EUSKARA

Arartekora jo dute Iruñeko haur eskoletako gurasoek, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko

"Orain arteko eskaintza desorekatu eta ulergaitza orekatzen hasia zen unean, bat-batean, neurri bidegabe batzuekin egin dugu topo", adierazi du Itziar Luri gurasoen bozeramaileak. Behatokiak eta Iruñeko euskalgintzako hainbat kidek babesa adierazi diete gurasoei.

Gurasak eta euskalgintzako kideak, Arartekoaren bulegoaren atarian. INIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko ekainaren 9a
08:43
Entzun

Iruñeko euskarazko haur eskoletan izena emandako gurasoek, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta euskalgintzako hainbat ordezkarik Nafarroako Arartekora jo dute, epaile batek bi haur eskolen eredu aldaketa bertan behera utzi zuela salatzeko, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean laguntza eman dezan.

"Orain arteko eskaintza desorekatu eta ulergaitza orekatzen hasia zen unean, bat-batean, neurri bidegabe batzuekin egin dugu topo. Gogoratu behar dugu Udalak planteatutako aldaketek euskaraz bizi nahi duten familia askoren egoera arinduko dutela, baina inolaz ere ez dute gutariko askoren egoera konponduko. Izan ere, guk egiten dugun hautua, euskarazko haur eskola, Iruñeko lau auzotan besterik ez baita eskainiko", adierazi du Itziar Luri gurasoen bozeramaileak, Arartekoaren bulegoaren atarian. "Gutako askok oraindik ere egunero hamarnaka kilometro egin behar izanen ditugu gure seme-alabak euskaraz hezi ahal izateko. Bestalde, haien haurrak erdaraz hezi nahi dituztenetako batzuek, aldaketa hauekin, gehienez ere 10 minutuko desplazamenduak egin beharko dituzte haien hautua aurrera eramateko".

Hori dela eta, epaileak ezarritako kautelazko neurriak "diskriminatzaileak" direla esan du Lurik. "Iruindar guztiontzat egoera justuago eta orekatuagoa zekarren aldaketa geldiarazi du epaile batek eta gaur gaurkoz ez dakigu zer gertatuko den egin dugun matrikularekin". Arartekoari azalduko diote bi eskubide urratu dizkietela: batetik, seme-alabak euskaraz hezteko eskubidea, eta bestetik, aurrematrikula egin izanak guraso guztiei ematen dien eskubidea, plaza erreserbatzeko.

Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, bestalde, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala izan du mintzagai. Haren irudiko, 24, 25 eta 26. artikuluak urratzen ditu Iruñeko haur eskolen hizkuntza ereduen kontrako epaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.