Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte gaur ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, ez baitaude ados Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak helarazi dien proposamenekin. Hartu nahi diren neurriak atzerabide direla uste dute, eta krisi ekonomikoaren aitzakian egin nahi dituzten murrizketek irakaskuntza publikoan eragin handia izango dutela salatu dute. Baliabide gehiagoren alde agertu dira sindikatuak. Datorren asteartean, hilaren 25, greba eguna izango da, eta manifestazioak egingo dituzte lan baldintzak hobetu eta eskola publikoa indartzeko.
Lau hilabetez luzatu diren negoziazioetan sindikatuak eta Hezkuntza Saila ez dira akordio batera iritsi. Administrazioaren murrizte proposamenen aurka agertu dira sindikatuak, baina ez diote kasurik egin aldarrikapenei.
Sindikatuak kritiko agertu dira egin nahi diren aldaketekin, baliabideak murriztuko baitira eta horrekin batera lan baldintzek behera egingo baitute, euren esanetan. Besteak beste, ordezkapenetarako "filosofia berria" gaitzetsi dute: Hezkuntza Sailak proposatutakoaren arabera, ez da astebete baino gutxiagoko ordezkapenik egingo, eta hutsune horiek zentroetako irakasleen artean beteko dira. Bestalde, Jaurlaritzak ordainsari osagarrien sistema aldatzea ere proposatzen duela ohartarazi dute sindikatuek; sari hori 24 urtetik gorako antzinatasuna duten funtzionarioei mugatzea aztertzen ari da Hezkuntza Saila. Hori dela eta, irakasleen arteko "hierarkizazioa" bultzatzea leporatu diote sindikatuek.
Egoera aldatzeko intentzioarekin hainbat deialdi prestatu dituzte sindikatuek: aurreko ostegunean asanbladak egon ziren ikastetxeetan, gaur elkarretaratzeak egin dira eta hurrengo asteartean grebarako deia egin dute, eta manifestazioak egingo dituzte.
Hezkuntza
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egingo diren hezkuntza murrizketak salatu dituzte elkarretaratzeetan
ELA, LAB eta EILAS sindikatuak lan baldintzak hobeak eskatu dituzte. Maiatzaren 25ean greba eta manifestazioak egingo dituzte. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatutakoaren arabera, ez da astebete baino gutxiagoko ordezkapenik egingo, eta hutsune horiek zentroetako irakasleen artean beteko dira. Irakasleen arteko "hierarkizazioa" bultzatzea leporatu diote Hezkuntza Sailari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu