Eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenarekin lotura dutenak Gasteizen zenbateraino betetzen diren jakin nahi du Argituz giza eskubideen alde lan egiten duen elkarteak, eta, horretarako, jardunaldi batzuk egingo ditu hirian bertan, datorren ostegunean, ostiralean eta larunbatean, Ignacio Aldekoa kultur etxean. Juan Ibarrondo irabazi asmorik gabeko elkarteko kidearen esanetan, jardunaldi horiekin oinarriak jarri nahi dituzte Gasteizen eskubide sozialen behatoki bat sortze aldera. Donostian ere jardunaldiak egingo dituzte asteon, Memoria eta egia jakiteko mekanismoak. Esperientzia lokalak eta globalak izenburupean, eta Bertha Gaztelumendi Argituz-en bozeramailearen arabera, Gipuzkoako hainbat herritan alor horretan aurrera eramandako prozesuak aztertuko dituzte, Arrupe aretoan.
Ostegunean hasiko dira Arabako hiriburuan egingo diren jardunaldiak, eta, sarreraren ondoren, eskubide sozialen panoramika bat eskainiko du, bideokonferentziaz, Christian Curtis NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoko aholkulariak (17:30). Ordu erdi geroago, Eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenarekin lotutakoak: bigarren mailako eskubideak? hitzaldia emango du Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak. 18:45ean, Eskubide sozialekin lotutako behatoki baten beharra eta funtzionamendua hitzaldia emango du Irene Escorihuela Bartzelonako Eskubide Sozialen Behatokiko zuzendariak.
Ostiraleko egitaraua Argituz-eko Ibarrondok eta Felix Iriartek irekiko dute (18:00), Manzanares Cortes txostena aurkeztuz, zeina baita «praktika txarren adibide bat» eskubide sozialen ikuspuntutik. 19:00etan mahai ingurua egingo dute, eskubide sozialak Gasteizen betetzen ote diren aztertzeko.
Larunbatean (11:00) bisita gidatu bat egingo dute Gasteizko Alde Zaharrean. Gentrifikazio prozesuei eta etxebizitza eskubidearen gaiari helduko diete.
Alkateekin mahai ingurua
Donostiakoak ostiral arratsaldean eta larunbat goizean egingo dituzte. Lehen egunean Jon Mirena Landa EHUko Zuzenbide katedraduna mintzatuko da, besteak beste (16:15). Egia ezagutzeko mekanismoak: helburuak, praktika eraginkorrak eta etorkizuneko aukerak hitzaldia emango du.
Bigarren egunean, 10:00etan, Memoria partekatu bateranzko txostenak izenburupean,mahai ingurua egingo dute Gipuzkoako hainbat herritako alkateekin—Aizpea Otaegi (Errenteria), Agustin Valdivia (Lasarte-Oria), Ane Beitia (Elgoibar), Maider Lainez (Andoain), Maria Ubarretxena (Arrasate) eta Koldobike Olabide (Legazpi)—.
Argituz-ek eskubide sozialen behatoki bat egin nahi du Gasteizen
Giza eskubideen aldeko elkarteak jardunaldi batzuk egingo ditu asteon Gasteizen eta Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu