Are hertsiago muga eta bizitza

Irungo Harrera Sarea geroz eta jende gehiago ari da artatzen. Mugako bide nagusiak kontrolatuak ditu Poliziak, eta horrek arriskuak hartzera behartzen ditu migratzaileak.

Irunera iritsi berri diren lau migratzaile Gurutze Gorriaren egoitzara sartzen, harrera sareko gautxori batek lagunduta. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Aperribai.
Irun
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Abisua jasoa dute Irungo Harrera Sarekoek: bi emakume helduko dira autobusean. Biek bidali dizkiete euren bidaia txartelen argazkiak sarekoei, eta, beraz, ez ditu ezustean harrapatu Bartzelonatik Irunera (Gipuzkoa) eraman dituen autobusetik jaitsi orduko Gari Garaialde sareko gautxoriak egin dien diosalak. Gurutze Gorriaren egoitzaraino autoz eramatea proposatu die, eta errepideko tarte laburra baliatu du iritsi berriei azalpenak emateko: Harrera Sarekoak San Juan plazan izango direla biharamunean haiei harrera egiteko, lurrean margotutako oinatz berdeei segika iritsi ahalko direla bertara... Liberiakoa da bata, eta Boli Kostakoa bestea. Horixe da beren buruaren inguruan eman duten informazio apurra. Espainiako Estatuan zenbat denbora daramaten ere galdetu die harrera sareko kideak, baina isiltasunarekin erantzun diote. Ez da gutxiagorako, Gurutze Gorrian gaua igarotzerik izango duten ere ez baitakite oraindik. Azkenean, ordea, egoitzaren barrenera eraman dituzte. «Ate horretatik barrura sartzen badituzte, hartu dituzten seinale», azaldu du Garaialdek.

Ez dute guztiek igarotzen atea, ordea. Adin txikikoei, esaterako, ez diete uzten gaua bertan igarotzen, eta adin txikikoentzako zentroetara eramaten dituzte. «Euren ibilbidetik desbideratzen dituzte», dio Garaialdek. Azken asteetan ugaritzen ari da, gainera, Irunera iritsitako migratzaileen kopurua, eta areagotzen, halaber, Gurutze Gorriak artatu gabe uzten dituenen zenbatekoa. Egoitzaren atarian kanpadendak jartzen dituzte horrelakoetan harrera sarekoek, baina udan hala moduzko irtenbidea dena are ahulagoa da negu gorrian.

Izan ere, gordindu egin da egoera Irun eta Hendaia arteko mugan. Migratzaileen erauntsia handitu egin da, baina Frantziak ez ditu arindu COVID-19a dela-eta mugan zorroztutako neurriak. Bestelako pasabideetatik gurutzatzen ahalegintzera behartuta daude, horrenbestez, migratzaileak, eta arrisku handia hartzera. Etsigarria da ondorioa: lau lagun hil dira Bidasoa ibaian eta haren inguruan; azkena, azaroaren 20an —beste hiru hil ziren urrian, Ziburun (Lapurdi), trenak harrapatuta—. «Bide seguruetatik bideratzen ditugu, baina, Poliziak behin eta berriz itzularazten baditu, azkenean litekeena da ibaira salto egitea, edo beste edozer. Gurutze Gorrikoek esaten badiete ezin dutela beste gau bat egoitzan igaro, badakite nahi eta nahiz ez igaro egin beharko dutela», azaldu du Garaialdek. Azkenaldian, batik bat, Kanaria uharteetatik iritsi dira etorkinak, dioenez. Luzaroan atxikiak izan ostean askatu dituztela azaldu du, eta, behin askatuta, ahalik eta azkarren iparraldera joatea izan dela euren helburua.Horregatik, «oso agobiatuta eta oso estresatuta iristen dira», haren esanetan, eta ahalik eta azkarren iparraldera joan nahi izaten dute.

