Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusia

Elga Molina: «Arazoaren konponbide bakarra ezin da izan eraiki, eraiki eta eraiki»

Tentsio handiko eremuen mapa, etxejabe handien erregistroa, 9/2025 foru legea... Egitasmo ugari sustatu ditu Elga Molinak, etxebizitzaren merkatuan eragiteko xedez.

Elga Molina, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusia. IÑIGO URIZ / FOKU
Elga Molina, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusia. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete darama karguan Elga Molinak (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1983). Bide orri jakin bat zuela iritsi zen Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendaritza nagusira, eta hari pausoz pauso jarraitu dio orain arte. Argi du helburua: merkatuak duen tentsioa arintzea eta etxebizitza eskuragarri egitea.

Zer balorazio egiten duzu karguan daramazun urtebete honetaz?

Oso pozik nago, erruz egin dugulako lan. Ikastaldi paregabea izan da, eta hasieran jarri genituen helburuetako batzuk lortu ditugu pixkanaka: tentsio handiko eremuen deklarazioa, Etxebizitza Ordainerraza Izateko Eskubideari buruzko 9/2025 legea, etxejabe handien erregistroa... Aurrerantzean, joan beharko dugu horiek gauzatzen eta hezurmamitzen. 2026. urtean are emaitza gehiago ikusiko ditugu.

Adibidez?

Abian ditugu, besteak beste, bizigarritasun dekretuaren moldaketa, etxebizitza kolaboratiboen legea, etxebizitza hutsen errolda... Gainera, urte bukaeran Etxebizitzaren Behatokia aurkeztuko dugu.

Zenbait erakunderentzat, konponbidea da gero eta etxebizitza gehiago eraikitzea. Bat zatoz?

Ez. Arazo konplikatuek nekez izanen dute konponbide sinplerik. Urteetan esan izan digute etxebizitzaren arazoaren konponbidea zera dela: eraiki, eraiki eta eraiki. Baina horrela bakarrik ezin da. Higiezinen burbuilak agerian utzi zuen hori: garai hartan, 7.000tik gora etxebizitza merkaturatu ziren, eta zer ekarri zuen horrek? Prezioek gora egitea.

Beharrezkoa da etxeak eraikitzen segitzea?

Bide guztiak jorratu behar dira. Badira etxe hutsak, noski, baina tentsio handiko eremuetan, normalean, eskaria eskaintza baino askoz handiagoa izan ohi da. Horrez gain, populazioa handitzen ari da, eta horri ere erantzun bat eman behar zaio. Hortaz, etxeak eraiki bai, eraiki behar dira, baina politiken lehentasuna beste bat izan behar da: izan daitezela eskuragarri.

«Etxebizitza politikei heltzean, larrialdiei erreparatzen diegu lehenbizi: bizitokirik ez dutenen edo etxea galtzeko arriskuan direnen kasuei, besteak beste»

Nola egiten da hori?

Konponbideak transbertsala behar du, askotariko neurriekin. Alde batetik, etxebizitza publikoa lortu beharra dago, eta horretarako, eraikitzeaz gain, egun ditugunak zaharberritu behar ditugu, eta etxebizitza hutsak mobilizatu. Alokairu poltsa, adibidez, neurri garrantzitsua da, indartu eta egokitu beharrekoa.

Larritasun maila ez da bera gurasoen etxetik emantzipatu nahi duen pertsona batentzat edo etxetik egotzi eta kale gorrian utzi dituztenentzat.

Horregatik diot estrategiak izan behar duela zeharkakoa eta askotarikoa. Etxebizitza politikei heltzean, larrialdiei erreparatzen diegu lehenbizi: bizitokirik ez dutenen edo etxea galtzeko arriskuan direnen kasuei, besteak beste. Halakoetarako dugu Etxebizitza Sozialerako Funtsa. Gobernuak etxebizitzak erosten ditu, entitate sozialen esku uzteko eta larrialdian direnei konponbide bat eskaintzeko. Aurten, hirukoiztu egin dugu horretarako diru saila. Nolanahi ere, etxebizitza politikak zabalagoak izan behar dira. Iritsi behar dute gizartearen geruza guztietara.

Nola?

Aukerak dibertsifikatuz eta tipologia berriak eskainiz. Adibidez, berriki arautu ditugu alokairu ordainerrazeko etxebizitzen promozioak. Alokairu sozial baten baldintzak bete ez, baina, era berean, merkatu pribatuko errenta bat ordaindu ezin dutenei zuzenduta dago tipologia hori. Bestalde, azalera eskubidearen salerosketa ere arautu dugu. Horren arabera, etxebizitzaren erabilera erosi ahalko duzu 75 urtez, eta hortaz, bizi artean bermatua izanen duzu etxea, titulartasuna ez baduzu ere.

«Tentsio handiko eremuen mapak aukera eman digu arazoa bere osoan ikusteko, eta bi estrategia garatzeko: bata zerrendan dauden 21 udalerriekin batera, eta bestea landa eremuko herriei begira»

Maiatzean, 21 udalerri izendatu zenituzten tentsio handiko eremu. Zer eragin izan du horrek etxebizitza politiketan?

Ezinbestekoa izan da, ordena jartzen lagundu digulako. Lehendik ere ezagutzen genuen errealitatea, baina tentsio handiko eremuak mapa batean jartzeak aukera eman digu arazoa bere osoan ikusteko. Mapatze horri esker, gainera, bi estrategia diseinatu ahal izan ditugu: bat, tentsio handiko eremu izendatutako 21 herrietako udalekin elkarlanean; eta bestea, landa eremuko herriei begira, zerrenda horretatik kanpo egonagatik ere arazoak dituztelako etxebizitzarekin.

Noizko espero dituzue neurri hauen fruituak?

Goiz da oraindik. Katalunian, adibidez, tentsio handiko eremuetan neurriak ezarri eta urtebetera egiaztatu zuten alokairuen prezioak %5 inguru merkatu zirela.

Etxejabe handien errolda ere egin duzue, eta bost etxebizitzatik gora dituzten mila jabe inguru detektatu dituzue Nafarroan. Zertarako balio du zerrenda horrek?

Funtsean, etxebizitza horien guztien berri izateko, jakiteko zeintzuk dauden hutsik, nola dauden... Eta hortik aurrera, bermatzeko jabeek euren betebeharrak betetzen dituztela. Horregatik, epe bat eman diegu erroldan izena emateko eta informazioa partekatzeko.

Zenbatek eman dute izena?

Berrehun inguruk. Tira, normala da: jendeak zalantzak ditu, kontsultak egiten ditu... Kostako da etxejabe handi guztien datuak biltzea, baina horretarako gaude: argibideak emateko, laguntzeko, eta arrazoizko epe baten ostean izena eman ez badute, zigorrak jartzeko. Hartu ditugu neurri batzuk dagoeneko: etxejabe handien artean, badira egoitza fiskala Nafarroatik kanpo duten entitateak. Guk legez ezarri dugu egoitza Nafarroan izateko betebeharra: era horretan, maizterrek arazoren bat baldin badute, izanen dute nora jo, eta errazagoa izanen da etxejabe horiek topatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.