Araua aldatuta, euskaraz egin dezakete Espainiako Kongresuan

EAJren zuzenketa onartu dute, itzulpenek balio juridikoa izan dezaten. EH Bilduk PSNri eskatu dio ezabatu dezala euskararen zonifikazioa. PPk PSOEri leporatu dio abertzaleei «men» egitea

Isabel Rodriguez eta Miquel Iceta Espainiako ministroak itzulpena aditzeko entzungailuak jarrita, atzo, Espainiako Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iker Tubia.
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hasiak ziren euskaraz, katalanez eta galizieraz solastatzen, baina hemendik aurrera berme juridiko handiagoarekin eginen dute. Atzo onartu zuten Espainiako Diputatuen Kongresuko araudi aldaketa, han hizkuntza gutxituetan mintzatu ahal izateko. 180 diputaturen baiezko botoekin atera zen aurrera moldaketa —PSOE, Sumar, ERC, Bildu, EAJ, BNG, Junts, Koalizio Kanariarra eta PPko bat erratuta—; gainerako 170 diputatuek kontrako botoa eman zuten —PP, Vox eta UPN—. Alderdi abertzaleak kontent ziren aldaketarekin; PPk independentisten nahien arabera aritzea leporatu zion PSOEri, eta Borja Senperrek ez zuen euskaraz hitz egin.

Zuzenketak eztabaidatu eta araudia aldatzea onartu zuten atzo. EAJren zuzenketa baino ez zen aurrera atera. Jeltzaleek eskatu zuten itzulpenek balio juridikoa izateko, Espainiako Kongresuan onartzen diren lege ekinaldiak gaztelaniaz bestelako hizkuntzetan argitaratu daitezen. «Eskatzen dugu ahal bezain laster Mahaiak beharrezko akordioak egin ditzala ganberak behin betiko onartutako lege ekinaldiak argitaratuak izan daitezen Kongresuko aldizkari ofizialean, benetako izaera ofizialarekin», esan zuen Joseba Andoni Agirretxea EAJko diputatuak —euskaraz mintzatu zen—. Modu horretan legeak «indarra» eta «balio juridikoa» izanen dituela uste du.

Hizkuntza gutxituen aldeko aldarriak aditu ziren Kongresuan. Bel Pozueta Nafarroaz aritu zen EH Bilduren hitzaldian, euskaraz eta gaztelaniaz: zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu zien PSOEri eta PSNri. «Nafarroan politika publikoak egin dira euskararen kontra, eta UPNk eta PSNk bat egin dute euskararen kontrako politika horietan». Santos Cerdan (PSN), Alberto Catalan (UPN), Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero (PP) diputatuei gogorarazi zien euskara lingua navarrorum dela. Euskarak beste eremu bat hartzea haren aldeko urratsa zela gaineratu zuen.

PSOEren jarrera nagusiki katalanez defendatu zuen Marc Lamua diputatuak, eta hizkuntzak «elkargune» direla aldarrikatu: «Araudian esplizituki jasota ez dauden aferak jada ezin izanen dira erabili hemiziklo hau aurrez aurre jartzeko eta banatzeko». Esan zuenez, «ezin zuten onartu» hizkuntzak «zarata» eta «gatazka» egiteko erabiltzea: «Hizkuntza aniztasunak ez du banatzen, aberastu baizik, beti». Bestalde, PPri kontraesanetan erortzea leporatu zion, Galizian lanpostu publikoetan galiziera eskatzen duelako, eta Balearretan, berriz, katalana «ahal duen leku guzietatik» ezabatu.

Senperrek euskara bazter

Kongresuko araudia moldatzearen aurka agertu zen PP, eta Senperrek defendatu zuen bere alderdiaren jarrera. Atzo, asteartean ez bezala, ez zuen euskaraz egin. Errealitatea «faltsutzea» leporatu zion PSOEri, haren argumentuak «antzezpen hutsa» direlakoan. Aldaketa «legez kanpokoa» zela esan zuen, eta erabakia haiek gabe hartzea txarretsi, «halako garrantzia duen» aldaketa batek «diputatu gehien duen alderdiaren» onespena beharko lukeelakoan. Senperrek esan zuen gaztelania dela «hizkuntza komuna», eta «arazotzat» jo zuen hori ukatzea.

Kataluniako preso politikoen amnistiaz mintzatu zen Senper, eta jarrera aldatzeko eskatu zien PSOEko diputatuei: «Xenda honetatik jarraitu aurretik, hausnartu ezazue». Izan ere, PPko diputatuak uste du araudia aldatuta alderdi independentisten eskariei «men» egin diela Pedro Sanchezek; are, iragarri zuen gehiagotan eginen duela. «Non dago muga?», galdetu zuen. PPk hiru zuzenketa aurkeztu zizkion legeari, baina Kongresuko gehiengoak atzera bota zituen hirurak. Voxek osoko zuzenketa aurkeztu zuen, baina gainerako alderdiek ez zuten babestu.

Kataluniako alderdiek begi onez ikusi zuten moldaketa, baina zuhurtziaz mintzatu ziren. «Diskriminatu gintuzten horiek berak dira orain hizkuntza koofizialen defendatzaile agertzen direnak, hemen eta Europan», esan zuen Pilar Calvo JxCko diputatuak, PSOEri erreferentzia eginez. Bere alderdiari loreak botatzeko ere profitatu zuen: «Argi dago ekuazioan Junts falta zela».

ERCko Montserrat Bassak esan zuen «kontent» zegoela bere hizkuntzan hitz egin zezakeelako, eta «historikotzat» jo zuen erabakia, Europan hizkuntza ofiziala izateko bidean «beharrezko urratsa» delakoan. Ñabardura egin zuen, haatik: «Ez gara Espainiako Estatua erreformatzera etorri; gure behin betiko independentzia ailegatzen ez den bitartean, ERCk gure eskubideen alde borrokatzen jarraituko du».

Aragoieraz ere bai

Euskara, galiziera eta katalana ez ezik, aragoiera ere aditu zen atzo. Jorge Pueyo Chunta Aragonesista alderdiko diputatuak hitza hartu zuen Voxeko Maria Jose Rodriguezi erantzuteko, jasandako hizkuntza jazarpenarengatik trufa egin baitzion. «Errepresio linguistikoa jasan dugu, hori egia da», esan zion, irmo, Pueyok: «Jende horrek [Voxekoak] beti zentsuratu gaitu, eta beti jazarri zaigu. Nik ezin izan nuen nire hizkuntzan ikasi, eta aragoiarrek ez dituzte hizkuntza eskubide guziak». Hizkuntza guziak errespetatzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.