politika

Ares: "Litekeena da su-eten adierazpenen bat ateratzea, baina ez da nahikoa izango"

Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren ustez, "su-etenen garaia pasatuta dago, eta hemen balio duen bakarra ETA behin betiko desagertzea da". Markel Olanok dio ETAren amaiera lortzeko ez dela ezker abertzalea garaitu behar.

2010eko irailaren 2a
13:31
Entzun
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur adierazi du "litekeena" dela ETAren "su-eten adierazpenen bat ateratzea" aurki, "baina ez da inola ere nahikoa izango". Izan ere, Aresen ustez, "su-etenen garaia pasatuta dago, eta hemen balio duen bakarra ETA behin betiko desagertzea da".

El Diario Vasco egunkariak gaur argitaratu du Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ETAk hil honen amaieran su-etena eman dezakeen hipotesia duela.

Ustezko kale erasoak direla-eta Aresek ezker abertzaleko buruzagiei dei egin die "erabat kontra" agertzeko, "politikan egoteko egin omen duten apustu horrekin bateraezina delako indarkeria".

Markel Olano, "aukera politiko denak sistema demokratikoan" sartzearen alde

Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, gero eta gertuago dago ETAren indarkeriaren bukaera, "indarkeriaren zilegitasunaren oxigenoa amaitzen ari delako", baina "ETAren bukaera nolakoa izateak zerikusi handia izango du eraiki nahi dugun etorkizunarekin". Hala, haren ustez, bukaera hori ez da lortu behar "ezker abertzalearen proiektu politikoa garaituta, baizik eta aukera politiko denak sistema demokratikoan sartuta".

ETAk "normalizazio politikoa bahitu" egiten duela adierazi du Olanok, eta erakunde armatuari "gizarteak aurre" egin behar diola. Haren aburuz, ETA amaitu ostean, Euskal Herriak garatzeko aukera handiagoa izango du, eta horretarako erabaki eskubidea lortzea ere garrantzitsua deritzo.

EHUko Udako Ikastaroetan hitzaldia eman du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Donostian. Kultura politiko berria izan da solasaldiaren izenburua. "Gobernatzeko elkarlana" behar dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.