'Aniztasun izpiak, Kilometroak txikia' jaia ospatuko dute Azpeitian

Azpeitiko Ikasberri ikastolak eta Azpeitiko Udalak antolatuko dute, beste hainbat eragilerekin batera, jaiaren aurtengo hiru ardatzen inguruan: euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza. Apirilaren 27an izango da.

Jaiaren aurkezpena, gaur. BERRIA
Jaiaren aurkezpena, gaur. BERRIA
arantxa iraola
2024ko apirilaren 10a
18:10
Entzun

Euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza. Hiru ardatz horien inguruan antolatuko du aurten Azpeitiko Ikasberri ikastolak Gipuzkoako ikastolen festa: Kilometroak. Udazkenean izango da, ohi denez, baina, horren atariko, apirilaren 27, 'Aniztasun izpiak, Kilometroak txikia' izeneko jaia ospatuko dute. Udalarekin elkarlanean antolatu dute, eta beste hainbat elkarte ere eragile izango dira.

«Kulturartekotasuna erdigunera ekartzeko eguna izango da. Hainbat jatorritako azpeitiarrek beren herrialdeetako hizkuntza, kultura eta ohiturak ezagutarazteko eguna. Baina baita euskara plazara ekartzeko eta ezagutzen ez dutenei ezagutarazteko edota haiekin partekatzeko gunea ere», azaldu du Nagore Arroitia udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak gaurko aurkezpenean. «Besteekin gara gu», esan du Gorka Artola ikastolako ordezkariak. Bide horretan, euskara «ardatz ez ezik zubi» ere badela gaineratu du.

Azpeitian aurrez ere abian da Azpeitiko Udalaren, UEMAren, Huheziren eta herriko ikastetxeen bidez Euskara eta kulturartekotasuna izeneko proiektua, eta horren barruan sartu dute apirilaren 27rako antolatutako egitaraua ere. Ekinbide horren helburu nagusia da «kulturarteko harremanen adierazpidea euskara izatea».

Zumba saio batekin hasiko da eguna, 11:30ean. Atzetik, haurrentzako jolasak izango dira, eta hainbat herrialdetako ohiturak ezagutzeko postuak jarriko dira. Herri bazkaria izango da 14:00etan, eta arratsaldean Krostadarra egingo dute, aniztasun funtzionala ere badela erakusteko ekinaldi bat. Festa giroan amaituko da eguna, eta, iluntzean, Sanagustin kulturgunean Belako eta Nize taldeen kontzertuak izango dira.

Elkarte eta eragile hauek parte hartuko dute, besteak beste: Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, BERRIA, Guka, UEMA eta Ikastolen Elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.