Ingurumena

Araban egin asmo zituzten lau parke eolikoetatik bi geratu egin ditu Jaurlaritzak

Ingurumenean kalteak eragin ditzaketela argudiatu du Arkamon eta Iturrietan egin nahi zuten proiektua geratzeko. Aitzitik, Labrazako eta Azazetako proiektuen tramiteekin aurrera egiteko baimena eman dio Aixeindar sozietateari, zeina Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duten.

Iturrieta mendiak, Araban. ARABAKO MENDIAK ASKE
2021eko irailaren 29a
11:17
Entzun

Arkamoko eta Iturrietako (Araba) parke eolikoek ez dute aurrera egingo, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baimena ukatu baitie ingurumen baldintzak aztertu ondoren. Labrazako eta Azazetako (Araba) proiektuen tramiteekin, ordea, aurrera egiteko baimena eman dio Aixeindar sozietateari. Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dute sozietate hori.

Iazko abenduan jakinarazi zuen Araban lau parke eoliko jartzeko asmoa. Bertan behera geratu diren bi proiektuak ziren, hain zuzen ere, proposatutako parkerik handienak: Arkamokoak 95 MWeko ahalmena zuen, eta Iturrietako mendietakoak, berriz, 75 MWekoa; Azazetakoa eta Labrazakoa txikiagoak dira, 40 MWekoak.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak ondorengo adierazpenak egin ditu gaiaren inguruan: «Parke eoliko gehiago, bai, baina azterketa zorrotz baten pean eta, ingurumenari dagokionez, bermatzaileak izanda». Are, esan du energia berriztagarria sortzea, «erronka» bat izateaz gain, «beharrezkoa» dela, eta horren aldeko «apustua» egingo duela Jaurlaritzak.

Araban ingurumen gune babestuan daude proiektaturiko lau parke eolikoak, eta Arabako Foru Aldundiak eginiko txosten teknikoak ohartarazia zuen zer kalte eragin zezakeen. Arabako Mendiak Aske plataformak eta EH Bilduk, Podemosek eta Equok 20.000 alegaziotik gora aurkeztu dituzte proiektu horien aurka.

«Adostasun sozial eta politikoa»

Oposizioko alderdi politikoek ere adierazpenak egin dituzte Jaurlaritzak hartutako erabakiaren harira. EH Bilduk «adostasun sozial eta politikoa» eskatu dio gobernuari energia berriztagarrien hedapen ordenatu eta kontrolatua adosteko. EH Bilduko Arabako Batzar Nagusiko eledun Kike Fernandez de Pinedok adierazi du «albiste ona» dela Jaurlaritzak Arkamu eta Iturrietako zentral eolikoei uko egin izana, baina oraindik ere Lurralde Plan Sektoriala izateko «beharra» dagoela. «Aktibazioak eta erantzun sozialak fruituak eman dituzte; orain lanean jarraitu behar dugu trantsizio energetiko egoki eta orekatu bat adosteko», gaineratu du Fernandez de Pinedok.

Equo Berdeak alderdiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio uko egin diezaiola Azazetan eta Labrazan parke eolikoak jartzeari, Arkamon eta Iturrietan baztertutakoak bezalako kokaleku desegokiak baitira. Alderdi horrentzat, beste eremu batzuetan eraikitzea da alternatibarik onena: «Energia berriztagarriak hedatzeko badaude beste toki alternatibo batzuk; ulertezina eta onartezina da kokapen horiek aukeratzea. Hain da handia eremu horietan landa, natura, historia, kultura eta paisaia ondareak duen eragina».

Alderdi ekologistak ere garapen deszentralizatuaren bidez lurraldean berriztagarriak ezartzearen aldeko apustua berretsi du. Era berean, esan du berriztagarriekin sortzen den energiaren kontrola «gutxi batzuen esku» egon beharrean tokiko populazioaren esku egon behar dela.

Jardunaldiak Nafarroan

Araban bezala, Nafarroan ere proiektu berriztagarrien aurkako hainbat mobilizazio eta ekintza antolatu dituzte azken hilabeteotan. Oraingo honetan, NEE Nafarroako Energia Eraldatzen eguzki eta haize poligonoek kalte egindako Nafarroako herri eta eskualdeetako plataformen koordinakundeak jardunaldiak antolatu ditu, Berriztagarriak BAI, honela EZ lelopean.Jarunardiak Iruñean izango dira, urriaren 4an eta 6an. 18:30ean hasi eta 21:00ean amaituko dira. Mintzaldiek, baliabide energetiko eta mineralen murrizketaren testuingurua kontuan hartuta, trantsizio energetikoa izango dute ardatz nagusi.

Jardunaldi horiek egitearen arrazoi nagusia urriaren 6an eta 7an Iruñeko Nafarroa Arenan egingo den Trantsizio Ekologikorako Industriaren II. Nazioarteko Biltzarra izeneko kongresua da. Horregatik, mintzaldiez gain, urriaren 6rako eta 7rako elkarretaratzeak antolatu dituzte Aizagerria plazan, Nafarroa Arena eraikinaren ondoan. Lehenengoa 08:30ean izango da, kongresuaren hasierarekin batera. Bigarrena, berriz, 17:30ean izango da, kongresua amaitzen denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.