«Ez dut barkamenik nahi. Nahi dudana da Elizak eta instituzioek baliabideak jartzea horrelakorik berriro ez gertatzeko». Horrela mintzo da Isabel Barrutia, Elgoibarko (Gipuzkoa) taberna bateko terrazan. Kafea hoztu zaio jada, eta ahotsa lasaitu. 12 urte zituenean bizitakoa kontatzen amaitu duenean esan ditu hitz horiek. Adin hori zuenean —1960ko hamarkada amaieran— elizako abade batek sexu abusuak egin zizkiola kontatu du; baina 40 urte izan zituen arte ezin izan zuen barruan zeramana hitzekin adierazi: «Asko eragin zidan».
Ikusi gehiago:Bilboko gotzainak esan du Elizaren sexu abusuen biktimei barkamena eskatzea ez dela nahikoa
1966. urtean egin zion eraso apaizak; Don Andoni esaten zioten, eta Elgoibarko elizako apaiza zen garai hartan, baita eskolako latineko irakaslea ere. Andereño Anitaren eskolan ikasten zuen Isabel Barrutiak; Elgoibarko San Roke auzoan zegoen eskola txiki bat zen. Bertan bizi zen Andereño Anita, eta beheko pisuan ematen zituen eskolak.
Ikusi gehiago:Sexu abusuak egin izana aitortu du Bermeoko abusatzaileak
Latina, ordea, Don Andonik ematen zien. «Egun batean, nik ez nekien lezioa, edo ez nuen ondo erantzun, edo erantzunarekin ez nuen asmatu... edo ez dakit zer gertatu zen. Eta esan zidan zigortuta nengoela, eta bere etxera joan beharko nuela igandean, latineko lezioa ondo ikasteko», kontatu du. Elgoibarko San Frantzisko kalean bizi zen apaiza orduan, apopilo.
«Haren etxera joan nintzen igande hartan. Sartu nintzen, eta esan zidan bere gainean esertzeko. Eskua sartzen hasi zitzaidan izterretatik, eta ukituak egiten. Ni beldurtuta nengoen, paralizatuta. Esaten dudanean 'paralizatuta', hori da: guztiz paralizatuta».
Garai hartako pentsaerak nabarmen eragin ziola azaldu du: «Noski, garai hartan sexualitateari buruz ez genekien ezer... oso inuzenteak ginen. Niretzat, apaiza aginduak ematen zituena zen, eta ezin zen hori zalantzan jarri».
Etxera joan zen handik. Baina oroitzen du bizitakoak eragin zion kaltearen ondorioz ezin izan zuela inorekin hitz egin: «Etxean ez nuen ezer kontatu, ezta nire lagunekin ere. Niretzat oso gogorra izan zen. Ez nuen ulertzen zergatik justu niri hori egiten zidan gizon batek. Gizon bat, eta, gainera, Elizako gizon bat».
Ikusi gehiago:Joan Paulo II.a, susmopean: pederastia estali izana leporatu diote
Hurrengo eguneko klasean, apaizak berriro esan zion bere etxera joan behar zuela. «Orduan esan nion: 'Baina zure etxera?'. Eta hark esan zidan: 'Evidente». Nik, orduan, evidente hitza (agerikoa) ez neukan entzunda, eta orduan begiratu nuen hiztegian. Eta jartzen zuen: evidente, sinónimo no patente. Eta orduan nik esan nuen: 'Ba orduan ez, orduan ni ez noa'».
Igandean joan ez zelako, «amorratuta» zegoen apaiza hurrengo astelehenean. «Nik esan nion hiztegian irakurri nuena, eta hori irakurrita pentsatu nuela ez nuela bere etxera joan beharrik». Hori entzutean, berriro zigortu zuen Don Andonik. «Esan zidan eskolaren aurrean zegoen auzo batera joan eta bertako errepidean belauniko jartzeko, besoak gurutzatuta. Eta berak esan arte ez zutuntzeko. Harri koxkorrez beteta zegoen bidea, baina han egon nintzen, belauniko».
Barrutiak kontatu duenez, auto bat pasatu zen orduantxe. «Bozina jo zidan, baina, apaizak ez mugitzeko agindu zidanez, hor geratu nintzen, geldirik». Ondoko baserrikoa zen autoko gizona, eta beragana joan zen, zertan zebilen galdetzera. Neskatoak gertatutakoa azaldu zionean, apaizarengana joan zen gizona: «Harekin eztabaidatu zuen, eta, orduan, Don Andoni niregana etorri zen, eta jaikitzeko esan zidan; baina, horren ordez, zigorra bere etxean bete beharko nuela. Esan zidan: 'Baina etorriko zara?', eta nik orduan ez dakit nondik hartu nuen indarra, baina ezetz erantzun nion. Eta hark: 'Esan dizut nire etxera etorri behar duzula'. Eta nik: 'Ez'. Ni negar batean nengoen, eta orduan hark: 'Ba, orduan igande guztietan zigortuta egon beharko duzu eskola profesionalean'».
