Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 32 udalerrik betetzen dituzte tentsio handiko eremu izateko baldintzak

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eguneratu egin ditu tentsio eremuei buruzko datuak. 11 udalerrik utzi diote gune tentsionatu izateari.

Denis Itxaso Etxebizitza sailburua, gaur, tentsio handiko eremuen txostenaren aurkezpenean. IREKIA
Denis Itxaso Etxebizitza sailburua, gaur, tentsio handiko eremuen txostenaren aurkezpenean. IREKIA
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko maiatzaren 5a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaur aurkeztu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eremu tentsionatu izateko baldintzak betetzen dituzten udalerrien zerrenda eguneratua. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ondutako txostenak iazko urte amaiera arteko datu ofizialak jasotzen ditu, eta horren arabera, 32 udalerrik betetzen dituzte tentsio handiko eremu izateko baldintzak, legeak ezarritako hiru irizpideetako bat betetzen duelako —alokairuen eta salerosketen prezioen igoera, eta etxebizitza ordaintzeko gehiegizko gastua—.

Lurraldeka, Araban Gasteiz da hiru irizpideak betetzen dituen udalerri bakarra, Bizkaian hamazazpi udalerrik betetzen dute tentsio handiko eremu izendatzeko irizpideren bat, eta Gipuzkoan hamalauk. Udalerri horietan, guztira, 1,48 milioi biztanle baino gehiago bizi dira. Kalkulu hori egiteko, udalerri «tentsionagarrien» zerrendan sartu dira dagoeneko izendatu direnak edo tramitazio prozesuan daudenak, alegia, Galdakao (2. barrutia), Barakaldo (Bizkaia), Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Irun, Donostia, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Lezo (Gipuzkoa).

Zehazki, txostenak jasotzen duenez, Araban Dulantzik utzi egingo dio eremu tentsionatu izateari. Bizkaian, berriz, Bermeo partzialki tentsionatua egotetik osorik tentsionatuta egotera pasako litzateke, eta tentsio handiko eremu izatera pasako lirateke Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Elorrio, Erandio, Ermua, Gorliz, Lekeitio, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela eta Urduliz. Aldiz, gune tentsionatu izateari utziko liokete Etxebarrik, Ortuellak, Gernika-Lumok eta Trapagaranek.

Bizkaian, ia udalerri guztiak tentsio eremu gisa sailkatu dituzte legeak ezarritako hiru irizpideetatik bat betetzen dutelako. Adibidez, etxebizitzen salerosketen prezioek EAEn erregistratutako KPIa baino %3 gehiago egin dute gora azken bost urteetan Balmasedan, Berangon, Erandion, Gorlizen, Lekeition eta Sopelan, eta alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastuak (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) gutxienez etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa dira Basaurin, Bilbon, Erandion, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon.

Gipuzkoan, berriz, Zarautz zati batean tentsio eremu izatetik, tentsio handiko eremu izatera pasako litzateke, eta beste 11 gehiago batuko lirateke zerrenda horretara: Arrasate, Azkoitia, Bergara, Deba, Getaria, Hondarribia, Legazpi, Oiartzun, Oñati, Orio, Pasaia, Soraluze eta Tolosa. Eta, txostenaren arabera, beste sei herrik utziko liokete tentsio handiko eremu izateari: Andoain, Ordizia, Beasain, Urnieta, Lazkao eta Zestoa.

Bizkaiaren kasuan gertatzen den moduan, Gipuzkoan ere udalerri gehienak tentsio eremu gisa sailkatuko lirateke legeak ezarritako hiru irizpideetatik bakarra betetzeagatik. Esaterako, alokairuaren prezioek EAEn erregistratutako KPIa baino %3 gehiago egin dute gora azken bost urteetan Bergaran, Deban, Getarian, Hondarribian, Orion, Soraluzen eta Tolosan, eta horregatik pasako lirateke izatera tentsio handiko eremu.

Webgune berria martxan

Tentsio handiko eremuei buruzko informazio kanpaina eta webgunea ere aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak, herritarrek jakin dezaten zein udalerrik betetzen dituzten baldintzak zerrenda horretan egoteko, eta baita horietan sustatu beharreko ekintza planak eta etxebizitza politikak ezagutzeko ere. www.eremutentsionatua.euskadi.eus helbidean eskuragarri dago informazio guztia. Webgunean, mapa interaktiboak, txostenak eta ohiko galderen atal bat bilduta daude, euskaraz zein gazteleraz.

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak tentsio handiko eremuen «euskal eredua» aldarrikatu du gaurko agerraldian. Haren hitzetan, planaren helburu nagusia da babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza prest dago babes ofizialeko etxebizitzak alokairu erregimenean eraikitzen laguntzeko. Itxasok udalei eskatu die lurzoruak detektatu eta eskuragarri jartzeko, estrategiak ezartzeko hutsik dauden etxebizitzei irtenbidea emateko, eta udal eskumeneneko bestelako neurriak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.