Hilabeteak dira harrera sarea egoeraren larritasunaz ohartarazten ari dela. Azaro hasieran, salatu zuen Frantziak migrazio kontrolak gogortzeak eta Gurutze Gorrian hiru gau baino gehiago igaro ezin izateak «koktel oso arriskutsua» osatzen zutela, eta arrisku handiko erabakiak hartzera behartzen dituztela migratzaileak. Horrekin batera, «sekula baino jende gehiago» ari da iristen, Garaialderen esanetan. «Mugako kontrol gogorrak eta etorkin gehiago, plazatik jende pila bat ari da pasatzen. Oso zaila da guztiek muga pasatzea. Egun batean berrogei baldin badaude, eta horietatik hogei atzera bidaltzen baditu Poliziak, hurrengo egunean Irunen egongo dira egun horretan iritsitakoak gehi aurreko eguneko hogei».

Dena den, muga ez da beti berdin egoten, harrera sareko kideak aitortu duenez, eta kontrol gutxieneko momentuak baliatzen saiatzen dira migratzaileak. Ixtea oso erraza du Poliziak, ordea: «Hiru zubi daude, eta nahikoa da horietako bakoitzean bi agente jartzea». Irun eta Hendaia artekoa muga «oso urbanoa» dela erantsi du Garaialdek, eta igaro nahi dutenei «antsietatea» areagotzen diela horrek: «Bertan ikusten dute mugaren bestaldea».

Duela hiru urte eratu zen Irungo Harrera Sarea, eta taldearen antolaketa eta prestakuntza hobetu bada ere baliabideek ia lehengoan jarraitzen dutela dio Garaialdek: «Ez dagokigun lana egiten ari gara; ez dakigu, eta, gainera, ez dugu baliabiderik». Hiru urtean aldatu egin dira migrazio joan-etorriak, eta aldatu egin da iristen direnen profila ere. Orain asko emakumeak direla dio Garaialdek.

Halaber, denbora tarte horretan harrera sareak eten ez duen lanaren oihartzuna iristen zaie haiei ere. «Lehen, galduago etortzen ziren. Orain, denek dakite zerbait. Oinatz berdeen inguruan denek entzun dute zer edo zer, edo Hendaiara doan ontziaz galdetzen dute plazan». Haiei informazioa iristen zaien moduan Poliziari ere iristen zaiola ñabartu du Garaialdek. «Horrela erretzen dira bideak. Beti erretzen dira».

'Dublinduak' bueltan

Irungo Harrera Sareko beste gautxori batek hasi du bere txanda, Garaialdek azalpenok amaitu dituenerako. Handik gutxira iritsi da Irungo tren geltokira gaueko hirugarren autobusa. Aurrekoa ez bezala, beteta dator, eta motxilak eta zakuak ezer gutxirekin beteta daramatzaten sei gizon gazte jaitsi dira. Haietatik hiru egonak dira Irunen, eta ezagunak zaizkie harrera sarekoen argibideak. Paristik itzularazi dituzte, han asiloa eskatu ostean. Dublindu deritze halakoei, Dublingo Hitzarmenagatik. Itun horrek zera zehazten du: migratzaileak Europako Batasuneko zer herrialdetara iritsi lehenik, herrialde harexek tramitatu beharko ditu asilo eskaerak. Frantziak Espainiara itzularazten ditu handik iritsitako asko eta asko.

Gurutze Gorriak kanpoan utzi ohi ditu egoera horretan daudenak, eta, horregatik, hala gertatuz gero zer egin pentsatzen hasi dira harrera sareko kideak. Hirugarren kide baten mezua jaso dute: «Ez badituzte hartzen, kasu egin». Azkenean, barrura sartu dituzte, erraz antzean.

Harrera sarekoak txanda amaitutzat ematear daudela, beste lau mutil bistaratu dira. Valladolidetik (Espainia) iritsi berriak dira, eta harrera sarekoek margotutako oinatzei segika heldu dira Gurutze Gorrira. Egoitzan hartu dituzte haiek ere.

Eguneko joan-etorrien berri eman diete gautxoriek sareko gainerako kideei: 26 lagun bideratu dituzte gaur. Asteburuaren atarian,ez dute arrazoi handirik pentsatzeko bihar gutxiago izango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.