Auzitegi medikuaren txostenak argi eta garbi dio: Federico Martin Aramburu hunkitu zuten sei baletatik hiru bizkarrean jaso zituen. Medikuak berretsi du Loik Le Priolen tiroen ondorioz hil zela Federico Martin Aramburu; zehazki, egin zizkion sei tiroetarik bizkarrean jasotako biren ondorioz —hirugarrena ez zen hilgarria izan—. Le Priolen beste bi balak zauritu zuten, eta gainerako biak ez zituzten atzeman; denetara sei tiro egin zituen. Romain Bouvierren balak dira errugbilari ohia zauritu zuten beste biak, baina, auzitegi medikuaren arabera, bala horiek ez ziren hilgarriak izan. Halere, zehaztu du Bouvierren baletako bat Arambururen mugimenduaren ondorioz izan zela zaurigarria; kokatua zen lekuan hilgarria izan baitzitekeen.
Miarritzeko errugbilari ohiaren hilketaren inguruko auziaren bosgarren eguna izan da gaur, lehen asteko azkena: auzitegi medikuak deklaratu du, baita bere garaian Le Priolen armadako agintariak izandakoak ere. Aramburu 2022ko martxoan hil zuten tiroz, Parisko erdigunean, Welcome hotelaren aitzinean, aurrez borroka bat izan eta gero. Loik Le Priol, Romain Bouvier eta Lyson Rochemir dira akusatu nagusiak; erailketagatik epaitzen ari dira lehena, erailketa saiakeragatik Bouvier, eta erailketa saiakeran konplize aritzeagatik Rochemir. GUD eskuin muturreko talde bortitzeko kide izanak dira lehen biak, eta zenbait aldiz kondenatu dituzte indarkeriagatik.
Le Priolen defentsa lehen egunetik ez da aldatu: Arambururekin liskar batean zela eta bere burua «defendatzeko» egin zuela tiro; lehenik, airera, eta, gero, nora tirokatzen zuen begiratu gabe, itzulikatu eta ihes egiten hasi zenean. Auzitegi medikuaren txostenak eta erakutsi dituen balen ibilbideen eskemek, ordea, ez dute bat egiten bertsio horrekin, ordura arte ikusitako bideoek bezala: bizkarrean jaso zituen azken bi balak izan ziren hilgarriak, eta balen ibilbidea «ez da bateragarria» Le Priolen erranekin. Defentsako abokatuek, halere, azpimarratu nahi izan dute posible dela Le Priolek berak tiro egin zuenean bizkarrez izatea. Auzitegi medikuak erran du ez dela «menturazkoa» baina «posible» dela.
Bouvierren tiroei begira, medikuak erran du izterra hunkitu izanak eta gero klabikula hunkitu izanak argiki erakusten duela ez zuela zolari buruz tiro egin. Bouvierren abokatuak duda piztu nahi izan du epaimahaikideen artean, eta zera galdetu du: Bouvierren tiroak jaso izan balitu bakarrik, Arambururi zer-nolako lan geldialdia emanen ote zion auzitegi medikuak? Medikuak erran dio hamabost egunekoa izanen zela; neurri hori erabiltzen dute medikuek zauri baten larritasun juridikoa neurtzeko. Bouvierrek erran du «beldurrez eta itolarriz» zegoela eta «inprobisatzen» ari zela tiro egin zuenean.
Konplot «mediatiko politikoa»
Ordu erdi bat behar izan du goiz honetan balistika adituak Romain Bouvierren eta Loik Le Priolen etxeetan aurkitu zituzten armen zerrenda egiteko. Bouvierren apartamentuan, bildumako hemeretzi arma atzeman zituzten, eta mila kartutxo inguru. Balistika adituak erran du bildumak egiten dituztenen artean «ohikoa» dela arma kopuru hori atzematea; haatik, «ez da ohikoa» arma horietako batzuk kargatuak izatea. Bouvierren apartamentuan, erraterako, sei arma kargaturik atzeman zituzten miaketan.
Bouvierrek hitza hartu nahi izan du, eta auzian bigarren aldiz mintzatu da: «Dramaren arratsean etxea utzi nuenean, armak bilduak ziren, eta ez zeuden kargatuak. Esplikazioa faktuala da: miaketa egin zuten poliziek armak kargatu zituzten. Auzi hau hasieratik izan da mediatikoa, politikoa eta ideologikoa, eta polizia horiek nire etxea Taxi Driver filmeko Robet De Niroren etxea bezala beztitu zuten». Adituak fiskalari erantzunez erran du armak kargatuak atzematea «kezkagarria» dela. Le Priolen etxeen miaketari dagokionez, aitaren etxean sei arma aurkitu zituzten, eta Le Priolen etxean beste bi.
Halaber, Bouvierrek esplikatu du ez zuela parte hartu krimenaren berregitean, kazetari anitz zeudelako bertan, eta ez zuelako nahi bere argazkia zabal zezaten bera «hiltzaile nazi» izendatuz.
Armadako ibilbidea
Le Priol Frantziako armadako soldadu izandakoa da: afera honetan interesa pizten duten elementuetako bat da, eliteko unitate den itsas komandoetan aritu zenean Djibutiko emazte batek bortxaketagatik salatu baitzuen. Lan geldialdiak izan zituen gero trauma osteko estresagatik, eta Frantziara bidali zuten berriz, ofizialki, diagnostiko horren ondorioz. GUD taldeko kide bat torturatzeagatik salatu zutenean kanporatu zuten betiko armadatik, 2017an.
Trauma osteko estresaren diagnostikoa interesgarria da auziari begira, prozedurako bi adituk ez baitute bat egiten horrek gertakariei begira izan duen eraginari buruz: datozen astean entzunen dituzte bi psikologo horiek. Astelehenean, Le Priolek hitz egin zuenean, negarrez bezala kontatu zuen operazio horietan ikusi, bizi eta jasan zuenak traumatizatu zuela.
Militar gisa «borrokalari ezaugarriak» zituela kontatu du haren agintari izandakoak, baina «bere baitan konfiantza sobera» zuela, eta «autoritatearekin arazoak» zituela. 2015ean gertatu zen Djibutiko andrearen salaketaren harira, militarrak erran du armadaren eta emakumearen arteko akordio batekin bukatu zela auzia, eta segidarik gabe sailkatu zutela afera.
Parte zibilen abokatuak gogorarazi du emakumeak salaketa jarri zuenean aurpegia «erabat hantua» zuela, eta lau militarrek bortxatu zutela kontatu zutela, tartean Le Priolek. Abokatuak epaimahaiburuari galdetu dio emaztearen aurpegiaren argazkiak hedatzeko, baina defentsak horren kontra egin du, eta azkenean ez dituzte erakutsi. Parte zibilen galderen denbora osoa, Le Priolek ezezko keinuak egin ditu buruarekin, nardatua den seinale. Ondotik, hitza hartu du auzi saioan bigarren aldiz: «Armadatik Frantziara sartu nintzenean ez nuen onartu nahi buru osasunarengatik ahuldu nintzela, eta nahiago izan dut sartzeko aitzakia gisa aurkeztu Djibutiko emakumearekin gertatutakoa». Le Priolen defentsak dio Djibutin gisa horretako «jukutriak» ohikoak direla, «akusazio faltsuekin dirua irabazteko».