Politikan parte hartu ahal izateko, «erabaki asko» hartu behar ditu oraindik ezker abertzaleak, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren esanetan. Aresen irudiko, ezker abertzaleak legezko izan eta politikara itzuli nahi du, eta horregatik dago «gatazkan» ETArekin. Ordea, egindako urratsak ez dira nahikoak, eta oraindik pauso gehiago ematen jarraitu beharko du, haren esanetan.
Ezker abertzalearen pausoak benetakoak direla ziurtatzeko erantzukizunez jokatu beharko lukete alderdi politiko eta erakundeek, Herrizaingo sailburuaren irudiko. Haren iritziz, «oso positiboa litzateke Batasunaren munduak bide politikoaren aldeko apustu argia egingo balu», baina gaineratu du hauteskundeetara aurkezteko azken erabakia Justiziari dagokiola.
Aresek uste du ETAk ez duela armak uzteko asmorik, eta horren inguruan eztabaidatzen aritzea ez dela «onuragarria» indarkeria amaitzeko. Areago, erakunde armatuak indarkeria uzten duela iragartzen ez duen bitartean, «berrantolatzen» segituko duela ziur da.
PSE-PP bilera
PPk ere mezua bidali die ezker abertzaleari eta ETAri. Iñaki Oiartzabal EAEko PPko idazkari nagusiak ezker abertzaleari eta ETAri ohartarazi die ez dela nahikoa izango hauteskundeei begira indarkeria gaitzestea eta su-etena ematea.
Oiartzabalek jakinarazi duenez, PSE-PP itunaren jarraipena egiteko bilera egingo dute datorren astean. Bilera horretan, ETAren aurkako borrokan «gidaritza» hartzeko eskatuko diote Patxi Lopezi. Haren ustez, akordio horri esker «ETA eta haren ingurua inoiz baino ahulago daude». Horregatik, Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari dei egin die «anbiguotasunak» baztertu eta itxaropenik ez sortzeko.
Bestetik, Arantza QuirogaLegebiltzarreko presidenteak kritikatu du «arduragabekeria handia» dela Zapaterok esatea ezker abertzalearen urratsak ez direla alferrik izango. «Susmoa dut mundu horri ez diola atea behin betiko itxiko», salatu du.
Ares: «Ezker abertzaleak erabaki asko hartu behar ditu oraindik»
PPren ustez, ETAren aurkako borrokan «gidaritza» hartu beharko luke Patxi Lopez lehendakariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu