Cañaveras Solarrek Eusko Jaurlaritzaren baimena jaso du, ingurumen inpaktuari buruzko txosten baten bidez, Agurainen (Araba) egin asmo duen zentral fotovoltaikoa egiteko. Bestalde, Jaurlaritzak antzeko beste proiektu bati ere eman dio baimena; Ventaja Solar enpresak sustatu du, Arespalditzarako (Araba). Aguraingoa da bietatik handiena eta zalaparta ozenena eragin duena. Izan ere, Cañaveras Solarrek hori eta beste proiektu bat —are handiagoa— sustatu ditu udalerrian, eta Aguraingo Udalak mozio bat onartu zuen apirilean, proiektuak baztertuz.
15,75 megawatteko potentzia izango du ingurumen onespena jaso berri duen parkeak, Ubalza izenekoak, eta 22 hektarea hartuko ditu. Hain zuzen, udalaren kexa da «balio estrategiko handiko nekazaritza lurrak» hartuko dituela, baita jendea bizi den inguruetatik gertu egongo dela ere. Udalak esana zuen jada eskatua ziola enpresari proiektua aldatzeko, baina hark ez ziola jaramonik egin. Bestalde, Aguraingo erakunde publikoak sozietatean sartzeko aukera eskatu zuen. 2024an enpresak parkea aurkeztu zuenean, 26,63 megawatteko potentzia izatekoa zuen, baina aldaketak egin zituzten proiektuan urte hartan bertan.
Ubalza II proiektua ere aurkeztu zuen apirilean enpresak, eta tramitean dago orain. Potentzia ia bikoitza izango du parke horrek, 30,9 megawattekoa, eta ia 50.000 panel. 50 hektarea gaindituko lituzke zentral horrek. Proiektu hori aurkeztu eta gutxira aurkeztu zuen kexa udalak, aurrez enpresaren lehen proiektua ere tramitean baitzegoen. Orduan, Eusko Jaurlaritzari arduraz jokatzeko eskatu zion udalak, esanez energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak modu ordenatu batean hedatzekoak direla.
Arespalditzan ere bai
Ventaja Solar enpresak Arespalditzan proiektatutako Krabelin Solar parkeak ere Jaurlaritzaren ingurumen onespena jaso du gaur. Txikiagoa da parke hori, 6,04 megawatteko potentziakoa, eta 10.000 panelekin bihurtuko dituzte eguzki izpiak argindar. Hamar hektarea baino gehiago hartuko ditu horrek.
Bai Aguraingoak eta bai Arespalditzakoak neurri zuzentzaile batzuk hartu beharko dituzte eraikuntza fasean eta esplotazio fasean, ingurumen inpaktua apaltzeko.