Arautegia irakurrita, zubi lana egitera

Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu du Irene Arrarats Lizeaga zuzentzaile, itzultzaile eta BERRIAko euskara arduraduna.

Irene Arrarats Lizeaga, gaur, Bilbon, euskaltzain oso izendatu duten Euskaltzaindiaren osoko bilkuran. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irene Arrarats Lizeaga, gaur, Bilbon, euskaltzain oso izendatu duten Euskaltzaindiaren osoko bilkuran. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko azaroaren 28a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailean euskaltzain emeritu bihurtu zen Andres Alberdi, eta hark osoko bilkuran utzitako hutsunea nork beteko duen aukeratu dute gaur gainontzeko 23 euskaltzain osoek. Bilbon bildu dira, Euskaltzaindiaren egoitza nagusian. Irene Arrarats Lizeaga zuzentzaile eta itzultzailea izan da hautagai bakarra. Bozketa egin bitartean, kanpoan egon da zain, emaitza jakiteko prest, etxeko lanak eginda: «Euskaltzaindiaren arautegia irakurrita etorri naiz, jakiteko nora sartzen naizen», ohartarazi die euskaltzainei. «Lehenengo aldiz historian zehar», gehitu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Arautegian, besteak beste, erakundearen helburuak ageri dira, zerrendatuta, eta, leitzean, haietako batek atentzioa eman zion Arraratsi. «Esaten du Euskaltzaindiaren xedeetako bat dela lan egitea hizkuntza alor guztietan gai izan dadin. Hori irakurrita, gogora etorri zait Euskaldunon Egunkaria-ren lehen estilo liburuan nola esaten zen euskara gai dela gai guztiak euskaratzeko. Bistan da gure helburua bat bera dela alde horretatik». Arrarats BERRIAko euskara arduraduna eta estilo liburuaren egilea da, eta Egunkaria-koa idazten ere parte hartu zuen.

Egin dute bozketa euskaltzainek, eta onartu dute Arrarats taldean. Andres Urrutia euskaltzainburuak lagunduta sartu da bilkura aretora. Zutik eta txaloka hartu dute. Urrutiak mahaiburuaren lekura eroan du Arrarats, Resurreccion Maria Azkue akademiako lehen presidentearen koadroaren oinetara, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe ezker-eskuma zituztela. Iraganaren begiradapetik etorkizunera begira. Arraratsek eskerrak eman dizkie zuzendaritzakoei, bere hautagaitza aurkeztu zutenei eta hainbat urtez Euskaltzaindian lankide izan dituenei. Gero, bere lekuan eseri da, Paskual Rekalderen ondoan, bilkuran aurrera jarraitzeko. Dokumentu mordoa zeukan zain.

Urteetako lana

Aurrerantzean, hilero halako bilera batean parte hartu beharko du Arraratsek, baina aspaldikoa du harremana akademiarekin. 2007an hasi zen batzordeetan parte hartzen. Lehenengo, Exonomastikan eta Hiztegi Batuko lantaldean aritu zen, hamar urtez. Gaur egun, hauetan dihardu: Euskaltzaindiaren Hiztegia osatzeko lantaldean eta Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordean. 2018tik izan da euskaltzain urgazle. Zeregin horietan guztietan asko ikasi duela azpimarratu du Arraratsek.

Talde batean edo bestean ibili, batez ere helburu jakin bat lortu gura izan du: zubi lana egitea. «Saiatu naiz euskaraz aritzen garen profesionalon ikuspuntua akademiara ekartzen». Euskaltzain oso modura ere xede berari eutsiko diola esan du. «Begi bistakoa da elkarlana onuragarria dela: euskara biziberritzeko eta leku guztietara eramateko, denon ahalegina behar da». Euskarazko prentsaren garrantzia azpimarratu du, iruditzen zaiolako Euskaltzaindiarentzat tresna garrantzitsua dela: «Plaza da, probaleku moduko bat, ikusteko Euskaltzaindiak seinalatzen duen bide horretan zerk funtzionatzen duen eta zerk ez».

Euskaltzain berriak hilabete batzuk izango ditu orain sarrera hitzaldia prestatzeko; gero, erantzuna prestatuko du beste euskaltzain batek, eta bi lanok aurkeztuko dituzte Arraratsen harrera ekitaldi ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.