Gaur deklaratu dute Paueko auzitegian Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideak eta Beñat Atorrasagastik, atzo biak atxilotuak izan ondoren. Heletan (Nafarroa Beherea) atzeman zuten Aranalde, eta Urruñan (Lapurdi) Atorrasagasti. Epailearen aurretik igaro dira 09:30ean, eta epaiketa izan bitartean libre utzi ditu biak. Uztailaren 9an epaituko dituzte.
Gaztelun (Gipuzkoa) jaioa da Aranalde, eta 67 urte ditu. Iheslarien kolektiboak ekainaren 15ean konponbidera atxikitzeko prestasuna adieraziz Miarritzen egin zuen Herria dugu arnas ekitaldian parte hartu zuen. Aurrez, egun batzuk lehenago, kolektiboak bere ordezkaritza taldea aurkeztu zuenean, mintzaideetako bat izendatu zuen Aranalde. Aste horretan, Miarritzeko ekitaldi nagusia egin artean, hainbat elkarrizketa egin zituen euskal hedabideetan.
Espainiako Barne Ministerioak kaleratu duenez, euroagindu eskaera bati erantzunez atxilotu dute mintzaidea. Iturri berberen arabera, Miarritzeko ekitaldian parte hartu zuen iheslarien artean, euroagindu eskaera indarrean duen bakarra da.
Atorrasagasti
Lasakarra da Beñat Atorrasagasti. Iazko uztailean atxilotu zuten, Edinburgon, Eskozian. Han bizi zen azken urteetan familiarekin. 1996. eta 2001. urteen artean ETArentzat garraio lanak egitea egotzita atxiki zuten iaz. Urtarrilean, Frantziako epaitegien esku utzi zuten, eta otsailean askatu zuten.
Parisko Auzitegi Nagusiak epaitu, eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion. Ez zuten kartzelan sartu, ordea. Egotzitako gertakariak aspaldikoak zirela argudiatu zuen auzitegiko presidenteak, eta Atorrasagastik azken urteetan izandako "bilakaera" egokia izan zela. Espetxeratzea ez zela beharrezkoa ondorioztatu zuen horregatik. Atzo, Lapurdin atxilotu zuten Atorrasagasti, Urruñan.