Aquiles Cuadra Tuterako alkate ohia frankismoaren biktima gisa aitortzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

Cuadra 1939an fusilatu zuten, Iruñean, errepublikanoa izateagatik. GEBehatokiak Tuterako eta Iruñeko udalei eskatu die ekinaldi instituzional bana sustatzeko, Cuadraren «duintasuna berreskuratzeko».

Aquiles Cuadraren irudi bat. BERRIA
Aquiles Cuadraren irudi bat. BERRIA
Iosu Alberdi.
2025eko urriaren 17a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak eta Aquiles Cuadra de Miguel Tuterako (Nafarroa) alkate izanaren familiak Espainiako Gobernuari eskatu diote Cuadra epaitu eta heriotza zigorrera kondenatu zuen Gerra Kontseilua legez kanpokotzat jotzeko. Horretarako babes instituzionala eskatu diete Tuterako eta Iruñeko udalei ere: «Egoki iruditzen zaien moduan, ekinaldi instituzional bana gara dezatela Aquiles Cuadra de Migueli beharrezko konponketa emateko eta haren duintasuna berreskuratzeko».

Aquiles Cuadra politikari errepublikanoa Tuterako alkate izan zen 1932tik 1934ra bitarte, eta lan horrexegatik fusilatu zuten, 1939ko urriaren 19an, Iruñean. Orain, hura aitortzeko eskaera egin du GEBehatokiak, Espainiako Memoria Demokratikorako Legea oinarri hartuta. Aurrez, antzeko eskaera bat egin zuten Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi Alfredo Espinosa aitortzeko ere; hura 1937an hil zuten. Orduan, Espainiako Gobernuak deklarazio bat ondu zuen, eta Eusko Jaurlaritzak ere aitortza ekitaldi bat egin zion, Imanol Pradales lehendakaria buru zuela.

Izan ere, GEBehatokiak argi du: «Nazioarteko erakundeek zehaztasun handiz definitu dituzte biktima guztien eskubideak, eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eman». Eta hori betetzea nahi du Cuadraren kasuan ere, atzean geratuz joan daitezen frankismoaren biktimek urte luzez pairatu dituzten «isiltasuna eta beldurrak ezarritako ostrazismoa», eta «duintasuna» berreskuratu dezaten.

Bide horretan, erantzukizun nabarmena dute erakunde publikoek, eta hala zehazten du Memoria Demokratikorako Legeak ere, erakunde publikoei eta alderdiei «deuseztapen deklarazioak» eskatzeko gaitasuna ematen baitie. «Instituzioek bidelagun izan behar dute lapurtutako justizia berreskuratzeko prozesu hauetan», zehaztu du GEBehatokiak, eta horregatik egin diete ekinaldi instituzional bana garatzeko eskaera Tuterako eta Iruñeko udalei ere. Lehenari, bertako alkate izan zelako Cuadra; bigarrenari, han fusilatu zutelako.

Azken urteetan, urrats esanguratsuak egin dira memoria historikoari dagokionez, eta GEBehatokiak aitortu du lege aldaketek eman dutela modua egia eta erreparazioa eskuratzeko bidean aurrerapausoak emateko, jada bazegoen «egia soziala» berresteko. Halere, uste du badela «gainditu gabeko ikasgai nagusi bat» oraindik: justiziarako bidea. Hura «elementu sendatzailea» litzateke, GEBehatokiko kideen ustez, eta horri erantzun nahi diote halako egitasmoen bitartez. «Ez errepikatzeko oinarriak finkatzeko, garrantzitsua da horrelako kasuak gizarteratzea eta belaunaldi berrien artean ere ezagunak izatea», gehitu dute.

Faxisten jomugan

Aquiles Cuadra de Miguel Tuterako familia errepublikano batean jaio zen, 1896an. Hala, Tuterako Talde Errepublikanoaren sorreran parte hartu zuen, 1930ean, eta Hoy egunkariko zuzendari ere izan zen. Horren ostean, 1931n, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistaren hautagaia izan zen Tuterako udal hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarako bozetan. Udal hauteskundeetan, hura parte zen hautagaitzak eskuratu zuen boto gehien, eta urte hartako apirilaren 14an udalerri hartan Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuten lagunetako bat izan zen Cuadra. Handik ia urtebetera, alkate izendatu zuten, eta hala segitu zuen 1934ko ekainera arte, dimisioa eman zuen arte. Aurretik, Ezker Errepublikanoa alderdira batu zen.

Emilio Majuelo historialariak landu ditu Cuadraren biografia eta haren hilketaren nondik norakoak, eta azaldu du Cuadra buru-belarri aritu zela Nafarroako nekazaritzaren egoera onbideratzeko lanetan. Hala, Tutera izan zen, haren gidaritzapean, hamarkada batzuk lehenago pribatizatutako herri ondasunak eta bazkalekuak berreskuratzeko beharra nabarmendu zuen lehen udalerria.

1936ko uztaileko estatu kolpearen ostean, baina, ezkutatu eta Tuteratik atera behar izan zuen Cuadrak; egun gutxian, matxinoek udalerriko zortzi zinegotzi errepublikano eta alkate izandako bi hil zituzten. Cuadra Euskal Herriko eta Espainiako zenbait lekutan egon zen ezkutatuta, abenduan Sevillan atzeman zuten arte. Orduan, Iruñera eraman zuten, eta haren kontrako gerra kontseilu bat egin. Majuelok azaldu du «askotariko gezurrak» izan zituztela oinarri haren kontrako prozesuan; besteak beste, 1936ko uztailaren 18an faxisten kontrako eraso bat antolatzea egotzi zioten. Finean, baina, haren jardun errepublikazalea epaitu zuten, Fronte Popularreko kide izatea eta zenbait mitinetan parte hartzea ere egotzi baitzioten. Hala, 1937ko azaroaren 10ean heriotza zigorrera kondenatu zuten, eta 1939ko urriaren 19an fusilatu.

Cuadraren aurkako jazarpena, baina, ez zen hor bukatu. GEBehatokiak salatu du «errepresioa eta espoliazioa» pairatu zituztela: gurasoak eta arreba atxilotu eta espetxeratu zituzten, eta Ruperto aitari, gainera, abokatu gisa aritzeko debekua ezarri zioten, eta Tuteratik kanporatu. 100.000 pezetako zigor bat ere ezarri zioten (600 euro), eta ondasun ugari konfiskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.