Argi izpiak bidelagun

'Hitzargiak' topaketak egiten ari dira Hernaniko Orona-Ideo fundazioan, Europako hizkuntza txikiak biziberritzeko proiektuek elkarren berri izan eta elkarlana bultzatzeko.

Galiziera, friulera, voroa eta euskara elkartu zituzten, transmisiorako esperientziak ezagutarazteko. GORKA RUBIO / ARP.
Maialen Unanue
Hernani
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hizkuntza txikiak biziberritzeko egitasmoen berri eman, elkarrengandik ikasi, esperientziak trukatu eta elkarlana bultzatu. Horiexek dira Europako hogei komunitatetatik etorritako eta Euskal Herriko hainbat eragile lantzen ari diren gaiak, Hernaniko (Gipuzkoa) Orona-Ideo fundazioan, Hitzargiak topaketetan. Atzo hasi zituzten, eta gaur amaituko dituzte Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016k antolatutako saioak; guztira, 150 eragile ari dira parte hartzen.

Arlo ugari landuko dituzte topaketetan; horietako bat da Europako hizkuntza gutxituen transmisioa. Zenbait proiektu ezagutarazi zituzten Transmisioa: etxean nola, munduan hala mahai inguruan: euskararekin, friulerarekin, voroarekin eta galizierarekin abiatutakoak, hain zuzen. Guztiek gurasoak eta haurrak dituzte erdigune: esperientzia txikiak izan arren, elkarri bidea argitzeko izpiak partekatu zituzten.

Galiziatik etorritako Nel Vidalek Apego izeneko proiektuaz hitz egin zuen. Iaz abiatu zuten, eta mila familia inguruk parte hartzen dute. Grafiko bat erakutsiz hasi zuen hitzaldia: horren arabera, adinean gora egin ahala, gehiago erabiltzen da galiziera; gazteenek, berriz, gehiago erabiltzen dute gaztelania. Beraz, gazteenei eta, batik bat, gurasoei bideratutako lanketa da eurena.

Iaz 11 udalerrik parte hartu zuten Apego proiektuan; eta aurten, 23k. Guztira, mila herritar inguruk. Hainbat erakundek parte hartzen dute, eta horri esker iristen dira lehenengoz guraso izango direnengana. Hiru zutabe ditu proiektuak: gurasoei mezu positiboak bidaltzea hizkuntza transmiti dezaten, hori errazteko baliabideak eskaintzea eta espazioak prestatzea haurrek galiziera erabili ahal izan dezaten.

Horretarako, hainbat baliabide dituzte: esaterako, haurrei mundura ongietorria emateko kutxa. Barruan, haurrarentzako manta txiki bat, gurasoentzako liburu bat, abestien CD bat eta argazkien album bat eman ohi dizkiete, besteak beste. Herri bakoitzeko hizkuntza teknikariak dira familiekin harremanetan egon ohi direnak, eta horien jarraipena egiten dutenak. Vidal, esaterako, Carballoko Udalean ari da teknikari. Apegon parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da gurasoek izena ematea, «konpromisoa» eskatzen duelako eta «konfiantza giroa» sortzen laguntzen dielako.

Ibilbide luzeagoa du Cressi cun plui lenghis proiektuak —friuleraz, hizkuntza batekin baino gehiagorekin haztea—, eta elebitasunak haurrengan dituen onurak ikusaraztea du ardatz. «Eleaniztasunaren aurkako aurreiritziak borrokatzea da gure helburua», azaldu zuen William Cisilino proiektuko kideak.

Oztopoak oztopo, lanean

Italiako ipar-ekialdeko eskualdea da Friuli, eta lau dira han hitz egiten diren hizkuntzak: friulera, esloveniera, alemana eta italiera. Cisilinok azaldu duenez, Apego proiektuaren antzeko lanketa egiten dute haiek ere, baina ospitalea baliatzen dute materiala familiei helarazteko. Horrez gain, ospitaleko langileentzako prestakuntza saioak ere ematen dituzte,proiektuarekin engaia daitezen.

Friulera da hiztun gehien duen hizkuntza eskualdean: 650.000. Hala ere, eskoletan irakatsi arren, ez dute hezkuntza sistema propiorik: «Eskumena estatuarena da: gureganatzeko ahaleginetan ari gara». Irailean ikerketa bat hasiko dute Friuliko unibertsitatearekin, proiektuaren hedapena neurtzeko.

Xaldun kortin proiektua azaldu zuen Itziar Lurik. Ahozko ondarean oinarritu dute, helduen lekukotasunen bitartez kultur ondare materiagabearen inguruko hainbat gai jasotzen ari dira; tartean, haurrekin erabiltzen den hizkuntzarena. Lurik nabarmendu zuenez, egoera «anitz» dituzte Nafarroan euskararen inguruan: «Ulertzen dutenak, erabiltzen dutenak, ulertu ez baina maite dutenak... Guztientzako materiala landu dugu».

Haren esanetan, euskaldun zaharrek ez dute asmatu haurrei jolasak, ipuinak eta beste transmititzen. Horretarako abiatu zuten proiektua. Hainbat euskarriren bidez, gurasoentzako aholkuak, ipuinak, jolasak eta beste bildu dituzte; euskara teknikarien sarea zabalkunderako tresna garrantzitsutzat dute, baita denda arruntak eta tailerrak ere.

Voroa sustatzeko ekinbideez hitz egin zuen Kadri Koreinikek. Estoniako hego-ekialdeko hizkuntza da, «erdizka araututakoa». Hori bultzatzeko, batetik, Uma Pido izeneko musika jaialdi bat egiten dute hiru urtetik behin, eta, bestetik, hiru CD atereak dituzte; azkena, iaz. Gurasoentzako kutxa ere banatzen dute, baina ohartarazi zuen zailtasunak dituztela banaketarekin: ez dute ospitaleen bidez egiten, eta beste bide batzuk bilatu behar dituzte.

Udalek ematen dute kutxa hori, baina, salatu duenez, askotan ez dute diru nahikorik kutxak ekoizteko, eta, beste batzuetan, ez dute interesik. Informazioa eta materialak gustura hartzen dituzte gurasoek, baina banaketa dute arazo nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.