euskobarometroa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %39k bozkatuko lukete independentziaren alde

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren %58 daude estatu propio bat sortzearen inguruko erreferendum bat egitearen alde. Maiatz amaieran egoera politikoaz bildutako datuak argitaratu ditu Euskobarometroak.

jon olano
2013ko ekainaren 28a
14:01
Entzun

Hainbat datu plazaratu ditu gaur Euskobarometroak maiatz amaierako txostenean; besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoaz. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %39k bozkatuko lukete independentziaren alde balizko erreferendum batean, eta %34k, aldiz, kontra. %13k abstentziora joko lukete.

Galderan, ez dute zehaztu Euskal Herriaren independentziaz edo autonomia erkidegoarenaz ari diren. Edonola ere, abertzaleen gehiengoak (%68k) aldeztuko luke independentzia, eta baita euren burua abertzaletzat ez dutenen %13k ere. Halaber, EH Bildu koalizioari botoa eman diotenen %90ek bozkatuko lukete estatu propioaren alde, eta beste hainbeste egingo lukete EAJko boto emaileen %44k ere.

Emaitzak ezberdinak dira, estatu berria Europako Batasunetik kanpo geratuko balitz. Kasu horretan, %31k bozkatuko lukete independentziaren alde —zortzi puntu gutxiago—.

Galdetzearen alde

Halaber, estatu propioa eratzearen inguruko erreferenduma egitearen alde daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %58. Joera hori zortzi puntu hazi da 2012ko azaroaz geroztik. Abertzaleen artean, gehiengo dira galdetzearen alde daudenak (%83), eta ez abertzaleen artean, berriz, %33 daude independentziari buruzko galdeketa bat egitearen alde.

%27 daude erreferendum bat egitearen kontra, eta %13, berriz, ez alde eta ez kontra. Esaterako, ez abertzaleen artean %48 dira galdeketaren aurka daudenak —erdia baino gutxiago, beraz—, eta datu hori 11 puntu jaitsi da sei hilabetean.


Independentzia nahiaz galdetuta, itaundutako %37k diote nahi "handia" dutela estatu independente bat izateko. Aukera babestuena da eta sei puntu egin du gora datuak urte erdian. Nahi "apala" dute %21ek, eta ez dute batere desirarik %30ek.

Gainera, %37k uste dute hobeto biziko liratekeela Espainiarengandik bananduta, eta sei hilean hamar puntu hazi da aukera hori. Okerrago biziko liratekeela uste dute %26k —iazko azaroan baino %8 gutxiago—, eta berdin biziko liratekeela iritzi diote %16k.

Bestalde, galdetutako herritarren artean %46k jotzen dute euren burua abertzaletzat, eta %48k, berriz, ez abertzaletzat. %34 dira euren burua soilik euskal herritartzat dutenak, eta beste hainbeste euren burua euskal nahiz espainiar herritartzat dutenak. %21 dira, ordea, espainiar baino gehiago euskal herritar sentitzen direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.