Apirilaren 9an kalera jotzera deitu dute 13/13 auziko epaia salatzeko

Manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Donostian. Akusatuen herrietan sortutako sostengu plataformen iritziz, epaia «injustizia bat» da. Prozesua «irregulartasunez gainezka» egon dela diote

Ana Perez eta Luix Barinagarrementeria, atzoko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
13/13 auziaren epaiketarako data ezarri zenean, akusatuen sorleku edo bizitoki ziren herrietan plataformak sortu ziren haiei sostengua eta babesa emateko. Orain, epaia jakinarazi ostean, plataforma horiek salatu dute lau akusaturi hemezortzi urteko espetxe zigorra ezarri dien sententzia «injustizia bat» dela, prozesu osoa «irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka» egon delako, eta manifestatzera deitu dituzte herritarrak: apirilaren 9an bi manifestazio egingo dituzte, 17:30ean, eta Bilboko Jesusen Bihotza plazatik eta Donostiako Saguesetik abiatuko dira.

Xabier Amuriza idazle eta bertsolariak, Ana Perez irakasle etasindikalistak, Gotzon Barandiaran idazleak eta Luix Barinagarrementeria abokatuak irakurri dute agiria, multzo zabalago baten ordezkari gisa: Alaia Martin eta Xabat Galletebeitia bertsolariek, Zesar Martinez soziologo eta EHUko irakasleak, Maider Zabalegi abeslariak eta beste zenbaitek ere bat egin dute horrekin. Esan dutenez, ezarritako zigorrek bi helburu dituzte: epaitutakoen eta haien senide eta lagunen «sufrimendua areagotzea», eta «Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa oztopatzea».

Azaldu dutenez, epaituentzat auzibidea «krudelkeria kate luze bat» izan da, baina politikoki ere «Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko egiten ari den bidearen kontrako norabidean» doa, horretarako Dena ETA da leloari eutsiz.

Torturak, abokatuen bulegoen miaketak, Espainiako zerbitzu sekretuen esku hartzea eta prozesuan agertu diren gainerako irregulartasunak salatu dituzte, eta ondorioztatu «berme juridiko oso gutxirekin egindako epaiketa» izan dela, are gehiago kontuan izanik auzibidea Espainiako Auzitegi Nazionalean egin dutela: «Salbuespeneko epaitegia da Auzitegi Nazionala, eta haren funtzioa da euskal herritarroi salbuespeneko legezkotasuna eta salbuespeneko zigorrak ezartzea».

«Sententzia hau demokraziaren, bakearen eta gure herriaren etorkizunaren kontrako zigorra da», esan dute plataformetako ordezkariek; «sententzia hau iraganeko estrategia, jarrera eta jokabideetan oinarritzen den zigor kolektiboa da; hain zuzen ere, euskal gizarteak nahi duenaren aurkakoa».

«Urraketa larria»

Erabakitzeko eskubidearen aldeko legelariak biltzen dituen Erabakizaleak taldeak epaiaren azterketa egin du, eta ondorioztatu du Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean aitortutako eskubideen «urraketa larria» dakarrela. Taldeko abokatuek diotenez, epaiak bere egin du fiskalaren tesia, ETA ez dela desagertu adierazten duena, eta hori «errealitatetik at» dago, abokatuen ustez.

Non bis in idem printzipioa ere urratu da, legelari taldearen iritziz. Egitate beragatik subjektu bera bi aldiz zigortzea debekatzen du printzipio honek, eta zuzenbidearen oinarrizko araua da. Erabakizaleak taldearen aburuz, epaian, «behartutako eta oinarri juridikorik gabeko trikimailu bat» erabili da akusatuen kontra printzipio hori urratu ahal izateko.

Defentsa eskubidea ere urratu egin da, legelari taldearen iritziz, akusazioen oinarrian CNI Espainiako zerbitzu sekretuek kontrol judizialik gabe egindako txostenak daudelako eta bestelako «anomalia prozesal batzuk» gertatu direlako. Halaber, auzibidean «bidegabeko atzerapen oso kualifikatu bat» gertatu da, «2010ean egindako operazio bat 2021ean epaitu izana ezin delako ulertu, ezta onartu ere».

Tortura salaketak ere aintzat hartu ditu Erabakizaleak taldeak. Horiek «giza eskubideen urraketa larria» izateaz gain, haien eraginpean lortutako lekukotasunak baliorik gabe utzi behar direla uste dute: «Bortxaren eta torturen bidez lortutako deklarazioetan oinarrituta ezin daiteke zigor epairik eraiki».

Taldea osatzen duten legelariek uste dute epaia «soilik parametro politikoetatik» azal daitekeela, eta «mendekuan» oinarritzen dela: «Berme prozesalak eta oinarrizko eskubideak zorrotz betetzearen alde egiten dugu, eta berretsi egiten dugu zuzenbidearekin bat datorren epai bakarra absoluzio epaia izango zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.