Datuen bilakaerarekin bezala, gero eta korapilatsuagoa da jakitea zein diren konfinamenduaren arintze prozesuan tokian-tokian indarrean dauden baldintzak eta neurriak. Iragartzen direnetik ezartzen direneraino tarte bat pasatzen delako, batzuetan iragarritakoa ez delako buletinean argitaratzen, batzuetan arau orokorrei salbuespenak edo murrizketak ezartzen zaizkielako, batzuetan baldintzak autonomia erkidegoen eta Madrilgo gobernuaren artean negoziatzen direlako...
Faseen baldintzak. Egungo korapiloa lehen fasetik bigarren fasera pasatzearekin lotuta dago. Oraindik zehaztu gabe daude bigarren faseko behin betiko baldintzak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bigarren fasera pasatzea eskatu dute, baina ez dute argitaratu Madrilen aurkeztutako txostena. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, jakinarazi du bigarren faserako egokiak iruditzen zaizkion ezaugarriak. Adibidez, Jaurlaritzak proposatu du tabernak eta elkarteak %50eko aforoarekin irekitzea. Aisialdi eta kulturguneak ere %50eko aforoarekin irekitzea nahi du Eusko Jaurlaritzak. Espazio irekietan, gehienez 500 lagunentzako edukiera aurreikusi du, eserita eta distantziak bermatuta.
Deialdiaren ajeak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde deialdiaren dekretua aldizkari ofizialean argitaratuta, epeak kontatzen hasi dira. Alderdi politikoek maiatzaren 20tik 27ra bitartean izendatu beharko dituzte ordezkariak Hauteskunde Batzordearen aurrean. Posta bidez bozkatu nahi dutenek gaurtik uztailaren 2ra arte eskatu ahal izango dute. Hauteskunde Batzordeak lan asko izango du, uztailaren 12ko hauteskunde prozesuan neurri berezi asko iragarri direlako.
Deialdiaren biharamunean, alderdi nagusiek desadostasunak berretsi dituzte. Hauteskundeak egiteko baldintzen inguruko eztabaidak aurrera jarraitu du. Erkorekaren ustez, uztailaren 12an bozkatzea "arduratsua eta kontsekuentea" da. Otegiren ustez, "arduragabekeria" da pandemia baten erdian hauteskundeak egitea. Kanpainaren iraupenari buruzko eztabaida ere irekita dago. PSE-EEko Miguel Angel Moralesek uste du "neurri egokia" izan daitekeela kanpaina laburtzea. Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategiren ustez, berriz, "demokrazia iraintzea da".
Bigarren bozaldia. Ipar Euskal Herrian, martxoaren 15ean egin zen herriko bozen lehen itzulia. Bigarrena bertan behera geldu zen. Frantziako batzorde zientifikoak ez du ozoporik ikusten herriko bozak ekainean egiteko. Beraz, baliteke ekainean izatea bigarren bozaldia. Gobernuari dagokio data jartzea.
Gaurko datuak. Izurriaren eguneko zenbakiak apalak dira beste behin. PCR test bidezko positiboak 39 izan dira (EAEn 15, eta Nafarroan 24). Nafarroako datua pixka bat altua da beste herrialdeekin alderatuta, baina Nafarroan ez dute inor ospitaleratu azken bost egunotan COVID-19 gaitza dela eta. EAEn, berriz, lau pertsona ospitaleratu berri dituzte azken 24 orduetan. Halaber, beste hiru hildako izan dira, hirurak EAEn. Hildakoen kopuru metatua 1.984ra iritsi da Euskal Herrian.
Kulturaren galerak. COVID-19ak kultur sektorean izandako eraginari buruzko lehen txostena plazaratu du Kulturaren Euskal Behatokiak. Txosten horren arabera, aurreikusi baino %40,8 txikiagoak izango dira kultur eragileen urteko diru sarrerak.
AGIAN HONEK ERE MEREZI DU
Pentsaldian. Gogoeta eta analisirako tarte berri bat abiatu du BERRIAk, Pentsaldian izenburukoa. Sei analista, sei esparru. Egunero koronabirusaren ondorioak aztertuko dituzte. Lehendabiziko alea Joseba Barandiaran ekonomilariak jarri du, Ni ez naiz bizi baserrian izenburuko artikuluarekin.
Kaleko arnasa. Lehen faseko lehen astea pasatuta, bi hiruburutako bizimoduan izandako aldaketek kalean utzitako arrastoari jarraitu diote bi kazetarik. Batetik, Bilboko giroa jaso du Gotzon Hermosilla kazetariak. Bestetik, Iruñeko arnasa bildu du Joxerra Senar kazetariak.
Oharra: eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.