Amurrion egingo da igandean aurtengo Araba Euskaraz . Hori dela eta, Juan Jose Ibarretxek harrera egin die antolatzaileei Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan. Edurne Ramon Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Joseba Aginagalde zuzendaria, eta Amurrioko Arezketa Ikastolako arduradun Francisco Velarde eta Aitor Garate.
Agertu dutenez, Amurrion eta Araba osoan euskararen erabilera bultzatzea da beren helburua, eta, era berean, ikasleak zein gurasoak "ikastolen proiektuan murgilaraztea". Igandean bero egin dezakeela eta, itzal askoko ibilbidea eratu dutela azaldu dute, eta, bereziki, bi gune handi egongo direla jendeak atsedena lasai hartzeko modukoak. Jai arloko ekitaldi gehienak gune horietan egingo dituzte.
Ibarretxe jarduneko lehendakariari igandean Araba Euskarazera joateko deia egin diote. Halaber, 60.000 bat lagun espero dituztela agertu dute.
Igandean jasotako dirua Amurrioko ikastolan aterbea duen jolas eremua eratzeko eta Haur Hezkuntzako ikasleen eraikinak egokitzeko erabiliko dutela jakinarazi dute. Araba Euskaraz Amurrion egiten den hirugarren aldia da (1986an eta 1996an ere han egin zen).
Euskara