Apirilaren 2an eta 3an egingo dute Luhusoko auziaren epaiketa

Parisko Zigor Auzitegiak Jean Noel Etxeberri 'Txetx' eta Beatrice Molle epaituko ditu, armak edukitzea eta garraiatzea leporatuta.

ATXILOKETAK LUHUSON
Luhusoko operazioa, 2016an. BOB EDME
Irati Urdalleta Lete - Maite Asensio Lozano
2023ko abenduaren 7a
18:45
Entzun

Jarri dute data: datorren urteko apirilaren 2an eta 3an egingo dute Luhusoko auziarekin lotutako epaiketa. Azkenik, ETAren armagabetzean parte hartu zuten bi ekintzaile epaituko ditu Parisko Zigor Auzitegiak: Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle-Haran; armak edukitzea eta garraiatzea leporatu diete. Bakegileek «onartezintzat» jo dute epaiketa egitea, eta auzipetuei babesa adierazteko protestak iragarri dituzte.

2016ko abenduaren 16an eginiko polizia operazio batean atxilotu zituzten Luhusokoak: ETAren armategiaren %15 erabileratik kanpo uztera zihoazen, Errekarte baserrian (Lapurdi). Txetx Etxeberri Bizi-ko orduko koordinatzailearekin eta Beatrice Molle kazetariarekin batera, beste hiru lagun atzeman zituzten: Stephane Etxegarai Etxe musikari eta bideogilea, Mixel Bergouignan enpresaria eta Mixel Berhokoirigoin laboraria —Bergouignan 2017ko maiatzean hil zen, eta Berhokoirigoin, 2021eko maiatzean—. Gizarte zibileko esparru askotako pertsona ezagunak izanik, polizia operazio hark aurkako erreakzio handia eragin zuen Ipar Euskal Herrian. Guztiak askatu zituzten ondoren, baldintzapean.

Luhusokoak atxilotu zituzten gau berean argitaratutako gutunetan ikusi zen ETAk gizarte zibilari emana ziola desarmatzeko ardura politikoa eta teknikoa —2011ko urrian utzia zuen jarduera armatua—. Handik lau hilabetera, 2017ko apirilaren 8an egin zen ETAren armagabetzea, Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean elkarrizketatua eta adostua.

Hala ere, ikerketa abiatu zuen Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzak, eta aurtengo otsailean Parisko Zigor Auzitegiari eskatu zion Etxeberri eta Molle auzipetzeko; Etxegarai auzitik kanpo uztea galdegin zuen. Orduan, Etxeberriren abokatu Jean François Blancok adierazi zuen epaiketarik ez izateko eskatuko zuela, eta gauza bera egiteko asmoa erakutsi zuen Molleren abokatuak. Azken hilabeteetan zurrumurru ugari izan diren arren, gaur zehaztu dute noiz izango den epaiketa: 2024ko apirilaren 2an eta 3an.

Epaiketa bera hasi arte ezingo da jakin zer zigor galdegingo duten Etxeberrirentzat eta Mollerentzat —akusatuei, lekukoei eta aldeei entzun ostean aurkezten du fiskalak zigor eskaera—, baina leporatzen dieten delituak hamar urtera arteko espetxe zigorra ekar dezake. Dena den, Blancok adierazia du «harrigarria» litzatekeela hainbestera iristea.

«Ausardia politikoa»

Hain justu, Blanco abokatuak otsailean iragarri zuen azkenik epaiketa eginez gero errugabetzea eskatuko duela. Izan ere, ekintzaileen «ausardia politikoa» nabarmendu zuen, armak edukitzea eta garraiatzea legez kanpokoa izanik ere: «Gaitzesgarria da intentzio kaltegarriak daudenean. Kasu honetan, goresgarria da. Bakegileen ekintzak eta ausardiak ahalbidetu zuen armagabetzea. Ausardia behar zen egin zutena egiteko. Bakegileek gure aitortza merezi dute, armagabetzea ahalbidetu baitzuten».

Edonola ere, Txetx Etxeberri bera «lasai» agertu zen otsailean, fiskaltzaren asmoen berri izan berritan BERRIAri eskainitako elkarrizketan. Epaiketa iristekotan, auzitegian Luhusoko operazioa nola gertatu zen azaltzeko prest agertu zen: «Guk ez dugu gordetzeko ezer. Esplikatu dugu zer egin genuen Luhuson, eta biharamunean agerraldia egin zuten hautetsiek ere gauza bera erran zuten, guk egin genuela Parisek eta Madrilek egin beharko zuketena bost urte lehenagotik: ETArekin elkarrizketak abiatu, eta ikusi nola ematen ahal zitzaion irtenbide ordenatu eta seguru bat jadanik bukatua zen ziklo armatuari».

Are, behin baino gehiagotan esan zuen Frantziako Estatuarekin adostuta garraiatu zituztela armak: «Frantziako autoritateek ahalbidetu zuten egin ahal izatea, inolako atxiloketarik gabe, errepideetan inolako kontrolik ezarri gabe, eta abar. [...] Nik neuk beste bi aldiz garraiatu ditut armak eta lehergaiak autoritateekin kontaktu zuzena ukanez. Hori dena esplikatuko dut. Luhuson egindakoa ondotik ere egin dut Frantziako autoritateekin kontaktuan, jakinaren gainean emanez eta haiekin jarritako hitzorduekin. Eta hori baieztatzen ahalko duten lekuko guziak deituko ditugu». Hala, ulertezintzat jo zuen horregatik auzipetzea: «Konplikatua izanen da gure zigortzea justifikatzea, jakinez gauza bera egin dugula gerora Frantziako autoritateen adostasun osoarekin».

Babesa auzipetuei

Bakegileek babes mezu bat helarazi diete auzipetuei sare sozialetan: «Errugabetuak izan daitezen galdegiten dugu». Eta haiei elkartasuna adierazteko protestak izango direla aurreratu dute: «Abenduaren 16an, Euskal Herriko bake prozesuan mugarri izan zen Luhusuko ekinalditik zazpi urtera, auzipetuen aldeko babesa antolatzeko elkartuko gara». Hurrengo asteetan emango dituzte xehetasun gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.