EUSKARAREN ETORKIZUNA (III)

Araba: datu apalak, baina hobeto eusten

Araban ere «zahartu» egingo dira euskaldunak, eta indarrez sartuko dira atzerrietako hizkuntzak.

Bi haur euskararen aldeko lekukoarekin Gasteizen, iazko Korrikan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Bi haur euskararen aldeko lekukoarekin Gasteizen, iazko Korrikan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2025eko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

Arabako datu soziolinguistikoetan, euskaldunen kopurua apala da oraindik, baina azken hamarraldiotan agerikoa izan da biztanleria euskalduna igo egin dela. 1991n, 21.889 ziren euskaldunak, herritarren %8,2. Azken datuen arabera, 99.601 dira: %30,8. Eta datu horrek gorantz jarraituko du: 2036an biztanleen %36,7 izango dira euskaldunak. Gainerako herrialdeetan gertatzen den eran, ordea, adin tarte gazteenetara begira, atzeraldia etorriko da: hamarraldietako goraldia eten egingo da lehenengo aldiz Araban ere.

UEMAren enkarguz Siadecok egin duen Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa azterlanaren arabera, horra zer gertatuko den: 2026an oraindik eutsi egingo dio 2-14 urte bitartean euskaldunen ehunekoak, %75 pasatxo izango dira, egungo antzera, baina hortik aurrera beheraldia hasiko da, eta 2036an %71 izango dira. 15-24 adin tartean ere, goranzko joera eten, eta jaitsi egingo da: %76tik %71,6ra. Gainerako adin tarteetan, berriz, goraldia izango da. Proiekzioaren ondorio nagusietako bat horixe da: «zahartu» egingo dira euskaldunak, eta hori agerikoa izango da Araban ere.

Besteen patroi berean

Lehen hizkuntza euskara dutenen ehunekoen aurreikuspenari dagokionez, Araban gainerako herrialdeetan baino pixka bat hobeak dira datuak: eusteko joera nagusitzen da, eta pixka bat igotzekoa. Lehen hizkuntza euskara dutenak %3,9 dira egun, eta, aurreikuspenaren arabera, %4,4 izango dira 2036an. Etxean euskara eta gaztelania batera jasotzen dituztenak %5 dira orain, eta %5,7 izango dira hamar urte barru. Igoerarik handiena, hala ere, kanpotik etorritako hizkuntzena izango da: gaztelania eta euskara ez diren beste hizkuntza batean ari direnak asko haziko dira Araban ere, populazio hori bikoiztu egingo baita: %6,7tik %12ra. Patroi hori agerikoa da gainerako herrialdeetan ere.

Etxeko hizkuntzaren aldagaia aztertuta, Araban ez da hain argia gainerako herrialdeetako beheranzko joera. 1991n, %1ek besterik ez zuten etxean euskara bakarrik erabiltzen, eta %2,7k bi hizkuntzak erabiltzen zituzten; orain, %2,6 dira lehen multzokoak, eta %7,3 bigarrenekoak. Eta horra geroa: 2036an, %2,5 izango dira euskaraz aritzen direnak, eta %9,4 bietan ari direnak. Aldagai horri adinaren faktorea txertatuta, 2-14 urte bitartekoetan zer gertatuko den aztertuta, erabilera jaitsi egingo da gainerako herrialdeetan, baina Araban ez: egun haur eta gaztetxoen %5,9k erabiltzen dute euskara, eta 2036an %7,1ek erabiliko dute. 

Aldagai horretan ere, aurrez aipatutako patroia berriro: igoera aski nabarmena izango da euskara eta gaztelania ez beste hizkuntza bat erabiltzen dutenen multzoan: %4,9 da orain, eta %10 izango da gero.

Aspalditik ez dago euskararen nagusitasun handiko eremurik Araban. 2036an ere erdara nagusi den eremuan biziko dira arabarren %99,5.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.