Arantzazuk eta Bakiok bat eginda, UEMA «inoiz baino sendoago» dago

Udalerri euskaldunen eguna ospatu dute Diman, festa giroan. Guztira, 87 udalerrik osatzen dute mankomunitatea; 250.000 lagun biltzen ditu

UEMAn sartu diren herrietako ordezkariak, atzoko ekitaldian JUANAN RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Atzodanik, beste bi udalerri ditu UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Elkarteak batzar nagusia egin zuen Diman (Bizkaia), eta bertan onartu zuten Bakio (Bizkaia) eta Arantzazuko (Bizkaia) udalek mankomunitatera sartzeko egindako eskaria. Aurrerantzean, 87 izango dira mankomunitatea osatzen duten udalerriak, eta 250.000 lagun inguru bilduko ditu. UEMA «inoiz baino sendoago» dagoela esan zuen Josu Labaka mankomunitateko lehendakariak, batzarraren ostean egindako ekitaldi instituzionalean.

Halaber, euskararen lurgunea zabaltzeko eta sendotzeko beharra dagoela azpimarratu du Labakak, eta adierazi du horretan sakontzeko «beharrezkoa» dela udalerri euskaldunen babesa: «Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala ezinbestekoak dira udalerri hauei bizirik eusteko, eta udalerri hauek euskaldun izaten segitzeko». Udalerri horien garapenari buruzko hausnarketa jardunaldiak iragarri ditu UEMAko lehendakariak datozen hilabeteetarako. Euskalgintzako eta erakunde publikoetako zenbait ordezkariekitaldian izan ziren.

Batzarraz eta agerraldi instituzionalaz gain, bestelako ekitaldiak ere egin zituzten udalerri euskaldunen egunean. Euskararen erabilera aztertzeko mintegia izan zen horietako bat; han, parte hartzaileek aztertu zuten zer alde dagoen gazteen hizkuntza ezagutzaren eta erabileraren artean. Mintegiak ez ezik, bertso bazkari batek, herri kirolen jaialdi batek eta zenbait kontzertuk osatu zuten egitaraua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.