Aieteko konferentzia: 5. urteurrena

Annanen irteerako galdera

2011ko urriaren 17a: Aieteko Adierazpena. Urriaren 20a: ETAren agiria jarduera armatuaren bukaeraz. Egun beteak. Detaileetarako aukera gutxi. Hemen, bost urtera, nazioarteko konferentziako gauza txiki batzuk, han egon ziren hainbat lagunekin hitz eginda. 

enekoitz esnaola
2016ko urriaren 16a
07:56
Entzun

Diru iturriak urtero pixka bat beheraka zihoazela-eta Lokarri herritar sareko langileek 2009an soldatak jaistea erabaki zuten, inor kalera bidali beharrean, baina lana ugari izan arren opor egunak hartzen zituzten, baita 2011ko uda mugitu hartan ere. Esaterako, Paul Rios koordinatzailea Cadizko kostan (Andaluzia, Espainia) zegoen oporretan duela bost urteko abuztuan, Euskal Herritik 1.100 kilometrotara, baina burua Euskal Herrian zeukan: Donostian, Aieteko Bakearen Etxean, laster zuten nazioarteko konferentzia bat, oso-oso garrantzitsua izan zitekeena. Cadiztik sarri deitzen zion Brian Currin bitartekariari, ea gauzak nola zeuden. Batzuetan ederki zeuden, besteetan ez hainbeste.

Currinek esana zien irailaren 15ean egingo zela konferentzia, baina gero, artean “baldintza egokiak” ez zeudela-eta, urriaren 17rako finkatu zuten. Irailaren bukaeran erabaki zuten eguna. Lokarrikoek informazio hori HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide gehienei mintzatoki batetik deituta jakinarazi zien, segurtasun kontuengatik, noski.

Nazioarteko bitartekariek Lokarri hasiera batean prestakuntza teknikoaren arduradun nahi zuten. Azkenerako, topaketaren antolatzaileetako bihurtu zen sarea, nazioarteko beste bost erakunderekin batera. “Opari handia zen guretzat, bake prozesuetan halako une erabakigarrietan eragile sozialak bigarren planoan geratzen zirelako”, zioen iaz Lokarrik, bere agurrean. Aitorpena bai, baina lana ugari bai. Dena zehazten hasi beharra zuten. “Eta dena hori bi astean egin behar izan genuen”, gogoratu du, bost urtera, Aitziber Blanco Lokarriko orduko langileetako batek.

Aieteko jauregi barruko zeregin guztien ardura hartu zuen Blancok. Asko lagundu zion kongresuak-eta antolatzen ibiltzen den kide batek: Hutsune Mendiburuk. “Jakina, konferentziako egunean jauregiak txukun eta elegante behar zuela esan zigun Hutsunek, baina xume egon behar zuela. Beraz, aurreko egunetan altzariak-eta atera genituen, eta bilera gela baterako sofa txikiak alokatu genituen”. Batzarreko aretoak –Ghandi izenekoak– eman zien buruhausterik, Blancoren arabera: “Txikia da, eta hasierako kalkulua 40 lagun sartzekoa zen, baina azkenerako 50 pasa izango zirela esan ziguten”. Espazio arazoa aurreikusita, Riosek topaketa Kursaalean egitea proposatu zuen, baina ezezkoa eman zioten, Aieteko etxea bakearen sinboloa dela esanda. Gonbidapen aldetik, beraz, zorrotz ibiltzea tokatu zitzaien, ez pasatzea: eragileek ordezkari bana, eta alderdi handienek, bina. Koalizioen kasuan, bertako alderdietako ordezkariak gonbidatu zituzten. Behin betiko datua: 54 lagun sartuko ziren batzar aretoan.

Blancok segitzen zuen han dena doitzen: “Areto txiki hartan logotipoak garbi ikusi behar ziren, eta argazki nagusietarako Powell, Annan eta horiek ondo ikusi behar ziren, eta denak, sei pertsonalitateak”. Miguel Izuk (EB) badauka kexa bat: "Nafarroako ordezkariok izkin batean jarri gintuzten, eta ez ginen azaldu argazki gehienetan".

Zenbat xehetasun!

Donostiako Udaleko protokolo taldeko langileen laguntzaz gain, profesional batzuena ere izan zuten Lokarrikoek. Lorezain batekin, adibidez. “Hark zioen logika bat behar zutela loreek. Halako lore leku honetan, bestea han, hemen gehiago, han gutxiago. Ez genuen berehala pentsatuko horrenbeste xehetasun izango zirenik”, dio Blancok. "Hornitzaileek erlojuaren kontra egin zuten lana". Lokarritik, sei liberatuak aritu ziren beharrean: Rios, Blanco, Ana Elvira, Maialen Lizarralde, Manu Vilabrille eta Maria Lizardi. Sareko bazkideek ere lagundu zieten.

