Argitasun eskea, Bruselaraino

Burujabetza auziak konpontzeko jardunbide onen kodea EBko instituzioetara eraman dute. Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Bruselan nola eragin aztertu dute eurodiputatuek

François Alfonsi, Pernando Barrena, Izaskun Bilbao eta Joxerramon Bengoetxea, pantailan Neus Torbisco dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
Donostia
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan, Europako Batasunaren etorkizunari buruzko konferentzia egiten ari dira EBko instituzioetan, eta gogoeta horretan txertatuta dago burujabetza auziei buruzko eztabaida. Horretarako sortu zen Autodeterminazioaren Aldeko Caucusa europarlamentarien taldea, eta taldeko kideek eskaera bat berretsi dute Donostian: Europako instituzioek garatu ditzatela burujabetza gatazkak modu demokratikoan konpontzeko mekanismo eta arauak.

Europako Batasuna subiranotasun gatazken aurrean: argitasun marko baterantz izenburupean, jardunaldiak antolatu ditu Eusko Ikaskuntzak, Europako Parlamentuko GUE/ENGL eta Renew Europe taldeekin elkarlanean. Eusko Ikaskuntzak 2020ko azaroan aurkeztu zuen burujabetza gatazken konponbiderako jardunbide onak jasotzen dituen oinarrizko dokumentu bat, nazioarteko dozenaka adituren arteko elkarlanean ondua, eta, testuinguru horretan, horri lotutako galdera bati erantzun diote europarlamentariek gaurko saioan: Europaren etorkizunari buruzko konferentziaren ondoren, zer ekinaldi planteatu daitezkeen Europako Batasunean, argitasun esparru bat sustatzeko. Zazpi parlamentarik hartu zuten hitza atzoko mahai inguruan: François Alfonsik (Korsika), Jordi Solek eta Toni Cominek (Katalunia), Maria Eugenia Rodriguez Palopek (Espainia), Chris McManusek (Irlanda) eta Izaskun Bilbao eta Pernando Barrenak (Euskal Herria).

Txosten hori EBren etorkizunari buruzko konferentziara eraman dute europarlamentariek, eta izan du oihartzuna: Soleren esanetan, Europako demokraziari buruzko azpitaldearen esku dago gaia, eta lantalde horretan «gehien babestu den ideia» izan da autodeterminazio eskarien aurrean argitasun mekanismo bat ezartzea: «Segur aski, azken dokumentuan gai batzuk jartzeak eskatuko du tratatuak aldatzea. Posible izan beharko luke horiei bide ematea».

Bilbao eta Barrena bat datoz diagnostikoan: Europako konferentzia «aukera» gisa hartu zuten; Bilbaorentzat, konferentziaren ondorioetan burujabetza auziak konpontzeko beharra jasotzeko: «Aukera bat da estatu kideen blokeoa apurtzeko. Guk proposamen hau erantsi dugu; aukera honetan dauzkagun mekanismo guztiak artikulatzen ari gara. Hemen auzi politiko bat dago, eta borondate politikoa baldin badago, konpondu daiteke». Horrek aurrera egingo ez balu, beste proposamen bat leukake Bilbaok: herri ekinaldi legegileak aurkeztea: «Tresna guztiak erabili behar ditugu borondate politikoa lortzeko». Barrenarena, berriz, analisi gazi-gozoa da: uste du konferentziak balio izan duela argitasun mekanismo baterako proposamena mahai gainean jartzeko, baina, aitzitik, «gabezia» bat nabarmendu du: «Ez dakigu konferentziaren ondorioekin zer egingo den; lotesleak izango diren».

Beraz, proposamena Bruselan dago, eta eztabaida martxan da. Ikusteko dago, ordea, zer egingo den eztabaida horrekin eta haren ondorioekin. Europako Batasunaren sorrerarako printzipio eta balioei erreparatu die Cominek: horien arabera, estatuek beren konstituzioen interpretazio «irekia» egin beharko lukete, Kanadako Gorte Gorenak egin zuen bezala: «Konferentzian hau azaldu behar dugu: interpretazio irekirik egin ezean kontraesan handi bat dagoela, eta Europak ardura daukala kontraesan hori metastasi bilaka ez dadin».

Tresna juridikoak

Laurogei bat adituk landu zuten Eusko Ikaskuntzak 2020an aurkeztutako txostena, eta horietako batzuek parte hartu dute saioan, eztabaida politikoaren aurretik, burujabetza gatazkez eta horien konponbideaz ikuspegi akademikotik jarduteko. Horiek horrela, Francesco Palermo Eurac Federalismo Konparatuko Institutuko ikertzailearen arabera, «beharrezkoa» da burujabetza gatazkei erantzun juridiko bat ematea: «Badaude tresna legalak barne araudian eta nazioarteko legerian; sormen pixka bat beharrezkoa da». Tresna horiek «behar bezala» erabiltzeak eragin dezake lurralde gatazkei konponbide baketsu bat ematea, Palermoren hitzetan. Bat dator Gemma Ubasart Gironako Unibertsitateko irakaslea ere: «Kanadako espirituarekin eta aukera ugari mahai gainean daudela, nondik jo beharko luke Europako mekanismo batek, eta nola islatu beharko litzateke lurralde gatazkak dituzten estatuetan? Bideak bilatu behar ditugu nazioarteko legerian eta barne legerian. Bideak badaude». Bide horretan, Juanjo Alvarez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, Europako Batasunak badauzka eskumenak gaiari heltzeko: «Momentu bikaina da Europak modu bat planteatzeko lurralde gatazkei konponbide demokratiko bat emateko».

Jardunaldiaren hasieran, Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako Prospektiba eta Proiektu zuzendariak Ukrainako gerrari aipamen eginez hasi du bere hitzaldia, nabarmenduta subiranotasun gatazkek ez dutela «derrigor» gerra batean amaitu behar, eta burujabetza gatazkak konpontzeko prozedura demokratikorik ezak eragiten duela gatazken adierazpide biolentoa: «Prozedura demokratikoan dago irtenbidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.