Salbuespena izan behar du administrazioarekin soilik modu elektronikoan erlazionatu ahal izateak, eta herritarrek eskubidea dute harekin zer modutan komunikatu aukeratzeko. Horixe gogorarazi dio EAEko Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari. Erretiratutako lagun batek kexa bat helarazi zion Bizkaiko Ogasunari, informazioa egoitza elektronikoan soilik jaso zezakeelako. Ogasunekoek, ordea, erantzun zioten, indarrean den legediaren arabera, «administrazioarekin modu elektronikoan komunikatu behar duen zergaduna» dela bera.
Arartekoak ez du berdin ebatzi. «Zerbitzu horren erantzuna ez dator bat indarrean den legediarekin», azaldu du ebazpenean. Modu elektronikoan soilik erlazionatzera behartzeak salbuespenezko neurria izan behar du, herritarrek nola komunikatu aukeratzeko eskubidea baitute. Herritarren defendatzaileak Foru Aldundiari gomendatu dio herritarrekin harremana duten langileei formakuntzak emateko, ematen duten informazioa «legediari lotutakoa, gertukoa eta ulergarria izan dadin, bereziki eten digitalak eragiten dien kolektiboentzat».
Salatutakoa bezalako kasuetan, arartekoak administrazioa bultzatu du jakinarazpenak herritarrak hautatutako bidetik egitera. Eten digitala pairatzen duten kolektiboen egoera ebaluatzeko ere gomendatu die, jakiteko ea posible den haiek modu elektronikoan soilik erlazionatzera behartzea.