Animalien kontrako tratu txarrik gabeko jaiak eskatu dituzte Algortako Portu Zaharrean

Sokamuturra Ez elkarteak kontzentrazioa egin du goizean, sokamuturra eta animalien sufrimendua eragiten duten ikuskizunak behin betiko desagerrarazteko eskatzeko. Adierazi dute sokamuturra ezin dela tradiziotzat hartu, «sufrimenduzko ohituratzat baizik».

Sokamuturra Ez elkartearen protesta gaur, Algortako Portu Zaharrean. SOKAMUTURRA EZ
Sokamuturra Ez elkartearen protesta gaur, Algortako Portu Zaharrean. SOKAMUTURRA EZ
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko abuztuaren 11
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean eman zieten hasiera Algortako (Getxo, Bizkaia) Portu Zaharreko jaiei, eta bihar arte iraungo dute. Egunotan, hainbat ekintzatan parte hartzen ari dira bertako kuadrillak. Gaur goizean sokamuturraren txanda izan da. Ordu erdi lehenago, protesta baketsua antolatu du Getxoko Sokamuturra Ez elkarteak. Jaietan sokamuturra eta animalien sufrimendua eragiten duten ikuskizun guztiak behin betiko desagerrarazteko exijitu dute, eta «jai inklusiboak, jasangarriak eta animalien kontrako tratu txarrik gabekoak» eskatu dizkiote udalari.

Animaliei tratu txarrik ez lelopean elkartu dira herritarrak portuan, eta Beganismoa justizia da zioen beste pankarta bat ere zabaldu dute. Bestelako lelo batzuk ere erakutsi dituzte pankartetan: Sokamuturra ez da tradizioa, tortura baizik eta Jaia bai, sufrimendua ez. «Sokamuturra animaliei tratu txarrak emateko modu bat da, eta Getxok ezin du tratu hori onartzen jarraitu», adierazi du Nerea Landa elkarteko bozeramaileak. Elkarteak ohartarazi duenez, bigantxek bide luzea egiten dute Getxora iritsi arte, eta bidean «beroa, estresa eta isolamendua» jasaten dute, «kuadrillek xaxatu aurretik». Horiek horrela, argi utzi dute sokamuturra ezin dela tradiziotzat hartu, «sufrimenduzko ohituratzat baizik».

«Sokamuturra animaliei tratu txarrak emateko modu bat da, eta Getxok ezin du tratu hori onartzen jarraitu»

NEREA LANDA Sokamuturra Ez elkarteko bozeramailea

Sokamuturra Ez taldearen arabera, ikuskizunak «eztabaida» piztu du kuadrillen, elkarteen eta getxotarren artean. Izan ere, esan dute manifestazioa «aukera ederra» dela herritarrek uler dezaten bigantxek «asko» sufritzen dutela: «Oso animalia gazteak dira, beldurra eta estresa pairatzen dituzte. Nekatu egiten dira, orientazioa galtzen dute, oso gaizki pasatzen dute». Ildo beretik, Roberto Fano albaitariak eta elkarteko kideak azpimarratu du animaliak diren bezala tratatzen hasi beharra dagoela: «Sentitu egiten duten izaki bizidun gisa, ez entretenimendu gisa».

Ekintza publikoak egiten, sinadurak biltzen eta erakundeei proposamenak egiten segituko dutela adierazi dute plataformako kideek, herriko jaien eredua alda dadin eta Getxo ere izan dadin animaliak erabiltzeari uko egiten dion herri ugarietako bat. Jakinarazi dutenez, gaurko manifestaziorako hamazazpi elkarteren babesa lortu dute, eta 10.000 lagunek sinatu dute sokamuturra desagerrarazteko sortutako eskaera.

Argazki lehiaketa

Protesta ez ezik, argazki lehiaketa bat ere martxan jarri du plataformak. Animalien kontrako tratu txarrak salatzea dute helburu, eta «sufrimendua animalien euren ikuspegitik agerian jartzea». Gai nagusia, hain justu, Portu Zaharreko jaietan bigantxek jasaten duten sufrimendua izango da. Bereziki aintzat hartuko dituzte animalia horiek bidean zein sokamuturrean bertan jasaten duten «beldurra, estresa, mina edo etsipena modu etikoan, errespetuzkoan eta zirraragarrian» transmititzea lortuko duten argazkiak.

Lehiaketaren oinarriak eta informazioa euren webgunean jarri dute eskuragai. Parte hartzaileek gaurtik abuztuaren 31ra arte izango dute aukera argazkiak bidaltzeko. Irailaren 18an jakinaraziko dituzte irabazleak.

Getxoko Udalak oharra igorri du gaur, eta «elkarrizketan oinarritutako adostasunerako» deia egin. Era berean, gogorarazi du jai batzordeak indarrean dagoen araudia betetzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.