Zentsura mozioak

ANVk "ilegalizazio paraleloa" bultzatzea leporatu die EAJ, EA eta EBri

Ekimen horiei "makillaje etikoa" ezarri dietela diote, baina "helburu politikoa" dutela. Hori dela eta, ez direla eztabaida etikoan sartuko agertu dute.

2008ko apirilaren 14a
14:14
Entzun
Hainbat alderdik EAE-ANV alkatetzetatik kentzeko zentsura mozioak bultzatuko dituztela eta, "ilegalizazio paraleloa" bultzatzea egotzi diete hautetsi independentistek EAJ, EA eta EBri.

"EAJk, EAk eta EBko zuendaritzak, bakoitzak bere diskurtso propioarekin, ez dute PSOErekin eta PPrekin fronte komuna osatzeko zalantzarik izan, ilegalizazio estrategia bultzatzeko. Garzonen tesiak bereganatu dituzte, beren alderdien lege propioa eraiki eta zentsura mozioen bidez inposatuko dute", adierazi dute Marian Beitialarrongoitia Hernaniko (Gipuzkoa) ANVko alkateak eta Miren Legorburu Hondarribiko (Gipuzkoa) hautetsiak.

Zentsura mozioen ekimenari "makillaje etikoa" ezarri diotela erantsi dute, baina "helburu politikoa" dutela; hain zuzen ere, estatutuaren erreforma egiteko EAJk eta PSOEk ezker abertzalea eremu politikotik baztertu nahi dutela salatu dute.

Ildo horretatik EAE-ANV ez dela "eztabaida etikoan" sartuko erantsi dute, mozioek helburu politikoa dutelako.

ETAko Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) zinegotzi sozialista ohia hil ondoren piztu da zentsura mozien inguruko eztabaida. Ino Galparsoro Arrasateko alkateak (ANV) hilketa gaitzetsi ez zuelako zentsura mozioen bidez alderdi horretako hautetsiak agintetik kentzea proposatu zuen PSEk, eta ekimen horrekin bat egin dute PPk, EAJk, EAk eta EBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.