Araba Euskaraz 2011, bi norabideko ospakizuna

Ekainaren 19an egingo dute Arabako ikastolen aldeko jaia, Laudion; ikastolak 40. urtemuga ere ospatuko du festan

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hamar egun falta dira Araba Euskaraz 2011rako, eta jaiaren azken zertzeladak zehazten ari dira antolatzaileak. Zer ospatua izango da ekainaren 19an Laudion egingo den jaian. Arabako ikastolen aldeko jaia ospakizunerako aski motibo bada berez, baina aurten beste ospakizun bat gehitu zaio:Laudio ikastolaren 40. urteurrena da.

«Badugu zer ospatua», azaldu zuen atzo jaiaren aurkezpena egiteko agerraldian Xabier Arrietak, Arabako Ikastolen Elkarteko presidenteak. «Euskarak eman duen aurrerapausoa handia izan da, eta gehien Araban egin du aurrera, bereziki Aiara eskualdean». Laudio ikastolak, gainontzeko ikastolekin batera, euskararen gorakada horretan zeresana duela uste du Arrietak.

Laudio ikastolaren ibilbideari egingo zaion omenaldia goizeko hamarretan hasiko da. 1971. urtean egungo ikastetxeak lehen pausoak eman zituen toki berean emango zaio hasiera Arabako ikastolen jaiari: Laudioko Galmaka auzoan. Hain zuzen ere, toki horretan egin zen Laudion euskarazko ikastetxe bat ezartzeko lehen saioa. 1960ko hamarkadaren hasieran izan zen, Errazti sendiaren eskutik.

Enpresa bateko txalet batean, aurrefabrikatutako eraikinetan, Galiziako Elkartearen egoitzan... Hamaika tokitan eman zituzten eskolak, 1978. urtean gurasoen kooperatibak egungo egoitza egin zuen arte. Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin zuten urratsa. Ordutik ere leku falta izan dute sarri eskaria asetzeko. Hala ere, ezin uka, garaiko langile eta gurasoen eskutik aurrera egin zuen Laudio ikastolak.

Lau hamarkadako bide hori egin duten pertsonei omenaldia egin nahi die jaiaren aurtengo leloak: Bagare. Leloarekin batera dauden Izan zirelako gara eta Garelako izango dira esaldiek ideia horretan sakontzen dute. «Iraganeko bultzada gogorarazi, garai honetara ekarri eta etorkizunera bideratu nahi dugu, gure hezkuntza egitasmoa aurrera eramateko», nabarmendu du Ainhoa Uriartek, Laudio ikastolako lehendakariak.

Ikastola sortu zuten familiak gogora ekartzeaz gain, omenaldi berezi bat egingo dute 11:30ean Laudio ikastolan bertan. Alde batetik, 1960ko egitasmoa aurrera ateratzen saiatu zen Errazti familiari omenaldia egingo zaio. Euskara debekatuta zegoen garaian abiarazi eta Laudio ikastola 1977. urtean legeztatu zen arte irekita eduki zuten. Bestetik, Iñaki Mendiguren omenduko du Laudio ikastolak. «Gurekin egon ez arren, gure zuzendaria da», azaldu du Uriartek. «Ikastola dagoen lekuan badago, Iñakik egindako lanagatik da». Ikastolaren alde hiru hamarkadatan egindako lanean D eredua, Batxilergoa eta Haur Eskola ezarri ziren, besteak beste.

Ekintza sorta zabala

Ekainaren 19an, goizean goizetik,ekintza sorta zabala egongo da. Hasiera ekitaldiarekin batera, ibilbidea irekitzean, jaiari hasiera emango zaio ibilbideko guneetan. Lau kilometro inguruko bidea prestatu dute antolatzaileek, eta bertan lau gune jarri dituzte. Laudio ikastolako zuzendari Juancar Bermejok nabarmendu du «hiri ibilbidea» dela. Lehen gunea Herriko Plazaren ondoan egongo da; bigarrena, Lamuza parkean; hirugarrena, Ugarte auzoan; eta laugarrena, Ellakuriko zelaietan.

Familientzako jaia izango dela aurreratu du Ainhoa Uriartek. Hori lortzeko, gune bakoitza pertsona jakin batzuentzat prestatu beharrean, ekimen sorta zabala prestatu dute lehen hiru guneetan. Hiruretan izango dira umeentzako ekimenak, puzgarri eta tailerrekin, baita gaztetxoenetzako antzerki eta musika saioak ere. Parkeko pergolan globoflexia tailerra eta ludoteka egongo dira hamaiketatik ordu batak arte. Bitartean, hirugarren gunean, umeentzako txupinazoa bota eta entzierroa egingo dute, Porrotxen parte hartzearekin, besteak beste. Horrez gain, herri kirolak ere izango dira lehen hiru guneetan. Kontzertuek aparteko tokia izango dute egun osoan. Lehen hiru guneetan zuzeneko musika egongo da, baina Ellakuriko gunea izango da kontzertu gehien hartuko duena. Hamaiketan, The Fucking Birds eta Apurtu Arte taldeek kontzertua emango dute. Txapelpunkek ordu batean hartuko du lekukoa, eta Ze Esatek! taldeak ondoren hasiko du kontzertua. Governors izango da jotzen azkena.

Laudiora heltzeko garraio publikoaren alde egin dute antolatzaileek. Gasteiztik doazenentzat, euskaltegi edo elkarteek antolatzen dituzten autobusez gain, La Union enpresak ere autobus bereziak jarriko dituela jakinarazi dute. 09:15ean eta 11:15ean aterako dira, eta sarrerak aldez aurretik erostera aholkatu dute, enpresak behar beste autobus presta ditzan.

Bizkaitik doazen pertsonei, berriz, trena hartzeko aholku eman diete, Laudioko geltokia festako ibilbidetik oso metro gutxira baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.