Joseba Barandiaran Andueza.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Ni ez naiz bizi baserrian...

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Animalien erdian, kanta gogoratzen? Gurean gutti dira baserrian bizi direnak, are gutxiago baserritik. Itsasotik bizi direnekin ere, apenas izango diren landunen %5. Zergatik diot hau?

COVID-19ak astindua eman digun honetan, gelditu (sentitu), hausnartu (pentsatu) eta ekiteko garai ona dugu. Porrotxek, Gure Esku Dago-k eta hainbatek iradoki bezala. Hau zer krisi mota den, nolatan gertatu zaigun halakorik eta, aurrera, norantz jo behar genukeen, ekonomiari dagokionez.

Alde horretatik: baserrian biziko bagina, nekazaritzatik, iraupen ekonomia bagina, hilabete bateko edo biko etenak ez luke berealdiko kalterik eragingo gugan. Hiru metroko elurteak etxean konfinatuta lagako bagintu, etxean nahikoa egur, kandela eta jaki izanik, oilo, azienda eta beste, geure buruari eusteko lain izango genuke. Gizakion bizitzan bi hilabete ez da deus, eta halako etenak ez luke atzeraezineko kalterik ekarriko. Jakobak esango liguke halako ilgora edo ilbehera ona zatekeela baratzean lan hau edo hura egiteko... baina, oro har, erraz antzean berrekingo genioke, gutxi-asko, ohiko martxari.

Ekonomia moderno eta arrunt konplexu bat osatzen dugu, ordea. Inork zalantzarik bazuen, ezinbesteko diren baino askoz ondasun eta zerbitzu gehiago ekoizten eta kontsumitzen dugu. Eta hori ahalbidetzen duen ekonomia ez da bere horretan txarra, alderantziz: espezializazio eta lanaren banaketaren ondorioz, mediku, erizain, ikertzaile, garbitzaile, tabernari, bertsolari, informatikari edo ile apaintzaile jardun liteke hainbat lagun.Ainhoa Etxaidek esango dit, arrazoiz, lana eta enplegua bi gauza direla. Ados. Baina «esentzial» ez omen diren enpleguak ere posible egiten ditu gure ekonomiak, eta, horren bidez, norbere ortuko azena baino menu askotarikoagoa dugu aukeran, eta jarduera profesional nahiz pertsonalerako, aukera arras zabalagoa. Horrek gizakion bizi esperantza inoizko altuena izatea ere eragin du, besteak beste, mendeen joanean; ezagutzak, teknologiak, zientziak... hala ahalbidetuta.

Beraz, birpentsatu dezakegu gure ekonomia. Baina ez guztia kareletik botatzeko. Birusa ez da elurtea, eta geu ez gara, oro har, baserritar. Gizarte konplexuon azterketan arrazoibide sinpleegiek kalte eginen digute. Naturak koronabirus hau ez du gu zigortzeko sortu; @uhandrea-ri ere irakurri diogu, zoonosiak eta epidemiak milaka urtean izan direla gurean. Besterik da biodibertsitatearen gutxitzeak eta globalizazioak, ondasunen (eta zenbait pertsonaren, tartean turisten) harat-honat azkar ia mugagabeak, gaixotasun mota baten hedapen oso azkarra ahalbidetu duela, munduko txoko ia guztietara arrapaladan helarazteraino. Baita pandemiaren (ia) online jarraipena ere. Gutxi-asko, 2020 COVID-19aren urtea izango da mundu osoan. Eta hark eragindako etenak ondorio kaltegarriak izango ditu, osasunaz harago, ekonomia guztietan; iraunkorrak edo ez, handi edo txiki, denborak esanen du. Ongi etorri, beraz, globalizazioa (eta ez finantzak) dela medio sortutako lehen krisi ekonomiko orokorrera: 1936ko guda zibiletik euskal ekonomia (baina baita mundukoa) bortitzen jo duen gertaera ez-ekonomikora. Epidemiologoren batek akaso esperoko zuen; baina ez dut ekonomialaririk ezagutzen honi usainik ere hartua zionik. #etahorihalada; gure herri eta hirietatik, sar gaitezen #pentsaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.