Naturaren kontserbazioan diharduten elkarteak batzen dituen Naturkon kolektiboak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiko bi zuzendarik, Obra Hidraulikoetakoak eta Mendietakoak, Tolosako Epaitegian deklaratu beharko dutela asteazken honetan, lurralde antolamenduaren aurkako delituak egitea egotzita. Hain justu, iaz Aralarren Enirio-Aralarreko Mankomunitateak sustatuta eraiki zen pista baten "arduradunak" izatea leporatzen diete.
Aralarren egiten ari diren pisten harira ugariak dira erakunde naturalista eta kontserbazionisten protestak, eta, hain justu, Eguzki eta Landarlan elkarteek jarritako salaketa baten harira deituko dituzte deklaratzera aldundiko bi arduradunak; Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensio. Lehena Mendietako zuzendaria da eta bestea orain Obra Hidraulikoetako zuzendaria bada ere, Ingurumen zuzendari izandakoa.
Naturkoneko ordezkariek prentsa ohar batean adierazi dute legez "debekatuta" dagoela Aralarren pista berriak egitea, eta, gainera, onetsi zuten proiektuak ez zuela betetzen Natura 2000 sareko guneetan indarrean dagoen legedia. Horiek guztiak aintzat hartu gabe, bi zuzendariek beste pista bat zabaltzeko tramitazioa ere abiatu dutela salatu du elkarte naturalisten topaguneak, eta kritika egin du. "Ekintza horiekin bi zuzendari horiek gaitasun eza eta arduragabekeria politikoa ari dira erakusten".