Anzaren auzian Parisek izan erantzukizunaz epaiketa eginen dute asteazkenean

Tolosako instrukzio epaileak itxi egin zuen ikerketa, baina helegitea jarri dio familiak.Prozeduran hainbat «disfuntzio» daudela salatuko dute

Anzaren senide eta lagunak, Maritxu Paulus Basurko abokatua eta Jean François Lefort Sortuko kidea, atzo, Baionan. B. EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Sei urte beteko dira apirilean Jon Anza etakidea desagertu zenetik, eta kasuaren inguruan zalantza anitz daude oraindik argitu gabe. Hain zuzen, 2013ko uztailean kasua itxitzat eman zuen Miryam Viargues Tolosako (Okzitania) instrukzio epaileak, baina «disfuntzio» batzuk zeudela aitortuta. «Akats» horiek larriak dira, ordea, Maritxu Paulus Basurko abokatuaren arabera, eta Parisko Auzitegian helegitea ezartzea erabaki zuen horregatik Anzaren familiak. Asteazkenean iraganen da dei auzia Parisen, eta «disfuntzio» horien gibelean Frantziako Gobernuaren erantzukizuna dagoela azaleratzea nahiko luke abokatuak: «Estatua kondenatu behar da akats horietan izan duen erantzukizunagatik. Faltak izugarrizkoak dira, metatuak, eta ezin dugu sinetsi hainbeste egonik ez dagoela beste nonbaiteko arrazoirik». Epaiketa egun berean zortzi orduko elkarretaratzea eginen dute Donostiako Bulebarrean, 12:00etatik 20:00etara.

Hamar hilabete pasatu zituzten Jon Anzaren senide eta lagunek haren berririk jakin gabe. 2009ko apirilaren 18an Baionatik Tolosarako tren bat hartu zuenean ikusi zuten azkeneko aldiz, eta 2010eko martxoaren 11n jakin zuten Tolosako Purpan erietxean zegoela, hilda. Bitarte horretan hainbat aldiz galdetu zuten Euskal Herriko karriketan zein Frantziako erietxe eta epaitegietan Anza non zegoen. Baina erantzunik ez zuten jaso. Alta, Anza Tolosako ospitalean zegoen 2009ko apirilaren 30ean osasun zerbitzuek Strasbourg etorbidean atzeman eta erietxe horretara eraman zutenetik. 2009ko maiatzaren 11n zendu zen bertan, artean nor zen argitu gabe.

Paulus Basurkoren arabera, baina, epaile, polizia zein erietxeak «elementu guziak» zituzten Anza identifikatzeko. Eta horri lotuta daude, finean, aipaturiko «disfuntzioak». Alde batetik, Baionako polizia judizialak inkesta bat abiatu zuen, Baiona eta Okzitaniako Tolosa artean zeuden klinika eta erietxe guziak miatzeko. Baionako prokuradoreak guzietara bidali zuen Anza bilatzeko eskaera bat, idatziz. Guzietara, Tolosakora izan ezik. Eta preseski, han zegoen Anza.

Bestalde, Purpan Ospitaleak Tolosako prokuradoreari galdegin zion ikerketa bat abia zezan, jakiteko nor zen erietxean zuten pertsona —artean Anza bizirik zegoela—. Prokuradoreak polizia etxera fax bat bidali zuela dio, baina ez dago dokumentu horren «aztarnarik», eta poliziak ez zuen, beraz, ikerketa aitzina eraman. Abokatuak gehitu duenez, orduan zegoen polizia zerbitzu bera da hamar hilabete beranduago Anza identifikatu zuena. Erabilitako elementuak, halaber, —treneko txartel bat eta Anzak azalean zuen orbaina—, jada bazituzten hasieratik. Abokatuak salatu du «akats larriak eta onartezinak» direla horiek guziak, nahiz gehiago ere badiren: «Denek zituzten elementu guziak, eta inork ez zuen identifikatzen».

«Gerra zikina»

Jean François Lefort Sortuko kidearen hitzetan, testuinguruaren baitan kokatu behar da Anzaren desagerpena: 2008 eta 2009 artean hainbat preso ohi eta iheslari bahitu zituzten Euskal Herrian, eta azaldu duenez, agerian utzi zuten poliziaren inplikazioa. Lehenagokoek ere bai; erraterako, GALek. «Istorio zaharra da gerra zikinarena, eta ez dugu sinesten Anzaren kasuan inkesta seriosik egin dutenik. Ahal zuten guzia egin dute egia ez jakiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.