Eskola profesionala Andereño Anitaren eskola baino gorago zegoen, Elgoibarren, eta bertan egon zen igandeetan zigortuta aste batzuez: «Beste ikasle batzuk ere bazeuden, denak mutilak».
Elgoibartik desagertuta
Don Andonik ez zion bere etxera gehiago joateko agindu, baina Barrutiak hurrengo urteetan izan zuen antzeko beste kasu batzuen berri. Apaizak klasekide batzuei igandeetan bere etxera joateko agintzen ziela ikusi zuen, eta horietako baten ama Andereño Anitarengana joan zen kexaka, zigor horren ondoren. «Handik gutxira, Don Andoni desagertu egin zen Elgoibartik», esan du Barrutiak. Elizak horrela jokatu izan zuen urteetan: apaiz baten abusu kasuren baten salaketak iritsiz gero, beste leku batera aldarazi ohi zuten, salaketa gehiago hauspotu gabe.
Garai hartan Elgoibarren bizi ziren zenbait herritarrekin hitz egin du egunkari honek, eta baieztatu dute «gauza jakina» zela Don Andonik «eskua sartzen ziela» umeei.
Barrutia ere, bere kasuaz hitz egiten hasi zenean, ohartu zen jende askok zuela horren berri: «40 urterekin hasi nintzen hitz egiten, eta konturatu nintzen jende guztiak zekiela hori gertatzen zela. Nik ez dakit orduan Eliza non zegoen. Hori vox populi bazen, nola geunden umeak hor abandonatuta? Ze umeak ginen. Oraindik, 12-13 urterekin, umea zara, eta, gainera, guztiz inkontzienteak ginen». Azaldu duenez, guraso batzuek, gertatzen zenaz ohartuta, Don Andonik seme edo alabaren bat zigortzen bazien, umeei esaten zieten zigorra ez betetzeko.
Kasu gehiago
BERRIArekin hitz egin duen Elgoibarko beste emakume batek ere gogoan du Don Andoni. Lekuko horrek ez du izena eman nahi izan, baina azaldu du umea zen garaian nola Don Andonik etxera deitzen zituen haurrak, «argazkiak» egiteko aitzakiarekin. Irudi bat «grabatuta» dauka gogoan: «Inoiz ez zait ahaztuko nola sartu zion behin lagun bati eskua gona azpian».
Lagun artean askotan hitz egin dute gai horri buruz, eta guztiek daukate gogoan apaizak umeei sexu erasoak egiten zizkiela: «Guztiok gara kontziente horretaz, baina hitz egin dugun lagunen artean behintzat, inork ez du gogoratzen berari gertatu izana».
Urte batzuk geroago, Donostiako Altza auzoko lagun batek esan zion Elgoibartik alde egin ondoren «Altzako eskola batean» ibili zela Don Andoni. Eta lagun horrek jakinarazi zionez, han ere ezaguna zen, mutilei «egurra» ematen zielako, eta neskei «eskua sartu».
Geratzen zaion kafe hondarra amaitu du Barrutiak. «Beste batzuei laguntzeko» eman du pausoa, gertatutakoa kontatu eta publikoki salatzeko: «Nire kontakizuna herri honen historiako zati bat baino ez da. Kontatu behar da, berriro ez gertatzeko».
Uste du kontatzea lagungarri suerta dakiekeela antzeko egoeratan daudenei. «Uste dut nik 12 urte nituenean horrelako testigantza bat irakurri izan banu indarra emango zidala. Norbait ari baldin bada horrelako sekretu bat zamatzen eta bakardade horretan sentitzen bada, berdin dio Elizaren inguruan edo beste nolabait gertatuta, jakin behar du ez dagoela bakarrik, eta ez diola bere buruari galdetu behar zergatik gertatu zaion berari: bera ez da-eta erruduna».
Herrarik gabe kontatu du gertatu zitzaiona; ez dio gorrotorik apaizari. «Batek daki berak ere seminarioan zer biziko zuen. Eliza instituzio itxi eta klasista da, eta orduan gehiago, baina garaian garaiko gizarteak eusten dio. Eta gizartea guztiok gara».