Urriaren 11n aurkeztu zuten Aieteko konferentzia hedabideen aurrean, hantxe. Artean, ordea, nazioarteko pertsona ospetsu guztiak lotzeke zituzten; Lokarrik zekiena zen Jonathan Powell, Gerry Adams eta Bertie Ahern etorriko zirela. Beste hiruren berri urriaren 15eko prentsaurrekoa baino ordubete lehenago izan zuen, eta korrika eta presaka aritu zen prentsa dosierrerako Kofi Annan, Pierre Joxe eta Gro Harlemen biografiak prestatzen eta itzultzen.

Komunikazio taldean borborrean egoteaz gain –Iñaki Gorostidi Elkarri aldizkariaren zuzendariaren laguntza jaso zuten–, protokolo eta segurtasun taldeak gogor ari ziren beharrean. Gorka Espiau Elkarriko kide ohiaren laguntza zuten. Elkarri-ren garaitik bazuen esperientzia bat Espiauk horretan, eta gero Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren Jaurlaritzan antzeko lanetan ibili zen. “Eta, bitxia bada ere, guztietako antolaketan ertzain talde berarekin topo egin nuen. Adibidez, 1995eko urrian Albert Reynolds Irlandako lehen ministro ohia etorri zenean Elkarriren Bakerako borondateen kontratua kanpainara eta 2011n Aietera Annan-eta etorri zirenean”. Aieten Ertzaintzaren segurtasun arduradun aritu zenak 1995eko bisita hartan gorbata nola lotzen den erakutsi zion Espiauri.

2011n Ezkerraldeko berrikuntza laborategi batean zebilen lanean Espiau, baina Donostiako konferentzian laguntzeko bi asteko baimena eskatu zuen. Askotan bildu zen Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin; Rodolfo Aresenarekin (PSE-EE). “Powell, Ahern, Adams eta Harlem konferentziaren egunean bertan heldu ziren Euskal Herrira, Loiuko aireportura [Bizkaia], eta, halako pertsona ospetsuak datozenean, segurtasun kontuengatik-eta Jaurlaritza behartuta dago haientzat talde berezia jartzera. Auto blindatuak haren kontu izan ziren. Hor ez zen arazorik izan. Bestela ere ez, oro har, PSEk ez baitzuen konferentzia oztopatu nahi, baina babesten ari zen bezala agertzerik ez zuen nahi izan. Harremana gehienbat Segurtasun taldeko jendearekin eduki genuen. Ni Ibarretxeren garaian halako ekitaldiak-eta antolatzen ibili nintzenez, Ertzaintzako jendea ezagutzen nuen, eta ondo moldatu ginen Aietekoan”.

Annanen espainiar laguntzailea

Annan aurreko egunean heldu zen, urriaren 16an, hura ere Loiura. Espiauk hartu zuen. Annanen laguntzailearekin akordatzen da: “Espainiar laguntzaile batekin etorri zen Annan. Nazioarteko bilkuretan-eta guk behintzat espainiar jendearekin ez dugu esperientzia onik izan, baina Annanen laguntzailea oso ondo portatu zen gurekin. Serioa zen, maila handikoa”. Urriaren 17an, konferentzia baino ordu batzuk lehenago, Aresekin bildu zen Annan, Donostian, Aresek berak eskatuta. Bilera ez zen jendaurrekoa izan, Aresek eskatuta, baina azkenean jakin zen egin zela, Aresek filtratuta, Lokarriko kide ohiek ziurtatu dutenez. Ez dago juntadizoaren argazkirik, eta Herrizaingo Sailak zioen "bilera laburra" izan zela. Aresek Patxi Lopez (PSE-EE) Jaurlaritzako lehendakariak hilabete bat lehenago Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Bakerako eta Bizikidetzarako plana eman zion.

