Gipuzkoaren eta Bizkaiaren izen ofizialak Gipuzkoa eta Bizkaia izango dira hurrenez hurren, bart gauean Espainiako Kongresuak hala erabakita. Gaztelaniazko izena kentzea onartu dute. Arabak, ordea, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa izango ditu izen ofizial; Araba/Alava izango da.198 diputatuk bozkatu dute alde, 143kkontra, eta hiru diputatu abstenitu egin dira.
EAJk aurkeztu du proposamena, eta PSOEren eta beste taldeen babesa lortu du, PPrena eta UPDrena izan ezik. Finean, aurrekontuak onartzearen truke EAJk Espainiako Gobernuari jarritako baldintzetako bat zen hori, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren izen ofizialak euskaraz jartzea, legea aldatuta. Espainiako Kongresuaren oniritzia lortuta, parlamentuko ibilbidea hasi zuen legea aldatzeko eskariak. EAJk emendakina jarriko duela iragarri du, Araba/Alava izan dadin Arabaren izen ofiziala.
Ez da lehen aldia Espainiako Kongresuak erabakitzen duena lurraldeen izen ofizialak aldatzea; Galiziako eta Herrialde Katalanetako herrialde zenbaiten izenak egokitu izan dituzte haien jatorrizko hizkuntzara. Horregatik, EAJk defendatu du eskubide hori badutela Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ere. EAJko eledun Aitor Estebanek adierazi du gainerako alderdi politikoek «naturaltasunez» hartu beharko luketela hiru herrialdeen izenak euskaraz erabiltzea, eta eskatu du Espainiako Estatuaren administrazioek eta hedabideek kontuan izateko lege aldaketa, herrialdeen izenak egoki erabiltzeko.
PSOEren jarrera giltzarri izan da legea aldatzeko bidea hasteko. EAJk lehenago ere aurkeztu izan du izenak euskaratzeko eskaria, baina PPk eta PSOEk itxi diote atea. Sozialisten iritzi aldaketa salatu du PPk, gogorarazita aurrekontuak onartzearen truke babestu duela proposamena PSOEk. Izena aldatzea txartzat jo du PPko bozeramaile Alfonso Alonsok: «Hizkuntz aniztasuna eta elkarbizitza dira normalak, ez bi hizkuntzetako bat errotik ateratzea». Rosa Diezek, UPDko diputatuak, PSOEri egotzi dio EAJren nahietara makurtzea: «Beste urte eta erdi egoteko Moncloan, inoiz baino gehiago behar ditu botoak».
Gainerako taldeek ere salatu dute PSOEren iritzi aldaketa, baina proposamena aurrera ateratzearen alde hitz egin dute. «Miraria gertatu da», adierazi du, ironiaz, Gaspar Llamazaresek, ERC-IU-ICV hirukoaren izenean. Proposamenaren alde egin dute, Galiziako eta Herrialde Katalanetako herrialdeen izenak haien jatorrizko hizkuntzan ematen direla nabarmenduta. CiUren arabera, «aurrerapena» da aldaketa.
Iritzi aldaketaren kritikei iskin eginda, «konfrontaziorik» ez sortzeko eskatu du PSOEko eledun Maria Teresa Rodriguezek. Gogorarazi zuen hiru batzar nagusiek aspaldi aldatu zituztela izenak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren izenak, euskaraz
Arabak gaztelaniaz ere izango du izen ofiziala; Espainiako Kongresuak legea aldatzea erabaki du, PSOEren botoekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu