieltxu Lopez de Aberasturi gasteizarra Campellon (Alacant, Herrialde Katalanak). Sarekada horretan atxilotutako sei lagunek gaur deklaratu dute, eta guztiak espetxeratzeko eskatu du fiskalak. Bik tratu txarrak salatu dituzte.

2005eko otsailaren 12a
19:30
Entzun
Auzitegi Nazionaleko eskaileretan atxilotu dute Angel Alkalde, abokatuarekin zegoela. Izan ere, aste honetako operazioan atxilotuetako batekin harremana zuelako zegoen Alkalde Auzitegi Nazionalaren atarian. 'Efe' albiste agentziak agertu duenez, Informaziorako Komisaria Nagusiko poliziek atxilotu dute, eta Garzonek agindutako sarekadarekin lotu dute.

Gaurko beste bi atxiloketei dagokienez, Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Javier Perez atzo gaueko 21:45etan atxilotu zuten, Basaurin. Iturri horien arabera, nortasun agiri faltsua zeraman, eta, ondorioz, hatzmarken bidez identifikatu behar izan dute. Perezek 31 urte ditu eta Iruñean jaioa da. Poliziaren arabera, ETAko kide 'liberatua' izan daiteke.

Ieltxu Lopez de Aberasturi, berriz, gaueko 23:50etan atzeman zuten, Campellon (Alacant, Herrialde Katalanak). Aipatutako iturrien arabera, ETAri atzemandako agirietan agertzen da gazte horren izena, eta informazio lanak egitea egozten diote.

Atxiloketa biak asteazkenean Garzonek aginduz abiatutako sarekadarekin lotu dituzte.

Dagoeneko, hiru aske dira

Horrenbestez, 18 dira polizia operazio horretan atxilotuak. Atzo, zortzik deklaratu zuten epailearen aurrean. Haietatik hiru, Koldo Rosado (Iruñea), Estibalitz Goitia (Lekeitio) eta Mario Corral (Luiaondo) aske geratu dira, fiskalak hala eskatuta. Beste bostak espetxeratzeko eskatu du, berriz, fiskalak. Honakoak: Itsaso Guemes (Iruñean atxilotutako donostiarra), Arkaitz Ormaetxe (Zamudio), Eneko Perez (Iruñea), Asier Burgaleta (Valentzian atxilotu baina Bartzelonan bizi den donostiarra) eta Alaitz Artetxe (Lezama). Epaileak ez du oraindik erabakirik hartu.

Espetxe eskaera gaur deklaratu duten seientzat; bik tratu txarrak salatu dituzte

Beste seik gaur deklaratu dute; hain zuzen ere, Anitz Eskisabel (Lazkao), Anuntzi Alonso (Santurtzi), Pagoa Zulueta (Leioa), Xabier Flores (Altsasu), Mikeldi Diez (Altsasu) eta Ixone Fernandezek (Cadizen atxilotutako santurtziarra).Seiak espetxeratzeko eskatu du fiskalak, baina oraindik ez dago epailearen erabakirik.

Sei horietatik bik, Xabier Floresek eta Mikeldi Diezek, tratu txarrak salatu dituzte. Xabier Floresek esan du inkomunikazio aldian tratu txarrak jaso dituela, eta akusazio guztiak ukatu ditu. Diezek, berriz, tratu txarrak, mehatxuak eta presioak salatu ditu. Anitz Eskisabelek, berriz, ez dagoela deklarazioa egiteko moduan esan dio epaileari (inkomunikazio aldiko hirugarren eguna izanik, berak laugarrena aipatu du), baina epaileak forentseak aztertu duen galdetu eta baiezko erantzuna jaso ondoren aurrera jarraitu du.

Atzo Azpeitian atxilotutako Unai Lizasok, ostera, Guardia Zibilaren esku jarraitzen du, inkomunikatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.