Lopez AEBetan zen orduan, bisita ofizial batean. Ofizialki, Lopez ez zegoen konferentziara gonbidatuta, Riosek dioenez: “Niri galdetzen bazidaten ea lehendakaria gonbidatu genuen, nik ezetz erantzun behar nuen. Baina Jaurlaritzak ederki asko zekien Aietekoaren berri. Jaurlaritzak esaten zigun AEBetara halako bidaia bat antolatzea urtebeteko lana dela eta ezin zuela aldatu. Nik uste nolabaiteko distantzia bati eutsi nahi ziola Lopezek”. Distantzia handira zegoen: New Yorken. Aldiz, alderdi modura PSEk hartua zeukan Aieten egoteko erabakia. Orduko urriaren 12ko dei bat du gogoan Riosek: “Hispanitate Egunez familiarekin martxa neurtu batean nintzela, Aresek deitu zidan. PSE publikoki ari zen esaten oraindik ez zuela erabakia Aietera joan ala ez, baina niri urriaren 12an Aresek azaldu zidan ez kezkatzeko, Aieten izango zela PSE. Hurrengo egunean komunikatu zuten hori”. Riosi "ulertezina" egiten zaio nolatan ez zegoen Lopez urriaren 20rako behintzat Euskal Herrian, ETAk jardun armatuaren bukaera iragarri zuen egunerako. Espainiako Gobernuak horren informazio zehatza zeukan; "eta Jaurlaritzak ez ala?", galdetu du Lokarriko koordinatzaile ohiak. AEBetan jarraitzen zuen lehendakariak, eta tren batean egin zuen nolabaiteko adierazpen instituzional bat.

Gorbata festa

Urriak 17, konferentziaren eguna, astelehenarekin. Riosek Aieteko hotel batean igaro zuen gaua. Azken bi asteetan hamar bat aldiz geratu zen han lotan, Donostiatik bizileku Algortara (Getxo, Bizkaia) bueltaka ibili beharrean. “Nire bigarren etxea zen Aieteko hotela, ulertzekoa izango denez”. “Ondo” egin zuen lo urriaren 16tik 17rako gauean, ez omen du-eta arazorik izaten lokartzeko; “ezta hurrengo egunean Aieteko konferentzia tokatuta ere”. Trajea jantzi zuen. “Iñaki Anasagastik bere artikulu batean eskatu zidan jartzeko gorbata”. 14:00etan zen hastekoa bilkura. Rios hamarretarako jauregian zen. Bilera labur bat egin zuen taldekideekin, eta Aieteko lehen zigarrotxoa. Dena kontrolpean. Baina urduritasuna zegoen han.

Eguerdian hasi ziren Euskal Herriko eragileak iristen. Aurrenetakoa, Uxue Barkos (Geroa Bai). Unai Sordo ere (CCOO) han zen: “Ainhoa Etxaiderekin [LAB] batera sartu nintzen Aieteko parkean”. Adoldo Txiki Muñoz ere (ELA) han zen. Hari ezker abertzaleko kide batek bi aste lehenago iragarri zion konferentzia egongo zela; “Gasteizko taberna batean esan zidan, larunbat batez, goizeko zortzietan hitzordua jarrita!”. Frederique Espagnac (PS) bera bakarrik joan zen autoz Donibane Lohizunetik Donostiara, eta ez zekien non dagoen Aieteko jauregia. “Eskerrak GPSari”.

Gonbidatuak ailegatzen ari ziren, eta argazki eta telebista kamerariak jo eta su zebiltzan, are gehiago Rufi Etxeberria (ezker abertzalea) heldu zenean, ohi ez bezala gorbatarekin baitzegoen. “Nazioarteko eragileek esan zidaten aurrez: 'Aietera gorbatarekin joan behar duzu'. Espresuki erosi nuen”, aitortu du Etxeberriak. Euskal Herrian behintzat, lehen aldia zuen hala. Pello Urizar ere (EA) harritu zen hura hala ikustean: “Rufik esana zidan ezker abertzalekoek gorbata janzten dutela atzerrira joaten direnean, eta broma artean galdetu nion ea Aiete atzerria den. ‘Bai, atzerria duk…’”. Izuk dio "ordezkari ezezagunei kasurik" ez zietela egin kamelariek, "oharkabean bezala pasatu ginen haien aurretik".

Nazioarteko pertsona ospetsuak iritsi bitartean, besteek hitz-aspertuetarako kafea pastekin eta pintxo beroak zituzten. Sordok gogoratu duenez, elkarrizketa «oso gurutzatua» izan zen, giro onekoa, “batzuen arteko harremana ona ez izan arren”. “Poztasun kolektibotzat” jo du une hura Espagnacek. Espiauk orduan jakin zuen Riosen eta bien herrikoa dela Sinn Feineko ordezkaritzako kide baten ama: Algortakoa.

