Gasteizko epaitegi batek ikerketa bat abiarazi du argitzeko Ertzaintzaren Arkautiko akademiak filtrazioren bat egin ote duen oposizioko azterketen inguruan. Ertzain izateko trebakuntza ikastaroak ematen dituen akademia batek egindako sakaleta publikoak eragin du epaitegiaren erabakia. Ertzain eta udaltzain izateko azken lan eskaintza publikoan (LEP), aurreko udan, hamarretik bederatzik ez zuten gainditu azterketa teorikoa eta psikoteknikoa. 650 lanpostu eskaini zituzten, eta 3.609 hautagaietatik soilik 380k egin zuten aurrera.
Ertzainak trebatzeko bi akademiaren arteko gerra bat iritsi zen gero, elkarri akusazioak egiten hasi baitziren. Azkenerako, Gasteizko akademia batek epaitegira jo zuen salaketa jartzera. Sare sozialetan, akademia horretako arduradunak salatu zuen haren lehiakideak «informazio pribilegiatua» izan zuela ikasleak trebatzeko, eta «kartak markaturik» zeudela LEP hartan. Haren arabera, Arkautiko akademiako arduradunek informazioa atera zuten, eta delituak egin ote diren ere planteatu zuen. Ikasle batzuek abantaila izan zuten LEP horretan, salatzailearen ustez.
Bazkideak ziren
Akademia horretako arduradunaren salaketa tramiterako onartu du epaitegiak, argitzeko salaketa horiek ba ote duten oinarririk. Azken hilabeteetan, ertzain izateko zenbait hautagai ohiren akusazioak ere egon dira, ustezko irregulartasunak direla eta. Arkautiko zuzendari ohiak ere neurriak ezarri nahi izan zituen azterketen zaintza katea blindatzeko, kargua utzi aurretik.
Batera edo bestera, epailea lekukoak deitzen hasi da, deklara dezaten, eta salaketa jarri duen akademiako arduradunak uste du probak badituela erakusteko bere lehiakideak pribilegioak izan zituela. Iraganean bazkideak izan ziren orain epaitegian aurrez aurre dauden akademia bi horien jabeak.