Pasaiako portua. Kanpoko portuaren proiektua, bertan behera

ARGIA ITZALI ZAIO

Pasaiako Portu Agintaritzak ostegunean utziko du bertan behera kanpoko portuaren tramitazioa. Badiaren lehengoratzea barruko portuaren jarduerarekin uztartzea da orain erronka.

inaki petxarroman
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Gipuzkoaren proiektu izarra izan da denbora askoan, izarrik distiratsuena. Herrialdearen garapen eta etorkizun ekonomikoa haren menpe zegoela ohartarazi dute herrialdeko agintariek hamaika aldiz. Baina, 2009tik, argia itzaltzen eta lausotzen hasi zitzaion, krisi ekonomikoaren lainoa zabaltzearekin bat. Ostegunean, Gipuzkoako Portu Agintaritzako administrazio kontseiluak bertan behera utziko du Pasaiako portu berriaren plan zuzentzailea, eta, horrekin batera, egitasmoaren tramite guztiak eten egingo ditu.

Ondorioz, kanpoko portuaren proiektuari ibiltzen hasteko geratzen zitzaion azken tramitea, Ingurumen Memoriaren Txostena, ezerezean geratuko da. Hain zuzen ere, horretan adierazi behar zuen Espainiako Gobernuak ea proiektua bideragarria den ingurumenaren aldetik. Ez zitzaion trabarik falta. Espainiako Ingurumen Ministerioak garbi azaldua zuen bere jarrera 2011n, proiektuari egindako alegazioetan: «Bueltarik gabeko kaltea egingo luke Jaizkibel eta Uliako naturgune babestuetan. Gainera, ekonomikoki ez da bideragarria».

Ez zen abegikorragoa Frantziako Gobernua proiektuarekiko. Alegazio gogorrak egin zizkion,azpiegiturak eragin nabarmena eduki zezakeelako Lapurdiko kostaldean ere.

Proiektuak ia 5.000 alegazio jaso zituen Euskal Herri osotik, eta gehienek ingurumenaren aldetik kostaldean egingo lukeen kaltea nabarmentzen zuten. 600 alegazio bakarrik ziren alde, eta gehienak enpresek jarritakoak.

Espainiako Gobernuak ez du busti beharrik izango. Pasaiako portuak proiektua baztertu izanak aukera emango dio ingurumenari buruzko azken erabakia ez emateko: alegia, azpiegitura egin zitekeen edo ez. Ez zitzaion erraza izango baietz esatea.

Pasaiako Portu Agintaritzako azken presidentearen garaian, Lucio Hernando sozialistarenean hain zuzen ere, hasi zen haizerik gabe geratzen proiektuaren puxika. Trafikoen beherakada ere nabarmentzen hasi zen. Jendaurrean ez, baina pribatuan, behin baino gehiagotan aitortu zuen Hernandok proiektuak ez zuela aurrera egiteko aukerarik. Alabaina, Jaurlaritzan aldaketa izan eta EAJko ordezkari Ricaro Peña portuaren lehendakaritzara iritsi izanak eman dio azken kolpea proiektuari. Hasiera-hasieratik azaldu zuen Peñak erreparoa proiektuarekiko, Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen sailburuarekin sintonian. Uztailaren 30ean, inor gutxi harrituko zuen iragarpena egin zuen Peñak: kanpoko portuaren proiektua tiraderan geratuko da. Alegia, tramitazioa bertan behera utziko dute. Proiektua egingo ez dela esatera ausartu ez bada ere, tramitazioa moztuta, etorkizunean inork berriro hartu nahiko balu, tramitazioari ekin beharko lioke.

Arrazoi ekonomikoak

Proiektua eteteko azaldu dituzten argudioetan ez da ingurumena aipatu. Hiru dira, nagusiki, Portu Agintaritza erabakia hartzera bultzatu duten arrazoiak. Batetik, trafikoaren apaltzea. Kanpoko portuaren azken proposamenak, Miguel Buen sozialistaren garaian egindakoak, 9 eta 17 milioi tona arteko trafikoa iragartzen zioten. 2013an hiru milioira ere ez zen iritsi portuak mugitutako zama. Trafiko handieneko urtean, 2003an, sei milioi tona mugitu zituen. Aurrera begira egindako aurreikuspenek ere urruti ikusten dituzte kopuru horiek. Hurrengo urteotan hazkunde handirik ez du espero portuak.