Hedabideetako 225 langile

Antolaketan ez zegoen inprobisaziorik. “Biziki zehatza zen, protokolo trinkoa”, oroitu da Max Brisson (orduan, UMPn), “hori ezinbestekoa baita halako gertakari batean”. Currin goizetik zegoen Aieten, eta gogoan du dena ondo zihoala egiaztatzen aritu zela; “gainera, egun zoragarria atera zen, eguzkitsua. Oso irudi politak dauzkat gordeta”. Ikusmin handiaren seinale da hedabideetako 225 langile kreditatu izana; 47 telebista kamera zeuden, 30 egunkari eta aldizkaritako langileak, jardunaldia zuzenean eman zuten hamabi unitate mugikor, 11 irrati kate, nazioarteko hamar berri agentzia… Aretoan sartu ziren 54 lagunez gain, haien laguntzaileak-eta Aieten ziren. Joseba Aurrekoetxeak (EAJ) espero ez zuen bat ikusi zuen: Iparraldeko EAJko bat. "Hango eragile bati laguntzera joan zen".

Powell-eta 13:00ean ziren heltzekoak parkera, eta, Espiauren arabera, Loiutik Donostiara joan ziren lau pertsona ospetsuak hamar bat minutu lehenago han inguruan zeuden, eta aparkaleku batean egon ziren denbora egiten. Beste eragileek bezala, Aieteko jauregiko eskaileretan zituzten Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, biak Bildukoak, biak lau hilabete lehenago iritsiak kargura. “Guri udan aipatu ziguten zerbait potoloa egin zitekeela Donostian bakegintzari buruz, eta guk anfitrioi lanak egin behar genituela”, esan du Izagirrek. “Donostiako aurreko alkateen oniritzia izatea gustatuko litzaiekeela esan ziguten, eta deitu genien bizi zirenei: Ramon Labaieni, Xabier Albisturri eta Odon Elorzari”. Garitanorentzat “oso emozionantea” izan zen pertsona ospetsu haiek hartzea. Annanekin akordatzen da asko —“a zer pertsonalitate garrantzitsua izan genuen gurean”—, eta etxean du agurreko argazkia. "Gure artean ez zeuden hainbat lagun izan zituen gogoan, eta kartzelan daudenak", dio Gipuzkoako orduko ahaldun nagusiak. Aretoan egin zuen agurreko hitzaldia ere gordeta dauka: gatazka politikoaren konponbidea, denentzako giza eskubideak, demokrazia, nazio aitorpena, erabakitzeko eskubidea eta beste aipatu zituen. Izagirre eta Garitano atera egin ziren, eta Currinen azalpen batekin ekin zioten bilkurari.

Ghandi aretoan sartu ziren euskal eragileetako ordezkari denek, artean bukaerako adierazpenaren berri izan gabe ere, bazekiten "egun historikoa" izango zela urriaren 17koa, "arrunt garrantzitsua", "irismen handikoa". "Iruditu zitzaidan denbora geratu bezala egin zela", esan du Espagnacek. Rebeka Uberak (Aralar) "energia handia" sumatu zuen; "batasun irudi hura…". Hain zuzen, orduan Aralarreko burua Patxi Zabaleta zen arren, hark Uberari eskatu zion bera joateko konferentziara; "ez nion galdetu zergatia". Izuren esanetan, "hain zen plurala Aietekoa, Donostiako Aquariumeko jendea eta dena zegoela".

Asti laburra hitz egiteko

14:00etan zuten bileraren hitzordua. Hitzartzeen denborak oso-oso neurtuta zituzten. Eragile txikienek minutu bat zeukaten. Besteek, bi edo hiru. Astirik ez, beraz, gauza askorik esateko. Hori ez zen eragozpen Oskar Matuterentzat (Alternatiba): “Nik azkar hitz egiten dut, eta minutu batean besteek baino gauza gehiago esango nituen…”. Sordo ez zen joan bere hitzalditxoa prestatuta: “Aretoan prestatu nuen, besteen hitzak entzun eta gidoi bat eginda. Gordeta daukat eskema hori”. Aurrekoetxea trankil zegoen EAJko kidearen parte hartzearekin: “Iñigo Urkullu oso kartesiarra da, aurrez pentsatutakoa esaten du”. Badaezpada, kontagailu bat zegoen Ghandi aretoan, eta partaideei Riosek ematen zien hitza: “Jesus Egiguren [PSE-EE] izan zen bere astia gainditu zuen bakarra, dozena erdi bat minutuz aritu zelako. Ez nion moztu, ordea”. Hala ere, Lokarriko orduko koordinatzailea ez da askorik akordatzen bileraz, “oso sartua eta okupatua” zegoelako antolaketa kontuetan, gai ordenan, paperak begiratzen, mezuak bidaltzen. Horregatik iruditzen zaio, agian, "bilera isila" izan zela.

