Arduradun politikoak euskaraz ari al dira?

Markel Olanok eta Josu Aztiriak arduradun politikoen ahalduntze linguistikoa izan dute hizpide Udaltopen. Adierazi dute badaudela aukerak EAJk eta EH Bilduk elkarrekin babes juridiko handiagoa emateko euskarari.

Olano eta Aztiria, gaur, Udaltop jardunaldietan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Olano eta Aztiria, gaur, Udaltop jardunaldietan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 23a
15:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Arduradun politikoak eredu eta eragile dira —edo izan behar lukete behintzat— zenbait eremutan, baita hizkuntzan ere. Gaur, haien jardunaz, ahalduntze linguistikoaz, aritu dira Udaltop jardunaldietan EAJko Euskadi Buru Batzarreko euskara arduradun Markel Olano eta EH Bilduko legebiltzarkide eta hizkuntza politikako gaien arduradun Josu Aztiria. Hainbat galdera egin dizkiete: arduradun politiko izateko, euskara menderatu behar al da? Zein hizkuntzatan egiten dituzte alderdiko bilkurak? Eta euskaraz egiten al diete herritarrei? Pixkanaka euskara nagusitzen ari direla diote, baina oraindik badago zereginik.

Hasteko, bakoitzak bere alderdi politikoaren jarduna nolakoa den kontatu du. Aztiriak azaldu du kode etiko bat sinatzen dutela EH Bilduko arduradun politiko izaterako, eta, besteak beste, hitzematen dutela euskara izatea «komunikaziorako hizkuntza»: «Ez baldin bada, konpromiso bat hartzen duzu hori eraldatzeko». Hori horrela, Aztiriaren arabera, Hego Euskal Herrian EH Bilduko hautetsien %85 euskaldunak dira; gainerako %15ek belarriprest jarrera dute. Olanok, berriz, ez du daturik eman, baina euskararen aldeko joera nabarmena dela ziurtatu du, lurraldearen arabera «egoera desberdina» bada ere.

Alta, batak zein besteak uste dute Euskal Herrian ordezkari politiko izateko euskaraz jakitea baino zerbait gehiago eskatu behar dela. Olano: «Euskara menderatzea ez da aski; ordezkariak, euskara menderatzeaz gainera, euskaltzale izan behar luke, eta, ezagutzaren ikuspegitik, soziolinguistikak ezartzen dituen diagnostikoak eta bideak barneratzeko esfortzua egin beharko luke». Antzera mintzo da Aztiria: «Hizkuntza menderatu behar du, noski, baina euskarak izan behar du haren lehenengo komunikazio hizkuntza: arduradun politiko batek ardura instituzional bat dauka, eta bide erakusle izan behar du».

«[Arduradun politikoak] Euskara menderatzea ez da aski; menderatzearekin batera, euskaltzale izan behar luke»

MARKEL OLANOEAJko Euzkadi Buru Batzarreko euskara arduraduna

Barrura eta kanpora begira, euskaraz

Ezagutzatik erabilerara egon ohi da sarri arrakala. Alderdi batek eta besteak diotenez, oro har, euskaraz funtzionatzen dute barnera begira. Hala ziurtatu du Olanok: «Nik Gipuzkoan bizi izan dudan bilakaera oso-oso positiboa izan da; orain, arduradun politikoen gehiengo oso-oso zabala da euskalduna, eta, gainera, egiten ditugun barne bileretan, harremanetan... euskara da nagusi; beste lurralde batzuetan, zoritxarrez, ez daude hainbeste aukera». Eta bilkura batean norbaitek ez badaki euskaraz, zer? «Horrek ez du baldintzatzen beste guztion portaera; euskara modu naturalean erabiltzen da batzar guztietan, nahiz eta lurraldearen arabera aldatzen den». Aztiriaren esanetan, EH Bilduk «nagusiki» euskaraz funtzionatzen du: «Nik ez dut lurralde batzuen egoeraren berri, baina, nagusiki, nire esperientziagatik, azkenaldian behintzat, batzarrak euskara hutsean izan dira; gero, interpretazio zerbitzua jartzen da». Koalizioaren azken kongresua jarri du adibidetzat: «Euskara hutsean izan zen, eta, esperimentazio moduan, azpititulu automatikoak erabili genituen».

«Azkenaldian behintzat, batzarrak euskara hutsean izan dira; gero, interpretazio zerbitzua jartzen da»

JOSU AZTIRIAEH Bilduko legebiltzarkidea

Baina alderdi politikoak, barrura begira ez ezik, kanpora begira ere ari dira: agerraldiak, parlamentuetako hizketaldiak... Aztiriak aitortu du jendaurrekoa dela atalik «delikatuena, konplikatuena» eta «gehien aurreratzeko» duten eremua. Dena dela, irizpide batzuk badituzte ezarriak: eremu euskaldunetan euskara hutsean aritzea eta hedabideetan «euskarari lehentasuna» ematea, baina ele bitan aritzea. Eusko Legebiltzarrean ere badute irizpide bat, fintzeko beharra ikusten badu ere: %70 euskaraz egitea. «Uste dut hortxe gaudela, baina iruditzen zait badugula komunikazioaren ikuspegitik zorrotzago ibiltzerik; jauzi bat egitea dagokigu orain». Erdarazko hedabideek gazteleraz aritzeko «presioa» egiten dutela ere nabarmendu du. Aldiz, Olanok ez du alderdiaren irizpideen berri eman, eta bere jarduna izan du hizpide: «Eusko Legebiltzarrera joan nintzenean, hautu oso pertsonala egin nuen: lehenengo aldiz mintzalekura hitz egitera atera nintzenean esan nuen [Eusko] Legebiltzarrean parte hartzen nuen guztietan euskaraz egingo nuela».

Akordiorako bidea

Norberaren jardunetik harago, euskalgintzak aspalditxoan badu eskaera bat alderdi politikoentzat: euskararen aurkako oldarraldi betean, euskararentzako babes juridiko sendoa ematea. Olanoren hitzetan, «oldarraldi izena eman zaion prozesu horrek» erantzun «oso konplexua» behar du. «Egia da epaitegietatik datozkigun makilakada horiek guztiak oztopo garrantzitsua direla, baina, konpondu bitartean, ardurak dauzkagu erakunde bakoitzaren baliabideak ongi kudeatzeko, arnasgune izateko».

Aztiriaren irudiko, orain, ezinbestekoak dira «ausardia eta erabakimena»: «Konplexua da, baina egin daiteke». Uste du «arkitektura juridikoan aldaketak» egin behar direla: «Berdintasunezko aterpe berri bat eraiki behar da euskararentzat». Esaterako, enplegu publikoaren legeak aldaketak behar dituela irizten zaio. Azaldu du EH Bilduren proposamenean jasota dagoela, besteak beste, lanpostu publikoa izateko bi hizkuntza ofizialak derrigorrez jakin beharra, eta elkarlanerako deia egin du.

Olanok zehaztu du elkarlanak «konfiantza» behar duela. Eta zera ere gehitu du: «Guk euskarari eta euskararen biziberritze prozesuei zentraltasuna ematen badiegu, argi daukagu bakoitzak bere aldetik lanean eta ahaleginean jardunda jai daukagula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.