Bigarren arrazoia kanpoko portuak aterpetu behar zuen Iberdrolaren ziklo konbinatuko zentralaren proiektua bertan behera geratu izana da. Jakina denez, Jaizkibelen energia polo handi bat egongo zela adierazi izan dute agintariek, besteak beste, barruan funtzionatzen zuen ikatzezko zentralaren ordezko bat, gas naturalera egokitua. Energiaren merkatuko gorabeherek, eta, bereziki, ziklo konbinatuko zentral termikoen krisi larriak, proiektu hori bertan behera uztera eraman du Iberdrola, kanpoko portuak zuen bigarren hankarik sendoena herren utzita.

Azken arrazoiak finantzaketarekin dauka zerikusia. Kanpoko portuaren zati handi bat etxebizitzen salmentarekin estali behar zen. Alabaina, etxebizitzen merkatuaren erorketak guztiz zalantzan utzi zuen behi saltzailearen ipuinarekin zerikusi apur bat zuen egitasmo hori.

Finantzaketari dagokionez, gainera, proiektuaren beraren azken bertsioak 750 milioi euroko kostua iragartzen bazuen ere, aditu gehienen arabera, oso behetik jota zegoen kostu hori. Joxe Joan Gonzalez Txabarri jeltzaleak, esaterako, Pasaiako Portu Agintaritzako presidente zenean 2.500 milioi inguruko aurrekontua aurreikusten zuen, 2008an. Miguel Buenek portuaren egitasmoa erdira txikituta (lur okupazioa, trafikoa eta abar) 750 milioi euro aipatu zituen. Diru asko bazen ere, askoz ere gehiago kostatuko zen portua. Esate baterako, Coruñako (Galizia) kanpoko portua 370 milioitan adjudikatu zuten, eta 700 milioiko gastua gainditu du jadanik, proiektuaren amaieran.

Abisua emana zuten adituek. Argigarria izan zen Jose Ramon de la Fuente Bilboko portuko zuzendariak 2009an esana: «Kontuak egingo zituzten, eta ez naiz sartuko. Baina obra hori oso serioa da: 20 metroko sakonera duzula, itsasoari eremua irabazi behar zaio... Guk badakigu zer den hori, 30 urte daramatzagu eta... Zaila da, zeren ekaitza dator, eta egindako guztia birrintzen dizu».

Badia barrura begira

Kanpoko portuaren proiektua K.O. teknikoan zegoen. Jadanik inor ez zen ausartzen haren alde apustu egitera. Hala, hankak berriro lurrean jarri, eta badia barruko portuari begira jarri da Pasaiako Portu Agintaritza. Aurtengo udaberrian hasitako iritzi biltze baten ondorioak urrian jakinaraziko dituzte. LKS enpresak gidatu du iritzi biltzea, eta erakunde ugarik parte hartu dute. Baina, gonbita izan arren, Pasaiako Udalak ez du parte hartu.

Oraingo borroka portu barruko lur horietan baitago. Bereziki, Herrerako eremuan. Pasaiako herritarrek eta udalak urte askotan pilatutako gabeziei aurre egiteko behar dute eremu hori, ekipamenduetarako, aisialdirako, arnasa pixka bat emateko Gipuzkoako dentsitate demografiko handiena duen eremu zigortu horri. Portuak dio lur batzuk uzteko prest dagoela, baina «gehiena» beharko duela. Udalak eta herritarrek uste dute Herrerako orube horretan portuak ez duela ia ezer behar. Borroka hasi da, eta ez da erraza izango. Baina Pasaia aldeak urte asko itxaron behar izan du, besteak beste kanpoko portuaren distira itzaltzeko hogei urte behar izan direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.