Frantziako eta Espainiako arrantza ministroek aurre-akordio bat lortu zuten atzo Luxenburgen egindako bileran. Besteak beste, arrantza esperimentala hilaren 23an edo 25ean hastea erabaki zuten ministroek, “beti ere ikertzaileen prestutasunaren arabera”, Elena Espinosa Espainiako arrantza ministroak atzo azken orduan jakinarazi zuenez. Hala, Frantziako Gobernuak herenegun antxoatara itsasoratutako ontziak erretiratzeko konpromisoa hartu zuen. Gaur horixe eskatu dio Europako Batzordeak, eta kanpaina hilaren 23an hasiko dela zehaztu dio.
Era berean, arrantza esperimentalean hartutakoa saltzea onartzeko prest agertu zen Madrilgo gobernua, baldin eta Europako Batzordearen txosten juridikoetan ontzat ematen bada. Honek hitz eman du "berehala" jakinaraziko duela txostena. Gaur Joe Borg Arrantza komisarioak Espainiako eta Frantziako gobernuetako arduradunei gutuna bidali die, hitzartutakoaz baldintzak jarriz.
Borgek adierazi duenez, ontziak itsasontzi zientifikoek lagunduta daudenean hasiko da kanpaina, eta Frantziak igandetik arrantzatutakoa komertzializatu ahal izango duela.
Izatez, antxoaren gaia ez zegoen atzoko bilerako gai ordenean, baina Espainiako ministroak espreski eskatu zuen gaia jorratzeko. Elena Espinosak kontu hartu zion Frantziako arrantza ministroari arrantza esperimentala hasteko jarritako eguna aurreratzeagatik. Izan ere, berez, hilaren 26a baino lehen ez hasteko erabakia hartu zuten, hala nola, zientifikoak arrantza esperimentala egitera joan ziren eguna baino lehen ez itsasoratzekoa.
Frantziako arrantza ministro Dominique Bussereauk, baina, legerik ez zutela urratu erantzun zion Espinosari, Europako Batzordeak antxoaren kanpaina esperimentala hilaren 15ean hasiko zela onartu zuelako abenduan.
Antxoa bila irtendako ontziak "berehala" erretiratzeko eskatu dio Europako Batzordeak Parisi
Joe Borg Arrantza komisarioak gogoratu du kanpaina hilaren 23an hasiko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu