Le Monde kazetak Jon Anza euskal preso ohiaren (Donostia, 47 urte) desagerpenari buruzko artikulua argitaratu du gaur eta orain arte jakinarazi ez ziren xehetasunak biltzen ditu, abenduaren 18an "argitu gabeko desagerketa baten 9 hilabete beteko diren egunean", bilkura publikoa antolatu dutela Parisen, esaterako. Desagerpen susmagarria du izenburutzat Isabelle Mandraud kazetariak idatzitako testuak eta besteak beste, Anzaren neska-lagunaren eta familiaren lekukotasunak biltzen ditu.
Anne Kayanakis Baionako fiskalaren hitzak ere badaude artikuluan; Frantziako Poliziak ez duela itxura egin eta Anza benetan bilatu duela ziurtatzen du Baionako fiskalak, nahiz eta bilaketa horren emaitza ezaren aurrean bere "harridura" agertu.
Bestalde, Espainiako Polizia desagerketaren erantzule egiten du Mandraudek, "ETAk gerra zikinaren oroimenak berpiztu dituela, eta garai ilun hori aipatzea soilik oso delikatua dela gaur egun ere Euskal Herrian" nabarmentzen du kazetariak. Artikulu osoa euskarazko bertsioan Kazeta.info-ren helbidean irakurri daiteke. Frantsesezkoa, berriz, hemen.
Gara egunkariak urriaren 2an argitaratu zuenez, Jon Anza euskal preso ohia Frantzian egon daiteke lurperatuta, eta Espainiako polizien "legez kanpoko" galdeketaren ondorioz hil zen.
Anza joan den apirilaren 18tik dago desagertuta. Ahetzeko (Lapurdi) bizilagunari egun hartan neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, apirilaren 18an hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.
Gara-k zioen kasua ezagutzen duten kideen informazioa daukala, eta Baiona-Tolosa bidean bahitu egin zutela poliziek. Anzak buruko gaixotasun larria dauka eta polizien galdeketan hil egin zen, eta orduan erabaki zuten espainiar poliziek Frantzian lurperatzea, betiere egunkariaren arabera. Ez du zehaztu tokia.
1982tik 2002ra artean preso egon zen Anza, ETAko kidea zela leporatuta. Azkeneko urtean buruan tumorea du, eta ikusteko arazo handiak dauzka.
politika
Anzaren desagerpenaren xehetasun berriak biltzen dituen artikulua argitaratu du 'Le Monde'-k
'Desagerpen susmagarria' du izenburutzat artikuluak eta 'Kazeta.infok' frantsesezko bertsioa euskaratu egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu