Murillo eta Garzon, Garzon eta Murillo; bata zein bestea, berdin. Espainiako Auzitegi Nazionalean egon zen garai luze bat non Angela Murillo eta Baltasar Garzon epaileak eskutik aritu ziren. Garzonek egiten zituen instrukzioak, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren hipotesietatik abiatuta, eta Murillok sinatzen zituen epaiak. Bestela esanda, Guardia Zibilak edo Poliziak jartzen zuen pilota, Garzonek egiten zuen erdiraketa eta Murillok sartzen zuen gola. Hala sortu zuten Dena da ETA doktrina, juristek etsaiaren zigor zuzenbidea deitzen dioten horren kasu paradigmatikoenetako bat nazioartean. Atzo hil zen Murillo, 74 urte zituela.
Garzonek, baina, eraman zituen domina guztiak, nahiz eta Murilloren egitekoa harena bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa izan zen. Murillorenak dira garai hura hasi eta bukaeraraino doktrina hura zedarritu zuten epaietako batzuk: besteak beste, 18/98 auzikoa, Jarrai-Haika-Segikoa, 13/13 euskal presoen abokatuen aurkakoa eta Bateragunekoa. Eta beste batzuetatik oso gertu egon zen: Euskaldunon Egunkaria-ren kontrakoan, esaterako —azkenean epaimahaitik kanpo geratu zen, defentsa abokatuek jarritako errekusazioa dela eta—.
Murillok 2024ko irailean hartu zuen erretiroa. Espainiako berri agentziek zabaldutako oharretan, nabarmendu dute «ETAren eta haren inguruan aurka gogorren egin zuten epaileetako» bat izan zela, eta epaiketetan agertzen zuen «naturaltasuna» gogoratu dute, nahiz eta bat-batekotasun horrek zenbaitetan «eskutik ihes» egin.
Epaile eta parte
Baina bestela ere definitu izan da Murillo epailearen jarduna: «Inpartzialtasunik eza». Hain justu hitz horiek erabili zituen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an, Bateragunekoen auzian zigortutakoek ez zutela epaiketa justurik izan ebatzi zuenean.
Auzi horretan Arnaldo Otegi epaitu zuen, Jose Mari Sagardui Gatza-ri —orduan urte gehien kartzelan zeraman euskal presoari— egindako omenaldi batean parte hartzegatik, eta saio batean terrorismoa gaitzesten ote zuen galdetu zion. Ezker abertzaleko buruzagiak ez zion zuzenean erantzun, hitza moztu zion magistratuak, eta honako hau esan zion. «Banekien ba nik ez zenuela erantzungo».
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an ebatzi zuen 'Bateragune auziko' epaiketa ez zela justua izan, Murillo ez zelako «inpartziala» izan
Halako beste pasarte gehiago egon ziren epaiketa horretan. Adibidez, Jone Goirizelaia abokatuak epaileari baimena eskatu zionean Otegik ura edan zezan, gose greban baitzegoen. «Niregatik, ardoa edango balu bezala», erantzun zuen. Hitz eta irudi horiek oihartzun mediatiko izugarria izan zuten Espainiako komunikabideetan, epailearen jarrera txalotuz.
Estrasburgok, ordea, oso bestelako interpretazioa egin zuen. Bateraguneko auzipetuek Murillorekiko zituzten errezeloak objektiboki justifikatuta zeudela ebatzi zuen. Haien ustetan, aurreko auzi horrek agerian uzten zituen epailearen aurreiritziak. Gainera, Espainiako Auzitegi Gorenak berak ere aurretik inpartzialtasunik eza leporatu zion epaileari; hain justu, Sagarduiren omenaldiko epaiketa errepikatzea agindu zionean.
Epaiketa horretakoa da honako beste anekdota hau: auzi saioaren une batean Nelson Mandelaren izena aipatu zen, eta Murillok eta haren epaimahaikideek adierazi zuten Hegoafrikako buruzagiak ez zuela inoiz indarkeriarik erabili apartheidaren aurkako borrokan. Hori, baina, ez da egia; hala gogoratu zion Otegik berak epaileari, eta Mandelaren bizitzari buruz John Carlinek idatzitako liburua ere oparitu zion, eskaintza eta guzti.
31 urteko ibilbidea
Baina badira Murilloren purrustada gehiago. 18/98 auzian hark esan eta hartu zituen zenbait erabaki auzi saio batean epaile batek inoiz egin behar ez duenaren adibide dira: bi urte luze iraun zuen epaiketan, saio guztietara joatera behartu zituen 56 auzipetuak, abokatuei trabak jarri zizkien aurretiazko diligentziak aztertzeko, irregulartasun ugari egon ziren polizien eta perituen txostenetan eta deklarazioetan...
Gazte mugimenduaren aurkako epaiketetan ere jarrera oldarkorra agertu zuen Murillok, bereziki auzipetuek deklaratu nahi ez zutenean edo planto egiten zutenean. Eta epaitegian tortura salaketak entzuten zirenean, berehala eteten zituen hitzaldi horiek. «Tira, tira, tira! Arratsalde on!» esan zion Ion Kepa Preciadori, hura atxilotua egon zen egunetan jasandako tratua azaltzen hasi zenean.
Halako gertakariekin osatutako zerrenda amaigabea du Murillok. 31 urte egin zituen Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta haren mahaiaren gainean euskal gatazkarekin loturiko auziez gain beste hainbat ere egon ziren: narkotrafikoari buruzkoak (Necora auzia), jihadismoarekin loturikoak eta ustelkeria politiko eta ekonomikoarekin zerikusia zutenak (Black txartelak, Bankia, Villarejo auzia...). Murillo izan zen Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko sekzio baten buru izan zen lehen emakumea, 2008an.