Uberari “atentzio handiena” Powellek eman zion, “azaldu zuen ikuspegiagatik eta bistan zelako egoera gehien hark ezagutzen zuela”. Espagnacentzat “oso berezia” izan zen aretoan Adams egotea, haren ibilbidea gertutik jarraitu zuelako aspalditik, Irlandara-eta joanez. Rufi Etxeberriak, berriz, berak orain dioenez, burua ez zeukan bileran, arratsaldeko agerraldi nagusian baizik; hark bazekien zer zetorren. Muñozek ez zekien, baina usaintzen omen zuen, eta atsedenaldian (15:30-16:30) buruzagi abertzale batekin kafea hartzen ari zela esan zionean ETAk jakinarazi beharrekoa laster jakinarazi beharko zuela, buruzagi abertzaleak erantzun zion ez zela halakorik gertatuko, hura dena prozesu bat zela. Hiru egunera jakinarazi zuen ETAk bukatutzat eman zuela jarduera armatua.

Atsedenaldian guztiak zerbait hartzen ari zirela, EAJkoak, ezker abertzalekoak eta PSE-EEkoak Annanekin-eta bildu ziren. “Gehienbat, elkar agurtzeko eta gauzaren bat aipatzeko izan zen”, esan du Etxeberriak. Egigurenek kontatzen du 2005-2007ko prozesuan Norvegian eta Suitzan ETArekin hitz egiten aritu zenean ingelesa jakitea beharrezkoa zela ikusi zuela, “batez ere, ñabardurak harrapatzeko”, eta Aieten ingelesez moldatu zela nazioarteko pertsona ospetsuekin itzultzailerik gabe une batez mintzatzeko. Covite elkartekoak ere joan ziren parkera, laurak aldera, nazioartekoei ETAren biktimen historia jasotzen duen liburu bat ematera. Blancok hartu zituen.

Arratsaldeko lau eta erdietan, denak berriro Ghandi aretora. Annanek-eta adierazpenaren berri eman zieten. Bitartean, Lokarrikoak zoratzear ziren: dokumentua ingelesetik eta frantsesetik euskarara eta espainolera itzultzen aritu ziren atsedenaldian, orduantxe jaso baitzuten haiek idatzia. Presaren eraginez, euskarazko eta espainolezko bertsioek gaizki zuten data, beste biek ondo: euskarakoak, 2012-11-17, eta espainolezkoak, 2012-10-17.

Hollywooden bezala

Eta atera ziren nazioarteko pertsona ospetsuak Aiete jauregiko atarira, atzealdera. Garitanori iruditu zitzaion kasik Hollywooden zegoela: “Atea zabaldu zenean, Izagirre eta biok atera ginen lehendabizi. Arratsalde argi bat zegoen, itsasoa ikusten da handik, zelaiak berde-berde zeuden, eta adierazpen historiko hura leitzera zihoazen Annan-eta, eragile eta hedabide pila baten aurrean. Inpresionatu egin ninduen uneak. Hollywoodeko alfonbra gorria zapaltzekoa bezalakoa izango zen. Zirrara hori harrezkero ez dut izan”. Urizar EAren eta ezker abertzalearen akordio estrategikoaz (2010) akordatu zen: “Askok ez ziguten sinisten zertan ari ginen, trufa egiten ziguten”. Izagirrek pozik oroitzen du Aietekoa: “Donostia bakegintzan erreferente bihurtu da nazioartean”.

Ahernek irakurri zuen adierazpena, seien izenean. Koldo Aldabe BERRIAko orduko kazetariari Raymond Kendall HNTko kideak eman zion atentzioa une horretan. “Argazki historikoan, han ageri da Kendall, barrenean, jauregi sarreran. Interpoleko buru izandakoa sheriff baten gisara ageri zen”.

Bukatu ziren Aietekoak. Aralarrekoek Donostian Hegoaldeko zuzendaritzaren bilera zuten, ezker abertzalekoak Usurbilgo egoitzara (Gipuzkoa) joan ziren, François Hollande PSko presidentegaiari telefonoz deitzera Espagnac… Nazioarteko eragileen artetik Annan izan zen azkena alde egiten. Loiuko aireportuan Espiau laguntzen ari zitzaion, eta, halako batean, Annanek galdetu zion: “Gorka, zuk uste gaurkoak zerbaitetarako balioko duela?”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.