Aralarrek alderditik egotzi ditu hiru legebiltzarkideak

Erostarbe, Ezenarro eta Basaberen jarrera «oso larritzat» jo du berme batzordeak, eta karguak itzultzeko eskatu zaie

joxerra senar
2012ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Aralarretik kanpo geratu dira Aintzane Ezenarro, Oxel Erostarbe eta Mikel Basabe. Apirilaren 4an, Aralarreko zuzendaritzak zigor espedientea ireki zien, eta prozesu horren gaineko ardura hartu duen Berme Batzordeak atzo helarazi zion Aralarreko zuzendaritzari bere ebazpena. Bertan dio hiru legebiltzarkideen jarrera «oso larria» izan dela, «batzarretan hartutako erabakiak betez zuzendaritzak emandako aginduei men ez egiteagatik». Zuzendaritzak atzo arratsaldean aztertu zuen ebazpenaren edukia, eta erabaki zuen hiru legebiltzarkideak alderditik kanporatu eta baja administratiboa tramitatzea.

Ezaguna den legez, martxoaren 30ean Eusko Legebiltzarrean Aralar taldeko lau legebiltzarkideetatik hiruk, alderdiaren irizpideen aurka, bakearen aldeko taldearen alde bozkatu zuten. Euren burua alderdiaren diziplinatik kanpo uzteaz gain, Aralarren printzipioen kontra jokatu zuela ondorioztatu zuen zuzendaritzak eta zigor espedientea ireki zien.

Geroztik espedienteaz arduratu den berme batzordeak atzo helarazi zizkion bere ondorioak zuzendaritzari. Horrek ulertzen du orain arte hartu dituzten erabakiak berretsi egin dituela batzordeak. Zuzendaritzaren arabera, espedientea irekita legebiltzarkideek jendaurrean eta komunikabideen aurrean azaldutako jarrerak agerian utzi du beren burua «Aralar alderdi politikotik kanpo autoesklusioz jartzeko zuten borondatea». Euren jarrerarekin egoera behartu dutela deritzo zuzendaritzak.

Hala, Aralarreko zuzendaritzak euren karguak eta legebiltzarreko bozeramaile kargua alderdiaren esku uztera dei egin die. Alderditik kanporatuak izan badira ere, ez daude behartuta eskaera hori betetzera. «Orain euren esku dago legebiltzarrean jarraituko duten edo ez erabakitzea». Euren karguei eustea erabakiko balute, Dani Maeztu izango litzateke Aralarreko legebiltzarkide bakarra, eta talde mistora igaro beharko luke. Kasu horretan, Erostarbek, Ezenarrok eta Basabek talde propioa osatu ahal izango lukete.

Atzo El País egunkariak argitaratutakoaren arabera, Aralar utzi duten militante ohiek Nahia izeneko alderdi bat osatzen ari dira, eta Barne Ministerioaren onespena jaso zain daude. Informazio horren arabera, alderdi berriak lege babesa emateaz gain, EAEko hauteskundeetarako plataforma eskaintzea luke helburu.

Zuzendaritzaren bilera egin aurretik, goizean Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak aferaz hitz egin zuen. Haren ustez, «transfugismoa politikaren ustelkerietako bat da». «Alderdi baten izenean aukeratuak izan, eta postu politikoarekin geratzen direnen erantzukizuna da, baina baita egoera horretaz baliatzen direnena ere», aipatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.