Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategi Arantzazulab-ek, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanerako akordio bat sinatu dute. Bi helburu nagusi izango ditu: elkarlanean «ikerketa kolaboratiboa» egitea laborategiaren helburuekin bat datozen esparruetan eta «ezagutza gune erreferente» bihurtzea. Atzo sinatu zuten hitzarmena Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak, Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordeak, Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak eta Arantzazulab-eko zuzendari nagusi Naiara Goiak.
Ohar bidez azaldu dutenez, Arantzazulab sortu zenetik erakundeek elkarren artean izandako harremanak sendotu nahi dituzte, eta aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduerak zehaztu dituzte akordioan, adibidez, ikerketa, berrikuntza, ezaguza sortzea eta eraldatzea, sareko lana eta lankidetzako proiektuen sustapena.
Ikerketaren garrantzia
Akordioak ikerketarako izango duen balioari erreparatu dio Goiak: «Ikerketa Elkargunea abian da. Unibertsitate ezberdinen banakako ikerketen batuketaz haratago, elkarlanean oinarritutako hausnarketa eta ikerketa elkargunea izatea da Arantzazulab-en balio proposamena». Arantzazulab-ek proposatutako gaien inguruan ikertuko dute, eta askotariko diziplinetako eta belaunaldi desberdinetako ikertzaileak bildu nahi dituzte. «Elkarlanean garatutako ezagutza ez da unibertsitateen edota Arantzazulab-en eremuan bakarrik geratuko, baizik eta hori gizarteratzeko ahalegin berezia egingo da», erantsi dute. Hitzarmenaren bidez, unibertsitateek eskura jarriko dituzte baliabideak eta orain arte pilatu duten eskarmentua ere. Ikerketaz gain, jardunaldiak, gogoeta saioak eta difusio programak ere garatu asmo dituzte elkarlanean.