euskal herria

Aresek ukatu egin du Herrizaingo Sailak Cabacasen sendiari dirua eskaini diola

Sailburuak familiaren abokatuaren "manipulazioa" dela esan du. Sendiak uko egin zion ustezko diruari, eta gogor salatu zuen Aresen jarrera.

2012ko uztailaren 11
13:46
Entzun

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gezurtatu egin du bere sailak Iñigo Cabacasen sendiari dirua eskaini izana. Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan, kontua familiaren abokatu Jone Goirizelaiaren "interpretazio maltzur" baten ondorioa dela esan du, eta sendiari "egia ez esatea" leporatu dio. Izan ere, Cabacas familiak oharra kaleratu zuen atzo gauean, Herrizaingo Sailak gaztea zein ertzainak hil zuen jakitea "ia ezinezkoa" dela-eta dirua eskaini diela salatuz. Diru horri uko egin diola jakinarazi zuen, era berean.

Haserre agertu da familia Ares sailburuarekin, hilketa gertatu zenean informazioa agindu zieten arren ez dutelako jaso. Familiak esan du Aresek bere ahulezia erakutsi duela, eta harengandik jaso duten erantzuna kritikatu dute: "Argudiorik eta daturik gabe defenditzen da, hori da egiten duena".

"Ez da egia kasuaren informazioa ematen ez dugunik", erantzun du Aresek. "Izan ere, ni neu agertu izan naiz auzi honen inguruan hizketan parlamentuan, baita orain ere [Bilboko prentsaurrekoan]". Gogorarazi du ikerketa Bilboko 10 zenbakidun instrukzio epaitegiaren eskuetan dagoela.

Saliburuak adierazi duenez, Ertzaintzaren abokatuak Goirizelaia sendiaren abokatuarekin "pasilloko elkarrizketa" izan zuen, eta "kasua administratiboki konpon zitekeelako uste pertsonala azaldu zion". Aresek, hala, hortik "diru eskaintza" egin zela ulertzea "interpretazio maltzur baten ondorioa" dela esanez osatu du bere bertsioa.

Familiaren salaketan, "gezurrik ez"

Aresek Jone Goirizelaia abokatuaren salaketak iraingarriak direla esan zuen atzo ere, faltsuak direla esanez. Goirizelaiak salatu zuen aurretik poliziaren bertsioa indartzeko gertatu zenaren txostenetan "tranpa" egiten ari direla. Aresen erantzunak "beste garai batekoa" dirudiela esan du Cabacasen sendiak oharrean, eta arreta desbideratu nahi duela.

"Garbi dago ez direla iraganeko jarrerak. Hori da lehen erabiltzen zen teknika, eta Aresek orain darabilena arreta desbideratzeko, sakonera sartu gabe. Eta ez da sakonera sartzen, hor dagoena garbi dagoelako". Familiak esan du euren hitzetan gezurren bat badago, esan dezala Aresek zein den.

Ez direla politika egiten ari

Aresek esan zuen familiak politika egin nahi duela, eta hori ere kritikatu du familiak. "Ezta gutxiago ere", adierazi du oharrean. "Aresentzat epaitegien bidea jarraitzea politika egitea bada, orduan bai, garbi izan dezala, politika egiten jarraituko dugula idatzi hau sinatzen dugunok".

Iñigo Cabacas aurten hil zuen Ertzaintzak pilotakada batez, apirilaren 5ean, Athletic-Manchester United Europako Ligako futbol partidaren ostean San Mames inguruan lagunekin zegoela. Herrizaingo Sailak lehen egunetan ez zuen ezer egin, baina azkenean presioak direla eta, gertatutakoa ikertuko zuela esan zuen.

Familiak argitu du ez zela une horretan batere istilurik kalean. Lekukoek salatu zuten Ertzaintza itsuan sartu zela jendearen artera pilotak botatzen, ohartarazi gabe, eta lekukotza hori berretsi dute gero. Gainera, Cabacas artatzera joandako larrialdi zerbitzuak oztopatu zituztela ertzainek ere salatu dute lekukoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.