Auzia ez da bukatu, baina baliteke konpontzeko bidean egotea. Antsoainen euskarazko haur eskola aldarrikatzen duen plataformak jakinarazi duenez, udala plan bat ari da ontzen, 2021-2022 ikasturtetik aurrera euskarazko lerroa ezartzeko. Iragan astean batzartu ziren udal ordezkariekin, eta «itxaropentsu» atera ziren bileratik: «Lantzen ari diren zirriborroa aurkeztu zigun udalak. Aurrematrikulazio epea astelehenean hasiko da, eta ordurako ez dute plana ixteko denborarik izanen; beraz, 2020-2021 ikasturtean euskarazko eredurik gabe jarraituko dugu herriko haur eskolan, baina 2021-2022 ikasturtean dugu itxaropena. Udalaren hitzak entzunda, uste dugu posible izango dela ordurako euskarazko lerroa abian jartzea».
Plana abian jartzen ez duten bitartean, seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatu nahi dituzten familiek Iruñerriko haur eskoletan matrikulatu beharko dituzte. Horrek eragin ditzakeen gastu gehigarriei konponbidea emateko prest azaldu da udala: «Antsoaingo haurrak eskola horietan onartuko balituzte —zaila izango da, batez ere Iruñeko Udalarenak direnetan—, eta horrek gainkosturik ekarriko balu, Antsoaingo Udalarekin konponbidea topatzen saiatuko gara», azaldu dute gurasoek, ohar batean. Arazoaren bukaera «gertu» egon daitekeela iritzita, «mobilizazioen garrantzia» azpimarratu dute familiek.