Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak (PSE) uste du ez dela nahikoa ETAk gaur esandakoa -jakinarazi du "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela duela- eta, gainera, "ez da agiri sinesgarria". Haren arabera, "su-etenen garaia pasatu zen".
"Ezker abertzalearen azken eskaerei ere ez die erantzuten", Aresen iritziz. Egun hauetan El Diario Vasco-k atera du Batasunak eta EAk diotela ETAk "su-eten iraunkorra" eman behar lukeela, eta su-eten hori nazioarteko begiraleek egiaztatu behar luketela. ETAk jakinarazi du duela hilabete batzuk hartu zuela aipatutako erabakia, eta Aresek esan du ezker abertzaleak ere ez zuela izan orduan horren berri, "orain ari delako eskaerak egiten [ETAri]".
Aresen iritziz, ETAk "ekinbide terrorista utzi" beharko luke, eta hori da euskal gizarteak eskatzen duena. "Horixe dioen agiria baizik ez dugu nahi, ez gaurko anbiguo hau". Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "terroristen eta haiek babesten dituztenen kontra segituko du, Zuzenbide Estatuko tresna denak baliatuta".
18:00etatik aurrera prentsaurrekoa eman du sailburuak.
PSE: "Ez da adierazpen zehatza"
PSE-EEren ustez, ETAren adierazpena "ez da nahikoa, eta ez da zehatza, ez duelako epeez hitz egiten eta egiaztatzeaz ez delako mintzo".
Aitortu du "betiere ona" dela ETAk atentaturik ez duela egingo jakitea, eta uste du "egoera honetara iristeko" Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Poliziaren eta Justiziaren jokabidea erabakigarria izan dela.
PSE-EEk dio "aipatu daitekeen prozesu demokratiko bakarra" Espainiako Konstituzioa eta EAEko Estatutua martxan jartzeko haiek izan zirela.
ETA-ren adierazpena. Erreakzioak
Ares: "Ez da agiri sinesgarria, eta ezker abertzalearen eskaerei ere ez die erantzuten"
Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak azaldu du ez dela nahikoa ETAren adierazpena. "Su-etenen garaia pasatu zen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu