Xalbador Garmendia

Arantzazun deklinabidea landu zuena

MAIER UGARTEMENDIA / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Orain hilabete pasatxo ospatu zuten urteurrena Arantzazun: 50 urte dira euskara batua sortzeko biltzar nagusia egin zutela. Bost txosten idatzi zituzten batzarrean aztertzeko —nagusia, Koldo Mitxelenarena, Ortografia izenekoa—, eta horietako baten egilea hil zen atzo: Xalbador Garmendia. Deklinabideari buruzko txostena aurkeztu zuen 1968ko batzarrean. Euskal kultura sustatzen jardun zen hainbat esparrutan, eta, hizkuntzari dagokionez, bereziki itzulpengintzan aritu zen. Zaldibian (Gipuzkoa) jaio zen, eta 86 urterekin hil da, urteetan bizileku zuen herrian, Anoetan (Gipuzkoa). Bihar egingo diote hileta.

Teologia ikasketak egin zituen Erroman, eta sakramentinoetan ibili zen Tolosan; Udaberri dantza taldearen sortzaileetakoa izan zen. Antzerkiaren arloan ere aritu zen 1960ko hamarkadan, eta Historia triste bat (1964) obra idatzi zuen. Euskal antzerkia berritzearen alde egin zuen. Batez ere itzulpengintzan egin zuen bidea, hala ere. Hark ekarri zituen euskarara, adibidez,Albert Camusen Les Justes (Gizon zuzenak, 1967), Antoine de Saint-Exuperyren Le Petit Prince (Printze txikia, 1970) eta Gabriel Gracia Marquezen Crónica de una muerte anunciada (Heriotza iragarritako baten kronika, 1982). Eusko Kontseilu Goreneko itzultzaile gisara, Gernikako Estatutua itzultzen jardun zuen. Euskaltzain urgazle zen 1965etik.

Komunikabideen sektorean aritu zen Garmendia; esate baterako, euskara zuzentzailea izan zen Zeruko Argia-n eta Egin-en. Ikastolen Elkartean ere aritu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.