«Une goxoan gaude». Miren Aranoa Eusko Alkartasunako koordinatzaileak (Buenos Aires, Argentina, 1958) aitortu du berezko duela baikortasuna. Aurten 30 urte bete dira Eusko Alkartasuna sortu zela, eta, atzo, Nafarroako militanteek urteurren berezia gogoratu zuten Iruñean. Ekitaldian Aranoak berak, Carlos Garaikoetxeak eta Maiorga Ramirezek parte hartu zuten, besteak beste.
EA sortu zeneko garaia. Nolakoa izan zen?
Gogorra izan zen, baina baikorra ere bai. EAren sorreran, justizia sozialaren aldeko pertsonak eta abertzale independentistak elkartu ginen proiektua garatzeko eta gure herrialdea nahi dugun etorkizunera eramateko. Argi genuen horretarako beharrezkoa zela indar metaketa, eta gure apustuak betidanik izan ziren giza eskubideak, justizia soziala eta indar metaketa.
Zer nabarmenduko zenuke 30 urteko ibilbidean?
Poza eta, zentzu batean, harrotasuna ere bai. Harro gaude EA aldaketaren motorra izan zelako. Apustu zaila eta arriskutsua egin genuen: legez kanpo geratzear izan ginen, nahi eta behar genuen bakea lortzeko eta euskaldun guztiei hitza emateko. Oso une bidegabea zen. Herritar pila batek ez zuen hitzik, eta horretaz baliatzen zen erregimena nahi zuena egiteko.
Une hartan leporatu zitzaizuen ezker abertzalearen besoetara joatea.
Hori ez da egia. Bakoitzak behar duena edo nahi duena esaten du. Argi eta garbi esan dezakegu EH Bildu indar metaketa bat dela eta aniztasuna errespetatzen dela.Ibilbide eta diskurtso desberdinak ditugu, baina gu oso eroso sentitzen gara, inongo inposiziorik gabe.
2009an, oso garai politiko zailean, EAEko hauteskundeetan emaitza txarrak lortu ondoren, estrategia aldaketa eztabaidatzen hasi berria zen ezker abertzalearekin elkarrizketak hasi zenituzten. Zer ekarpen egin duzue bakegintzari begira?
Osoa, esango nuke. Apustu arriskutsua izan zen. Harro sentitzen naiz, gure afiliazioak beti begiratu duelako alderdiaren interesen gainetik herriaren etorkizuna, eta argi ikusi genuen biolentziaren aitzakiarekin herritarren zati batek ez zuela hitzik erakundeetan. Hori pauso garrantzitsua izan da beste pausoak eman aurretik.
2011n, Nafarroa Bai haustura prozesu batean zegoen. Kanporatu egin zintuzteten, eta foru hauteskundeetan Konstituzionalak ozta-ozta legeztatu zuen Bildu. Uste duzu gizarteak aitortu dizuela apustua?
Nik uste dut baietz, apustu eskuzabal hura saritu zuela. Emaitza onak lortu zituen, eta ilusio handiko momentua izan zen. Sorreratik, abertzaleen batasuna lortzea izan du helburu alderdiak. Inportantea da, herri libre bat lortu nahi badugu. Ez dut esaten bakarrik muga geografiko batzuk jartzea, nahi dugun herri bat lortzea baizik: bidezkoa, iraunkorra, garbia, feminista. Amesten dugun herria eraikitzeko, azken finean.
Nafarroan zer ekarpen egin diozue aldaketari?
EH Bilduren bitartez, ekarpen handia. Batetik, esperientzia instituzionala dugu: EA hiruko gobernuan izan zen 1995ean. Eta, bestetik, gure lana. EH Bilduren barruan, sentsibilitate desberdinen arteko argamasa gara.
Zer analisi egiten duzu orain arte aldaketak egindakoaz?
Garai oso ona da. Badakit badaudela kritikak, eta oposizioak egunero zarata egiten du. Ondo egiten ari garen seinale da zarata hori. Jokaleku berri bateranzko urratsak egiten ari gara, guztiona izango den Nafarroa bidezkoago bat eraikitzeko asmoz, eta ez bakarrik batzuek agintzen duten Nafarroa bat.
Eskuinaren zarata aipatu duzu. Nola aurre egin behar zaio? Ausardia handiagoa behar da?
Eskuinaz gain, PSN ere sartuko nuke. Gobernua egiten ari den lana erantzun hoberena da. Agian, momentu jakin batzuetan ausardia falta izan da, baina lana epe luzerako da, eta horrek emaitza onak emango ditu.
Altsasuko gertaeren harira, ematen du batzuentzat ETAk inoiz ez duela hartu indarkeria behin betiko uzteko erabakia. Politikoki iraganean erosoago zeudela adierazten du?
EArentzat bakea beti izan zen helburua eta giza eskubideen errespetua. Altsasun gertatutakoa errefusatu dugu, baina gauza bat da hori, eta bestea neurrigabekeria politiko eta juridiko hau. Hori onartezina da. Ematen du alderdi politiko batek baino gehiagok beldurra diotela bakeari. Askoz erosoago mugitzen dira konfrontaziorako jokaleku batean: PP, UPN eta PSN ere bai. Bederen, Altsasuko PSNk ongi jokatu du, baina exekutibak ez.
Zure ustez, gizarteak erantzun zabal bat eman beharko luke?
Gizarteari dagokio zer egin erabakitzea, baina hau guztia probokazio hutsa da. Ez da bakarrik Altsasukoa. Esaten ari dira Ahotsa.info itxi nahi dutela. Toki guztietatik daude jarrera bortitzak. Ez dira halabeharrez. Odol hotza eduki behar dugu, hainbeste urtez kostatu zaigun lorpena baita bakea, eta horri eutsi behar diogu.
Estatu propioa eta subiranotasuna aldarrikatzen duzue, baina urruneko helburua da. Zer urrats egiten hasi behar da?
Lan egin behar dugu, eta pausoak eman gure egiturak eraikitzeko, poliki-poliki. Hemen, Nafarroan, 17 helegite Konstituzionalean daude, eta, orain, gure legeak defenditu, horixe egin dezakegu. Jarraitu behar dugu eraikitzen gure egitura guztia.
Etorkizun horretan zer rol jokatu behar du EAk?
EAren funtzioa funtsezkoa da. Sozialdemokratak gara, eta koalizio barruan ezkerreragoko indarrak daude. Guztion artean lortu behar dugu aniztasun hori batzen, gizarte berri bat eta gure eredu propioa eraikitzeko.
EH Bilduk gaur bezala jarraitu behar du aurrerantzean, ala bateratzea egin beharko litzateke?
Oraingoz, oso ongi gaude. Jendeak babesten du aniztasuna.
Miren Aranoa. Nafarroako EAko koordinatzailea
«Apustu arriskutsua egin genuen, legez kanpo geratzear baikinen»
Aurten 30 urte bete ditu Eusko Alkartasunak, eta Nafarroako militanteek urteurren berezia ospatu dute. Iragan hurbila gogoratu du Aranoak, eta hartu behar izan zituzten erabaki zailen garrantzia azpimarratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu